Azkue Fundazioaren eskutik, iragan maiatzaren 30ean Jakintza Librearen III. Jardunaldiak ospatu ziren Bilboko Euskararen Etxean, eta azkenaldian sarean sortu diren hainbat egitasmo aurkeztu ziren. Gure egunerokotasunean interesgarriak gerta dakizkigukeen hiru proiektu bildu ditugu gaurkoan, noski, euskararekin zuzen-zuzenean loturikoak. Ezagutu nahi?

Kulturize
- Zure inguruko ekitaldien agenda mugikorrean izan nahi al duzu?
Akting Donostiako enpresak KULTURiZE aplikazioa prestatu du Android sistema eragilea duten telefono mugikorretarako. Zer da, baina, aplikazio hau? Hainbat agendatatik elikatzen da (Musikazuzenean, kulturklik…) eta, ondoren, ekitaldiak sailkatu egiten ditu : kontzertuak, antzerkia, bertsolaritza eta dantza, besteak beste. Bilaketa herriaren arabera egiteko aukera ere, kokapen zehatzen bidez. Kasu batzuetan, berriz, ekitaldien sarrerak aplikaziotik bertatik erosteko aukera ere badago. Aplikazioa doakoa da. Probatu nahi?
Zure ideia edo proiektuak aurrera ateratzeko laguntza behar al duzu?
Dirutza.com euskaraz garatzen diren proiektuak aurkeztezko eta laguntzeko diseinaturiko crowdfunding plataforma da. Ideia horiek askoren ekarpen txikiekin gauzatzea ahalbidetzen duen plataforma honek euskal kulturari balioa ematen dioten proiektuen sormena eta promozioa sustatzeko helburua du. Proeiktua ahalik eta ondoen eta erakargarrien definitu, beharrezko finantzazioa zehaztu eta 42 egun izango dituzu diru kopuru hori lortzeko.
- Euskara maite duzu baina ez duzu hizkuntza ondo ahoskatzen?

Babelium Project
Euskal Herriko Unibertsitateko GHyM ikerkuntza taldeak mintzapraktika egiteko garatu duen elkarlanerako web aplikazio bat da Babelium Project.com. Erabiltzaileak ez du ezer instalatu beharrik izango, aplikazioa bere nabigatzailean bertan erabili dezakeelako. Elkarrizketa bakoitzean 2 edo 3 pertsonak hartzen dute parte. Erabiltzaileak bideoa ikusi eta pertsona baten papera edo rola har dezake, alegia, pertsona horren bikoizketa egin dezake. Bideoko elkarrizketaren bikoizketa amaitu ondoren, erabiltzaileak egindako lana berrikusteko aukera izango du.
Gustatu al zaizkizu egitasmoak?
Zuk ere Sarean egitasmoren bat sortu baduzu, edo sortzeko asmoa baduzu, ez izan zalantzarik, eta kontatu blog honetan edo gure Facebookean. Bitartean izan zoriontsu eta BIZI EUSKARAZ!

