Hileko artxiboak: ekaina 2014

60ko hamarkadan hasi zen euskararen berpizkundea

60ko hamarkada mugarria izan zen euskararen bizi-iraupenean; une hartara oso ahul iritsi zen, eta hamarkada hartan gorako bideari ekin zion. Garai haiek aztertu ditu aste honetan ‘Tribuaren Berbak‘ ETB1eko saioak.

 

Joseba Intxausti historialaria Kike Amonarrizekin

Joseba Intxausti historialaria Kike Amonarrizekin

Joseba Intxausti historialariak Kike Amonarrizi esan dionez, euskal gizartea garai hartan ere ez zegoen geldik, aurrera begira zegoen. Gazteek ez zuten Gerra Zibila ezagutu baina bizi zen egoera hura gainditu nahi zuten. Eta Gerra galdutakoek ere euskalgintzaren motorra aurrera eraman nahi zuen, gerra aurretik bezala. Eta horrela, euskaraz arituko ziren irratiak, argitaletxeak, ikastolak, kantagintza eta abar sortzen hasi ziren.

 

Kontxita Beitia, lehen ikastoletako andereñoa

Kontxita Beitia, lehen ikastoletako andereñoa

Ikastolen sorrerak garrantzia handia izan zuten euskararen berpizte horretan. Kontxita Beitia lehenengo ikastola haietako andereñoa izan zen. Donostiako Gros auzoko bere etxean eman zituen lehen eskolak eta gogoan du parrokien babespean sortu zirela herri askotan ikastolak; izan ere, legeak begiratzen hasita, Aita Elizegik Korkordato bat aurkitu omen zuen eta bertan argi jartzen omen zuen Elizak bere babespeko eskolak izan zitzakeela. Horri esker eta apaiz euskaldun askori esker, “parrokia eskolak” bezala sortu ziren ikastola asko.

Ondoren, “Andereñoen erresidentzia” sortu zutela gogoratzen du, andereño izango zirenei formazioa emateko, eta izen handiko irakasleak izan zituztela han ibili ziren andereñoek: Joxe Miel Barandiaran, Juan Mari Lekuona eta abar…

Argitxu Noblia, Seaskaren sortzailea

Argitxu Noblia, Seaskaren sortzailea

Seaska ere antzera sortu zela esan dio Argitxu Nobliak Kike Amonarrizi. Senarra Amezketakoa zuen Argitxuk, eta ez zekien frantsesez. Harekin eta haren familiarekin komunikatu ahal izateko euskaraz ikasi behar zutela bere haurrek konturatu zen eta, hala, irakasle baten laguntzaz bere seme-alabekin hasi zen. Inguruko familietan hori ikustean, euren haurrak ere bidaltzen hasi ziren eta halakoxea izan zen Seaskaren sorrera.

 

Andoni Sagarna euskaltzaina

Andoni Sagarna euskaltzaina

Euskalduntze eta alfabetatzea ere 60ko hamarkadan hasi zen. Andoni Sagarna euskaltzainak garai hartan euskara egoera tamalgarrian zegoela gogoratzen du: euskaldunen artean ere hitz egiteko lotsa eta beldurra antzematen omen zen. 1965ean, Jon Oñatibia AEBetatik etorri berria omen zen. Han gaztelania irakasteko metodo bat landu omen zuen eta, hona etortzean, euskara ikasteko metodoa sortu zuen. Hark hainbat irakasle hezi  zituen eta horrela hasi ziren euskara irakasten.

Alfabetatzea, berriz, Jarrai antzerki taldearen ekimenez etorri omen zen. Hango kideek egin zioten proposamena Euskaltzaindiari Sagarnaren hitzetan, inork ez baitzuen eskola jaso euskaraz, eta irakurtzen eta idazten ikastea garrantzitsua ikusten zutelako.

60ko hamarkadako kultur produkzioari dagokionez, Jose Angel Irigaray idazleak asko produzitzen zela euskaraz argitu dio Kike Amonarrizi eta jauzi kualitatiboa gertatu zela. Kantagintzari dagokionez, Mixel Labeguerie bere baitako arazoak eta herriari lotutako aldarriak kanta bilakatzen hasi zen eta hortik hasi zirela gainerakoak. Beste alor artistikoetan Jorge Oteizaren itzala izan zen garrantzitsua Irigarayren hitzetan; oso aurrerakoia izanik, gai izan omen zen herri kulturan nolako ondarea ikusteko.

Ikusi saioa osorik

Euskarak ze paper du interneten?

Euskarak interneten, munduko sarerik handienean, duen presentzia aztertzeari ekin dio aste honetan ETB1eko “Tribuaren Berbak” saioak. Kike Amonarriz gidari duela, interneteko alor ezberdinak ikertzen eta eragile ezberdinekin hizketan aritu da taldea.

Kike Amonarriz, Tribuaren Berbak

Kike Amonarriz, Tribuaren Berbak

Pixka bat kokatzeko, interneteko sareetan begira jarrita, euskara ze lekutan dagoen ikusiko dugu: Wikipedia, adibidez, 287 hizkuntzatan dago idatzita eta, horien artean, euskara 35. lekuan dago: 181.000 artikulu daude gure hizkuntzan idatzita. Twitter, bestalde, 33 hizkuntzatan erabili daiteke, horietako bat euskara eta 200.000 txio inguru bidaltzen dira hilero gure hizkuntzan.  Horrez gainera, Google, Facebook, Youtube edota Tuentiren euskarazko bertsioak ere erabili ditzakegu.

Iratxe Esnaola, .eus

Iratxe Esnaola, .eus proiektuaren koordinatzailea

Baina aro digital honetan ondo finkatzeko, domeinu propio bat edukitzea aurrerapauso handia da eta gurea, .eus, errealitate bihurtzear dago.Iratxe Esnaolak, .eus domeinuaren koordinatzaileak azaldu digunez, “euskara eta euskal kulturaren gainean jarduten duten webguneentzat” sortutako domeinua izango da eta jendea euskarara gerturatzea izango du helburu. Une honetan, hasiera fasean dago, domeinu hau erabiltzen hasiko diren webguneen lehen zerrenda aurkeztuko dute laster; baina 2014ko abenduaren 3an, Euskararen Egunean, publikoari zabalduko zaio eta hedatzen hasiko da.

Xabier Armendaritz eta Kike Amonarriz

Xabier Armendaritz eta Kike Amonarriz

Lehen esan dugunez, Wikipedia da euskaraz erabili daiteken erremintetako bat. 181.000 artikulutik gora daude gure hizkuntzan eta edozein gaiei buruzko artikuluak dira. Printzipioz edonork argitaratu edo osatu dezake artikulu bat. Baina gure hizkuntzari dagokionez, dozena bat boluntario aritzen dira hilero artikuluak euskaratzen. Xabier Armendaritz itzultzailea da horietako bat eta gairen batean aditua den edonori gai horri buruz idazteko gonbidapena luzatu dio “Tribuaren Berbak” saioaren bidez.

Maite Goñi

Maite Goñi, IKT aditua

Eta beste alor askotan bezala, hezkuntzak ere paper garrantzitsua jokatzen du interneten erabileran. Maite Goñi irakaslearen eta IKT-ko adituaren hitzetan, internetek irakaskuntza errotik aldatzeko aukera ematen du, baina oraindik ez zaio behar adinako etekinik atera. Hala ere, txiki txikitatik haurrak interneten heztea garrantzitsua dela dio, bertako erremintek ikasketetarako aukera ugari ematen dituztelako, eta horiek zuzen kudeatzen jakitearen garrantzia aipatu du. Eduki gehienak ingelesez edo hizkuntza handietan idatzita badaude ere, Maiteren esanetan “euskal komunitatea txikia baino ekimentsua da” eta mundu honetan gero eta presentzia handiagoa duena.

Horrek euskararen iraupenean asko lagunduko du; izan ere, gaur egungo gizartea ikusita, mundu digitalean ez dagoen hizkuntzak desagertzeko arrisku handiagoa izango duela ematen du. Eta egiazki, alde batetik, digitalizazioak aukera berriak zabaldu dizkie hizkuntza txikiei eta hainbat argitalpen egiteko kostuak txikitu ditu; gaur egun, edonork igo baitezake bideo bat edo idatzi dezake edozer gairi buruz. Baina bestetik konpetentzia ere asko hazi da. Horixe aipatu dute “Tribuaren Berbak” saioan Garazi Goiak, BBCko hedapenerako arduradunak, etorkizuneko telebistari buruz hitz egiterakoan eta Javier Etxebestek, interneteko ekintzaileak, enpresek eta hizkuntzek interneten duten paperari buruz hitz egitean.

Saio osoa ikusi:

Udalerri euskaldunen eguna Tolosan. Bizi gaitezen euskaraz!

Datorren ekainaren 14an eta lehenengoz, Udalerri Euskaldunen Eguna antolatu da Tolosan UEMAren eskutik. Jai honekin udalerri euskaldunek euskararen geroan jokatzen duten paper garrantzitsua lau haizetara zalbadu eta euskararen aldeko konpromisoa sustatu nahi da. Nagusiki euskaraz bizi gara udalerri euskaldunetako herritarrok, eta, horregatik,“Eltzetik eta altzotik euskaraz gara” izango da udalerri euskaldunen egunerako leloa. Bide batez, zure udalerria munduko herririk euskaldunena al da? Hemen duzue udalerri euskaldunen eguneko kartela eta egitaraua:

udalerri-euskaldunen-eguna-tolosa

UDALERRI EUSKALDUNEN EGUNA 2014: EGITARAUA

  • Goizean zehar, Euskal Herriko produktuen azoka
  • Egunean osoan zehar, Haurrentzako Puzgarriak eta 3×3 saskibaloi txapelketa
  • 11:30etan Kalejira; Tolosako Musika Banda, Erraldoiak, Udaberri Dantza Taldea, Udalerri Euskaldunetako ordezkariak eta herritarrekin.
  • 12:30etan Ekitaldia plaza zaharrean; adierazpen instituzionala, flash mob…
  • 13:00etan Tolosa Kantari, Udalerri Euskaldunetako Abesbatzek lagunduta
  • 14:30etan Bazkari herrikoia Alondegian
  • 18:00etan Irrien Lagunak, Ane eta piratak Alondegian Kontzertuak Ibarran (Gazte Festak): Emon, Laket, Kometa.

Hemen duzue udalerri euskaldunen egunerako Emon taldearen bideoklipa. Amets Arzallus bertsolariarenak dira hitzak. Musika eta.. dantzara!!

Eta ekainaren 14an denok TOLOSARA!!

Itsasaldeko euskararen berezitasunak aztertu dituzte ‘Tribuaren Berbak’ saioan

Tribuaren Berbak” ETB1eko saioko azken atalean itsasaldeko euskara aztertu dute, “itsasoa bezain bizia, gatz eta piperduna delako”.

Xabier Azkue Zumaiako Euskara Teknikaria

Xabier Azkue Zumaiako Euskara Teknikaria

Horretarako, lehen geldialdia, Zumaian egin dute. Bertan, itsasoak zein hizkuntzatan hitz egingo duen galdetu dio Kike Amonarrizek Xabier Azkue Zumaiako Euskara Teknikariari. Azkueren ustez, itsasoak hainbat hizkuntza ditu, eta euskara horietako bat. “Zumaiak arrantzarekin zerikusi polita izan du. Batez ere lehorreko arrantza egiten da, bai egunez, baita gauez ere”, esan du Xabier Azkuek. Eta horrela bertako hitz konkretuak ikasten hasi gara: gaueko arrantzari ‘gabarrantza‘ esaten zaio Zumaian; itsas kabrari ‘gomexa‘ deitzen diote eta ‘txoazkiña‘ edo ‘andaika‘ dira ‘gabarrantzan’ harrapatzen diren arrainetako batzuk.

Zumaian haitz polit askoak ere ikusi ditu Kike Amonarrizek itsasotik eta horietako batek ‘Marianton’ izena du. Marianton izeneko emakume bat hil omen zen haitz horretan lapak batzen duela hainbat urte eta horregatik hartzen du izen hori. Hala eta guztiz, Zumaian badaude gaztelaniazko izena hartzen duten tokiak, adibidez, ‘Playa Gris’. Xabier Azkueren ustez, euskal izenak berreskuratzeko ekimenak egin beharko lituzkete.

Kike Amonarriz Bermeoko saregileekin

Kike Amonarriz Bermeoko saregileekin

Gipuzkoatik Bizkaira salto eginez, Bermeoko saregile talde batekin eta Lekeitiko Faustino Garatea patroiarekin hitz egin du ETB1eko saioak. Bermeo eta Lekeitioko euskarak itsaso zaporea, arrantzale kutsu handia dute. Ana Rosa Ispizua saregileak dioenez, “kostaldeko hizkerak gatz berezia du, itsasoak bezala”. Eta azken urteetan inmigrazio handia egon da, Senegaldik batez ere. Faustinoren hitzetan, “hitzen bat esaten dute euskaraz, baina euren artean Senegaleko hizkuntzan hitz egiten dute, eta gurekin gaztelaniaz”.

 

Bermeoko hitzak errepasatzen hasita, kalean asko dabilenari ‘kalinpan‘ esaten diote; pertsona motela denari ‘papardoa‘ deitzen zaio, eta okerra denari, berriz, ‘trabeseko paelea‘ esaten zaio. Lekeition, berriz, ‘Dzanga‘ uretara buruz behera saltatzeari esaten zaio. ‘Dzapart‘, ordea, uretara hankak beherantz begira botatzeari esaten zaio.

Kike Amonarriz eta Kirmen Uribe

Kike Amonarriz eta Kirmen Uribe

Bizkaiko kostaldean jarraituz, Ondarroan Kirmen Uribe idazlearekin hitz egin du Kike Amonarrizek. Itsasoak presentzia handia du Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao liburuan. “Aita arrantzalea zen, eta berari idatzitako nobela bat da. Aita, aitona, birraitona eta osabak arrantzaleak izan dira, baina gure belaunaldian tradizio hori eten egin da. Horregatik galera hori islatu nahi izan dut”, esan du Kirmenek.

Ondarroako euskara ere itsasoko euskara da, eta baditu bere esaera eta berba propioak: ‘Amua ezpainetan‘ erabiltzen da haserre zaudela esateko.

‘Tribuaren Berbak’ saioko Itsasoa laño dago atala bukatzeko Jon Maia bertsolaria harrapatu dute Albaolan, laster ateak zabalduko dituen Itsas Kultur Faktorian, alegia. Izena euskal ontzietan tradizionala zen alboko pieza batetik dator. Bertan, eraikina erreformatzen ari dira San Juan baleontzia eraiki ahal izateko. “San Juan baleontzia euskal ontzi historiko bat da, 1565ean Labradorren (Kanada) hondoratu zena, eta ontzi hori berreraikiko da jendearen aurrean. Originala egin zen moduan berreraikiko da”, aipatu du bertsolariak.

Jon Maia eta Kike Amonarriz

Jon Maia eta Kike Amonarriz

Jon Maia hizkuntza gutxituak eta itsasoa lotzen dituen proiektu baten murgilduta dago. San Juan ontzia eraikita dagoenean, Europako hizkuntza gutxituen mapatik bidaia egingo da ontzi honekin. Bretaña, Gales, Eskozia, Irlanda, Faro Uharteak eta beste herrialde batzuk bisitatuko dituzte; euskarak presentzia handia izan baitu Ipar Atlantikoko itsasoan

Jon Maiak itsasoko euskal hitz bat ere ekarri digu saioari amaiera emateko: ‘tosta‘. Arraunlaria esertzen den ohola da tosta eta lehorrean ez da hitz hau erabiltzen aulkia edo antzeko gauzentzat. Hitz hau gurea da, baina ez soilik gurea, Irlandan, Feroe Uharteetan eta Eskozian ere hitz hau erabiltzen baitute esanahi berdinarekin.

Itsasoak eta euskarak betidanik izan duten harremana nabarmendu digu ‘Tribuaren Berbak’ saioak Itsasoa laño dago atalean. Ikusi osorik: