Euskararen ahozko ondarea ezagutzen

Milaka urte pasa dira euskara sortu zenetik eta gure garaietaraino ahoz ahoko transmisioari esker iritsi da, hein handi batean. Horixe landu du aste honetan ETB1eko “Tribuaren Berbak” saioak, ahozko euskara.

Xabi Paya eta Kike Amonarriz

Xabi Paya eta Kike Amonarriz

Kanta zaharrak, koplak, bertsoak, zirtoak, ipuinak, esaerak, herri-antzerkia, igarkizunak… belaunaldiz belaunaldi pasa diren espresio ugari ditu euskarak. Horietako asko bildu ditu Xabi Payak “Ahozko euskal literaturaren antologia” liburuan.

Eta Payak egindako ikerketa eta dokumentazio lan horren arabera, gure garaietara iritsi den ahozko literaturaren espresiorik zaharrena Beotibarko gudua”-ren kantua da. Abestiaren hasiera soilik iritsi da; izan ere, gudua 1321. urtean izan zen eta XVI. mendekoa da jasotzen duen dokumentu zaharrena.

Esaera zaharrak ere ahozko hizkuntza dira. Eta horri lotuta jolas bat proposatu zuen Twitter bidez “Tribuaren Berbak” saioak: Esaera zaharrak berritu, modernizatu, eta twitterren argitaratzea #esaerazaharberrituak traolarekin batera. Hauek dira jasotako batzuk: “Usteak erdia Gurtel” (@Alper_ego), “Smartphone merkea, nagusiaren nekea” (@joxe) edota “Artzainaren etxean, Tetra Brik” (‏@gorostizaitor). Bururatzen al zaizue besterik?

Josune Zabala

Josune Zabala

Baina idazten hasi izan ez bagina, galdu egin ote zitekeen gure hizkuntza? Josune Zabala, Soziolinguistika Klusterreko kideak aitortu digunez, arrisku hori egon zitekeen; nahiz eta badiren idatzizko sistemarik ez duten hizkuntzak eta oraindik bizi direnak.

Hala ere, ahozkotasuna eskolatik ikastea ezinbestekoa dela gaur egungo gizartean irizten dio, komunikatzaile onak izatera iristeko. Horretarako metodologia landu ahal izateko, laborategi bat jarri zuten martxan 2011n eta materiala osatu dute eskoletan ahozko komunikazioa landu dezaten.

Amaia Agirre

Amaia Agirre

Gazteentzat, eta heldu askorentzat, bertsolaritza da ahozko hizkuntzaren espresiorik ezagunena; izan ere, Amaia Agirre bertsolari eta irakaslearen hitzetan, bertsolaritzak asmatu du gizartearen eskakizunei erantzuten eta egitura sendoa osatu du Bertsolaze Elkartearekin, Mintzola lantegiarekin eta Xenpelar dokumentazio zentroarekin. Baina batez ere, hezkuntzan dago ongi errotua, hezkuntza arautuan dagoeneko bertso-zaletasuna pizten dute euskararekin jolastuz eta, ondoren, gehiago sakondu nahi duenak 1.400 bertso-eskola ditu horretarako.

Mattin Irigoien

Mattin Irigoien

Hala ere, ahozko hizkuntzak askoz alor gehiago ditu. Ipar Euskal Herrian, adibidez, antzerkiak du jarraipen handia. Mattin Irigoien antzerkigilearen hitzetan publikoa du antzerkiak inguru hartan eta herrian gertatutakoa espresatzeko edo aldarrikatzeko ere erabili da askotan, hurbileko gaiak landuz. Libertimenduak  dira gaur egun horren adibide; dantzari eta bertsolariekin batera, zirtzilak aritzen dira ekimen hauetan, kale-antzerkia eginez.

Kike Amonarriz eta Aintzane Agirrebeña

Kike Amonarriz eta Aintzane Agirrebeña

Azkenik, Ahotsak proiektua ere ezagutu dugu ‘Tribuaren Berbak’ saioan. Ahozko ondarea eta herri hizkerak jasotzeko helburuarekin sortutako egitasmoa da eta, martxan jarri zenetik, 279 herritako informazioa bildu dute, 4.601 elkarrizketa eginez eta 19.183 bideo osatuz. Horiek guztiak www.ahotsak.com webgunean dituzte Aintzane Agirrebeña koordinatzaileak saioan azaldu duenez.

Saioa osorik ikusteko:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude