Hileko artxiboak: apirila 2014

Euskararekin jolas egin al daiteke?

Tribuaren Berbak saioak euskaraz eta hitz jokoak erabiliz jolasteko ditugun joko ezberdinak aipatu dizkigu. Ezagutzen al ditugu era honetako jokoak? Euskarazko hitz joko asko al daude? Galdera hauei erantzuten eta euskarazko hitz joko ezberdinak azaltzen saiatu dira.

Joxean Elosegi, Luma aldizkaria

Joxean Elosegi, Luma aldizkaria

Kike Amonarriz Luma aldizkarian izan da. Bertan, Joxean Elosegirekin egon dira eta gurutzegramak nola sortzen dituzten azaldu du. Gurutzegramak sortzeaz gain, Luma aldizkariak Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen txapelketa ere antolatzen du. Txapelketak lau proba ditu, eta maila handia eskatzen du. Gurutzegramak osatzea joko bakartia da; horregatik, ondo dago zaletasun hau konpartitzen duen jendea biltzea. Urtean behin bakarrik bada ere,txapelketak aukera hau eskaintzen du.

Euskarbel jokoa

Euskarbel jokoa

1938. urtean sortu zen ‘Scrabble’ hitz gurutzatuen jokoa eta oso famatua da mundu osoan. Joko honek badauka euskarazko bertsioa ere eta ‘Euskarbel’ du izena. Joko honi eta estilo honetako euskarazko beste joko batzuk ezagutzeko, Urtxintxa eskolako Maite Asensiorekin hitz egin dute. Maiteren ustez, aisialdiak garrantzi handia dauka hizkuntzaren ikasketan. Umeak txikitatik euskarazko jokoetara jolasten ohitzen badira, lagunekin euskaraz aritzeko joera hartuko dute, eta euren arteko harremana euskaran oinarrituko da. Urtxintxan jolas bilduma bat egin dute, eta ‘Ele mele’ deitutako jolas berria ezagutu dute ‘Tribuaren Berbak’ saioan. Beste hainbat joko ere badaude eta gurasoek www.aisia.net/jolasakwebgunean aurki ditzakete.

Hitza Azti

Hitza Azti

Bestalde, badago euskarazko ehun bat hitz joko biltzen dituen liburu bat ere; ‘Hitza Azti’ deitzen da. Iñaki Arranzek idatzi du liburua eta Kike Amonarriz berarekin egon da. Ehun bat hitz joko mota daude Iñaki Arranzen lan honetan. Hainbat tokitatik atera ditu jolas hauek: liburuetatik, literaturatik, lagunen arteko solasaldietatik… Iñakiren ustez, joko hauek hizkuntzaren beraren baitan topa daitezke.

Markos Gimeno palindromogilea

Markos Gimeno palindromogilea

Bukaeran, euskarazko palindromoekin jolas egin dezakegula azaldu digute ‘Tribuaren Berbak’ saioan. Horretarako, Markos Gimeno palindromogilearekin hitz egin du Kike Amonarrizek. Palindromoak eskumatik ezkerrera nahiz ezkerretik eskumara berdin irakurtzen diren hitzak edo testu simetrikoak dira. Markosek palindromoak sortzen ditu. Erraz ikusten diren palindromoak daude, palindromoak direla azkar nabaritzen direnak, baina badaude konposizio lan bat dutenak, luzeagoak direnak edo esaldiak direnak. Palindromo bat sortzeko, hitz batetik abiatu behar gara eta hitz horri buelta eman. Ondoren, erdian edo alboetan hitzak gehitzen joan gaitezke hitza bi aldeetarantz berdin irakurtzen den arte. Markos Gimenok palindromo ariketak biltzen dituen bloga du: www.zerorajasoa.com. Palindromo bat ezkutatzen du, eta jendeak palindromo hori bilatu behar du. Palindromo tailerrak ere eskaintzen ditu Markosek euskaltegietan edo eskoletan eta laster, 131 palindromo ariketa bilduko dituen liburua aurkeztuko du.

Ikusi saioa osorik:

‘Tribuaren Berbak’ saioko atal guztiak, osorik

Kike Amonarriz. Iturria: EiTB

Kike Amonarriz. Iturria: EiTB

Euskara ardatz duen ‘Tribuaren Berbak‘ telebista saio guztiak ikusi ez badituzu, ondorengo zerrenda honetan dituzu eskuragarri. EiTB Nahieran atarian daude Kike Amonarrizek ETB1en aurkezten duen saio honen atal denak. Baina zerrenda honetan, saioa osorik ikusteko bidea aurkitzeaz gainera, bakoitzean ze gai landu zen jakin dezakezu.

Euskararen tamaina
Lehendabiziko ‘Tribuaren Berbak’ izan zen. Zenbat euskaldun gauden munduan aztertu zuten atal honetan eta milioi bat inguru garela ondorioztatu zuten. Egin klik ‘Euskararen tamaina‘ saioa ikusteko.

Momentu bat euskaldun berriei!

Bigarren atalean euskaltegietan ari direnei eta euskaldun berriei buruz aritu ziren. Ikusi ‘Monumentu bat euskaldun berriei!‘ saioa.

Euskal babel
Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntzei buruzko saioa izan zen hau. Arabiera omen da gurean gehien hitz egiten den atzerriko hizkuntza! Ikusi ‘Euskal babel‘ saioa osorik.

Publizitatea eta euskaraz
Izenbururik ez duen atala izan zen hau. Euskaraz egiten den publizitateari buruz aritu ziren hizketan eta saioan zehar atal honentzako izen bila ibili ziren. Ikusi osorik publizitatea eta euskara saioa.

Gazteuskara
Gazteek darabilten euskarari buruz aritu ziren saio honetan. Euskaraz ala erdaraz aritzen diren eta nolakoa den erabiltzen duten euskara aztertu zuten. Egin klik ‘Gazteuskara‘ saioa ikusteko

Euskara sexista al da?
Galdera horri erantzuten saiatu ziren ‘Tribuaren Berbak’-eko atal honetan. Euskarak hizkuntza bereizketa egiten duela ondorioztatu zuten, baina ez dela sexista, sexistak erabiltzaileak direla alegia. Ikusi ‘Euskara sexista al da?‘ saioa osorik.

Urte berri, asmo berri
2014a hastera zihoala eta, urte berriari begira egindako saioa duzue hau. Euskararen alorrean zein asmo dituzten kontatu zuten hainbat pertsona ezagunek. Egin klik ‘Urte berri, asmo berri‘ saioa osorik ikusteko.

Riojatik Errioxara
Arabako Errioxako lehen euskaldun zaharraren bila aritu zen Kike atal honetan. Duela hamarkada dezente galdu zen inguru hartan euskara, baina aspaldiko 20 urtetan berreskuratzeko lan handia egin dute eta dagoeneko bertan jaiotako euskaldun zaharrak ere badaude. Ikusi ‘Riojatik Errioxara‘ saioa osorik.

Eus=mc², zientziaren hizkuntzak
Zientziari buruz eta zientzia egitean erabiltzen diren hizkuntzei buruz hitz egin zuten ‘Tribuaren Berbak’ saioko atal honetan; eta euskarak bertan duen presentziaz ere bai. Egin klik ‘Zientziaren hizkuntzak‘ ikusteko.

Frantziaren itzal luzea
Ipar Euskal Herrian euskarak bizi duen egoera aztertu zuten saio honetan. Egoera zaila den arren, argi izpiak badaudela erakutsi zuten. Egin klik ‘Frantziaren itzal luzea‘ atala osorik ikusteko.

Abestien hitzak, hitzen doinuak
Atal honen ardatza musika izan zen, euskaraz abesten den musika batik bat. Hainbat talde eta musikarirekin eta musikan adituak diren kazetariekin hitz egin zuten. Ikusi euskal musikari buruzko saioa.

Bertan Bilbo
Bilbon ibili zen Kike Amonarriz atal honetan. Bizkaiko hiriburuan euskarak duen egoera erakusteaz gainera, euskararekin lotutako hainbat leku erakutsi zituen, hala nola, Euskaltzaindiaren egoitzan izan zen. Ikusi ‘Bertan Bilbo‘ saioa osorik.

Jendaurrean
Jendaurrean hitz egitea zein zaila den batzuetan! Horretan ohitutako kazetariekin bildu zen Kike Amonarriz, nolako teknikak erabiltzen dituzten jakiteko. Egin klik ‘Jendaurrean‘ saioa osorik ikusteko.

Euskatalá
Kataluniak eta Euskal Herriak, hizkuntzari dagokionez, dituzten antzekotasun eta ezberdintasunak izan zituzten hizpide atal honetan. Hemen daukazue ‘Euskatala‘ saioa osorik.

Hau dunk umorea!
Euskarazko umorerik ba ote dagoen galdetu zuen ‘Tribuaren Berbak’ saioak atal honetan. Aktore, bertsolari eta beste hainbatekin hizketan aritu zen Kike Amonarriz atal honetan. Egin klik ‘Hau dunk umorea!‘ saioa osorik ikusteko.

Gelatik kalera
Eskoletan euskara ikastea bermatuta dagoela diote hezkuntza agintariek. Hori dela eta, gaur egungo erronka, haurrek kalean euskara gehiago erabil dezatela da. Horretarako zer egin behar den aztertu zuten atal honetan. Ikusi ‘Gelatik kalera‘ saioa osorik.

Nafarroa, arragoa
Euskarak Nafarroan duen egoera aztertu zuten ‘Tribuaren Berbak’ saioko atal honetan. Hizkuntzari dagokionez, hiru gunetan banatuta dagoenez, euskara ez da ofiziala lurralde osoan eta horrek zailtasunak sortzen ditu bai ikasteko baita erabiltzeko ere. Egin klik ‘Nafarroa, arragoa‘ saioa osorik ikusteko.

Adi, filmatzen, ekin!
Zinemari buruzko saioa izan zen hau. Euskaraz egiten den zinema izan zuten hizpide alde batetik eta bikoizketari buruz ere aritu ziren. Ikusi zinemari buruzko atala osorik.

Itsu, gor, baina ez mutu
Zentzumenetako batean arazoak dituzten pertsonek ze hizkuntza erabiltzen dituzten eta ze zailtasun dituzten azaldu zuten atal honetan. Zeinuen hizkuntza eta braillea pixka bat ezagutu ahal izan genuen. Egin klik ‘Itsu, gor, baina ez mutu‘ atala ikusteko.

Biba Xiberua!
Zuberoa edo Xiberua ardatz hartuta aritu zen Kike Amonarriz atal honetan. Euskarak han dituen ezaugarriak eta bizi duen egoera ezagutu ahal izan genuen. Ikusi ‘Biba Xiberua!‘ atala.

Euskara 2039
Hemendik 25 urtera euskarak izango duen egoera aurreikusten saiatu zen ‘Tribuaren Berbak’ atal honetan. Eta gainditu beharreko erronkak izango baditu ere, esperantzaz ikusten dute etorkizuna adituek. Egin klik ‘Euskara 2039‘ saioa osorik ikusteko.

Jolasean euskaraz eta euskararekin
Euskara tresnatzat erabilita nola jolas egin dezakegun erakutsi ziguten atal honetan. Hitz-jokoak, mahai-jokoak, gurutzegramak eta palindromoak zer diren eta nola egiten diren azaldu ziguten. Ikusi jolasei buruzko saioa osorik.

Bertoko eta kanpoko
Etorkinak euskarara hurbiltzeko zer egin behar den aztertu du ‘Tribuaren Berbak’ saio honetan. Egin klik ‘Bertoko eta kanpoko‘ saioa osorik ikusteko.

Batua vs. euskalkiak
Euskara batua eta euskalkiak kontrajarriak ote diren ala biak diren beharrezko aztertu zuen atal honetan ETB1eko saioak. Egin klik euskalkiei buruzko atal hau osorik ikusteko.

Munduko herririk euskaldunenak
Euskarak osasun onena duen herrietan barna ibili zen Kike Amonarriz atal honetan. Azpeitia, Lea-Artibai bailara, Pagola… bakoitzean nolako egoera dagoen eta hango ekimenak aztertu zituzten. Ikusi herri euskaldunei buruzko saioa.

Ahozko ondarea
Euskararen ahozko ondarea ezagutzeko parada eman zuen saio honetan ‘Tribuaren Berbak’ programak. Bertsolaritza, antzerkigintza, esaera zaharrak, zirtoak, esamoldeak, kantak, ipuinak… Ikusi ahozko ondareari buruzko saioa.

Arrasate:euskara eta kooperatibismoa
Arrasateko euskara eta herri horretan gure hizkuntza bultzatzeko burututako ekimenak aztertu zituzten ‘Tribuaren Berbak’ saioaren atal honetan. Egin klik Arrasateri buruzko saioa ikusteko.

Itsasoa laño dago
Atal honetan itsasaldeko euskara aztertu zuten ‘Tribuaren Berbak’ taldekoek. Bermeon, Zumaian, Ondarroan eta beste hainbat herritan ibili ziren. Ikusi itsasaldeko euskarari buruzko saioa.

Sareetan harrapatuta
Euskarak interneten eta teknologia berrietan duen presentziari buruz aritu ziren atal honetan. Ikusi Sareetan harrapatuta atala osorik.

60ko hamarkadako astindua
60ko hamarkadan iraultza gertatu zen euskararen zabalkundean: ikastolak eta Sehaska sortu ziren, kulturaren produkzioa asko hazi zen… Horrela, esparru gehiagotara iritsi zen euskara. Saioa osorik ikusteko egin klik hemen.

Gasteizko euskaldunak
EAEko hiriburuan euskara nahikoa galduta zegoen XX. mendearen amaieran, baina azken hamarkadetan asko zabaldu da. Ikusi osorik Gasteizko euskara eta euskaldunei buruzko saioa.

Zergatik ez dugu euskaraz egiten?
Euskaldunok euskaraz aritzeko ditugun zailtasun eta konplexuei buruz aritu ziren ‘Tribuaren Berbak’ saioko atal honetan. Ikusi saioa osorik hemen klik eginda.

EGA APP, EGA titulua prestatzeko mugikorretarako aplikazioa

EGA edo Euskararen Gaitasun Agiria ikasle askoren amesgaiztoa izan ohi da. Atariko proba, sinonimoak, berridazketak… zenbat buruko min! Aurrerantzean, ordea, era berri bat izango dugu ariketak egin eta EGA titulua prestatzeko, izan ere, Kaixo! Euskaltegiak EGA APP izeneko mugikorrentzako aplikazioa sortu du bere 10. urteurrena ospatzeko. Beraz, APP hau zertan datzan azaldu aurretik, ZORIONAK bihotz bihotzez, eta beste hainbeste bete ditzazuela! 🙂

EGA-APP

Zer da EGA APP aplikazioa?

Aplikazio honek EGA (Euskararen Gaitasun Agiria) azterketa prestatzeko 4.000 ariketa baino gehiago eskaintzen ditu: “Atariko proba, sinonimoak eta berridazketak” atalak prestatzeko. Aurrerantzean, beraz, ordenadoreaz gain, gure mugikorraren bitartez ere egin ahal izango ditugu EGArako prestaketa lanak.

Momentuz Android mugikorrentzako balio du, eta ondorengo helbide honetan aurki dezakezu aplikazioa: https://play.google.com/store/apps/details?id=com.aitorkaixo.com.egaapp. Laster beste sistementzako ere prest egongo dela esan dute aplikazioaren sortzaileek eta, aplikazioa probatu ondoren, iritziak emateko deia egin dute. Proba egin, eta kontatu zer iruditu zaizun!
Eta astelehen honi umore puntu bat jarri nahian… ondorengo galdera luzatu nahi dizugu. Zer egingo zenuke EGA titulua lortzearen truke? Gozatu Irrikitown saio umoretsuaren bideo honetaz:

EGA lortzeko egin behar direnak!!!

Zein izango da euskararen egoera 2039an?

Hemendik 25 urtera euskarak izango duen egoeraz aritu dira “Tribuaren Berbak” saioan. Etorkizunean osasun ona edukiko du edo makal xamar ibiliko da? Hurrengo belaunaldiak nola biziko du? Ze erabilpen emango dio? Galdera horiei erantzuten saiatu dira.

Gurasoak euskarari buruz

Gurasoak euskarari buruz

Orioko Maria Maestra haur eskolan izan da Kike Amonarriz. Bertan, ume txikiak dituzten gurasoen iritziak jaso ditu. Guraso gehienen ustez, hemendik 25 urtera haurrek hiru hizkuntza jakingo dituzte gutxienez; euskara, erdara eta ingelesa, nahiz eta beraien ohiko hizkuntza euskara izan.

Euskararen etorkizunaz eta erronkez hitz egiteko Iñaki Martinez de Luna soziolinguistarengana jo du Kikek. Iñakiren ustez, 2039an 1.200.000 euskaldun egongo dira eta gainera, erabilera maila areagotuko da. Etorkinek ekarpen polita egingo diote euskarari, azken finean, etorkinek bilatzen dutena gizartean txertatzea da eta hizkuntza lagungarria izango zaie. Gaur egun, gizartearen %33 euskalduna da eta, hemendik 25 urtera, erdia izatera iritsiko garela esan digu. Geografikoki homogeneotasunerantz joko dela uste du Martinez de Lunak.

 

Etorkizunari buruzko eztabaida

Etorkizunari buruzko eztabaida

Patxi Baztarrika, Lurdes Auzmendi eta Zigor Etxeburua, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, sailburuorde ohia eta Gipuzkoako Euskara zuzendaria hurrenez hurren, euskararen botilaren inguruan bilduta euren hausnarketa eskaini dute. Baztarrikak betea eta betetzen ikusten du botila. Betetzen jarraitu edo ez, haiek, herritarrek eta oso bereziki euskaldunek egiten dutenaren esku dagoela adierazi du.

Etxeburuaren arabera, euskararen egoera zein den jakitea garrantzitsuena da, baina, edonola, behar duguna, hori betetzeko ahalmena da. Auzmendik ere erdi betea ikusten du. Hor daude euskara ikasi dutenak, euskal hedabideak, milaka langile eta guztiekin botila hori betetzen jarraitu behar da. Nahi izanez gero, botila betetzea lortu dezakegula adierazi du.

Karmelo Ayestarekin

Karmelo Ayestarekin

Bestalde, Karmelo Ayestak, Goza daiteke gehiago: euskaldun baten hizkuntza-bidaia liburuaren egileak, ez du euskara arriskuan ikusten. Etorkizunean euskara, gaur egun, baino askoz indartsuago ikusten du. Bere ustez, uste faltsu asko daude euskararen inguruan. Horietako bat euskaraz hitz egiteko euskaldun perfektua izan behar dela da. Iritzi horrek kalte handia egin dio euskarari, Ayestaren arabera, euskara txarrena eta traketsena hitz egiten ez dena baita.

Bukatzeko, 2039an profesional izango diren gazteekin izan da Kike. Askok hemen eta euskaraz egin nahiko lukete lan, baina badira hala nahi dutelako, edo egoerak bultzatuta, ingelesez egingo dutela uste dutenak, baita gazteleraz edo frantsesez. Beraz, etorkizuna eleanitz ikusten dute.

Saio osoa ikusteko:

Ondarroako ‘Euskal Hiztegi Enciclopediku”: Matexala, txorbi…

Ondarru eta ondarrutarren euskalkia izango ditugu hizpide ondorengo lerroetan, izan ere, Kike Amonarriz euskaltzale eta aurkezleak gaur goizean bidalitako txio batek arreta piztu digu. Eta zergatik? Bada, Ondarruko “Euskal Hiztegi Enciclopediku”-a aurkeztu duelako. “Astelehenari irribarrez ekiteko hona Lekeitioko lagun batek bidalitako “Ondarruko ‘euskal?’ Hiztegi Enciclopediku”, zioen txioak. Aurretik ere landu izan ditugu Ondarroako berbak baina oraingoan zerrenda luzatu dugu.

Ondarroa. Egilea: Rikardo Agirregomezkorta

Ondarroa. Egilea: Rikardo Agirregomezkorta

 

 Ondarroako “Euskal Hiztegi Enciclopediku”

Paloposti: Kale-argi
Faroli: Kale-argi
Plazaberduri: Merkatua
Paeteko diru: Kutxazain automatikoa
Astokaballu: Mandoa
Patada boladori: Ostikada hilgarria
Puñetazu: Ukabilkada
Puntxetu: Ukabilkada bortitza
Enanu: Txikia
Superenanu: Oso txikia
Katxu: Zatia
Liadi: Arazoa
Mobidi: Arazo larria
Marroi: Arazo oso larria
Marronazu: Herritik ihes egiteko arrazoi izan daitekeen arazo oso larria
Bulli: Borroka
Hostipartiue: Borroka latza
McHartu: Hostia asko hartzen dituen gizasemea
Pilobat jende: Jende asko
Mogolloi peña: Ehundaka jende
Asako peña: milaka jende
Beran buru asesina: Suizidioa
Jugoi: Zerbait ona denean
Eh Flai: Eh txikito
Metelé: Ona!
Fogeu: Okerreko saiakera
Asako: asko, baina kubora goratua
Pelau: inozoa, téntela
Felipi: Ahoko zipristina
Pilobat asako: Ia infinitoa
Relaja Pezoi: Lasaitu hadi
Bebederu: Animalien azka
Burdinezko ure: Menditik datorren ura
Almondingingillak: Potroak
Pabi: neska ikusgarria
Kriston pabi: Neska oso ikusgarria
Txorbi: neskalaguna
Pintxillu: Ogitarteko dezentea
Fuela: Futbola
Mantekau: Pole-ko izozkia
Txutxekeixak: Litxarreriak
Beangañi: Lurrazala
Fregau: Arazoa
Koneju: katua
Palaposte mobile: esku-argia
Palaposte frontala: Buruko argia
Farreru: Drogazalea
Kriston farreru: Drogazale amorratua
Txema: Txortan egiteko moduko ama
Rayadi: Apertzea
Apea: enteratu
Garratza: speed-a
Gozu: Kokaina
Zaldixe: Heroína
Jebise: Makarra
Punkise: Makarra baino makarragoa
Sudurreko asuntu: Droga
Matexala: droga
Baserritxarra: Kamiñazpiko mugetatik aratago bizi den edonor
Kaxeru: Baserritar petoa

Eta astelehena umorez eta euskaraz amaitzeko, azken ilebeteotan arrakasta itzela izan duen ondarrutar batekin uzten zaituztegu. Imaginatzen ondarrutar bat eta Kike Amonarriz, epaiketa batean lekuko?

Apirilaren inguruan esaera asko daude! Zein da gehien gustatzen zaizuna?

Apirilean gaude, dagoeneko!! Gaur bi ditu urteko laugarren hilabeteak. Badakizue zer den ohikoa aro honetan: udaberria heltzen dela, euria gehienok nahi duguna baino gehiagotan botatzen duela, ia beti Aste Santuko jaiak eta oporrak izaten ditugula… Bada, apirila beste arlo batengatik ere da ezaguna! Euskarak bere inguruan zenbait esaera dituelako, hain zuzen ere :-). Ez zenekiten? Ba begira guk aurkitu dugun zerrenda:

"Apirilean, euri aunitz". Horrela dio esaerak... eta horrela islatu du Jose Antonio Ortiz de Zaratek argazki honetan.

“Apirilean, euri aunitz”. Horrela dio esaerak… eta horrela islatu du Jose Antonio Ortiz de Zaratek argazki honetan.

Ezagutzen dituzu? Apirilaren inguruko esaerak, euskaraz

-Martxoa haizetsu, apiril euritsu, maiatza gero eguzkitsu.

-Apiril ona ezagutzeko ehun urte bizi beharko! Ehun da bat baditut eta ez dut onik ere ezagutu.

-Apiril, biribil, urdea txerri-tokian hil (Apirileko eguraldi txarragaitik).

-Apirila bero, negua gero.

-Apirila euritsu, urte hura ogitsu.

-Apirila haizetsuak nekazaria pozten du.

-Apirila hotz, miseria ogi-artoz.

-Apirila hotz? Ez gari ta ez agotz.

-Apirila joan eta maiatza gero, agoztegian agotza bego.

-Apirila joan ta maiatza gero, ganbara bazterrean agotza bero.

-Apirila on ikusi nahi duenak, ehun urtez behar du bizi.

-Apirilak bere hotz uztarra bai; jauntsi arina oraino etsai.

-Apirilaren azkenean, hostoa haritz gainean.

-Apirilean euri aunitz.

-Apirilean euria goian-behean.

-Apirilean ihinzte, ogi-urte.

-Apirilean inusturia jotzen badu, berri ona da.

-Apirileko egunak hiru aro.

-Apirileko euriak balio du ardi-arkina hoberena.

-Apirileko zizea, urrea baino hobea.

-Eguzkiz beterik ere, apirila marrant-emaile.

-Opeil bustiak dakaz ogiak.

-Ortzantza apirileko, arnoa barrikako.

-Txikia banintzen, handia banintzen, apirilean lorea nintzen.

Zer iruditu zaizue? Zein da gehien gustatzen zaizuena? 🙂 Eskerrik asko! Eta gozatu hilabete honetaz!!