Monthly Archives: urtarrila 2012

Euskararen aldeko keinua Argia Sarietan

15:30ak pasatxo heldu gara Usurbilgo Atxega Jauregira, bertan eman behar baitziren 2012ko Argia Sariak. Iritsi bezain pronto, jatetxera sartu eta bertako zerbitzari batek jatetxeko areto nagusira zuzendu gaitu. Atea ireki orduko euskara barra-barra entzun dugu bertaratu diren lagunen artean. Ezagunak ugari, Sustrai Colina bertsolaria, Martxelo Otamendi kazetaria, Kike Amunarriz aurkezlea, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak… Euskadi Irratiko kazetariak ere ikusi ditugu jatetxearen atzealdean. Eta argazki eta bideo kamerak nonahi!

Orduantxe ari ziren mahaietara Atxega postre sorpresa zerbitzatzen. Aurretik, ahate-gibelezko terrina, itsaskien entsalada epela, limoi sorbetea, legatza onddo eta baratxuriekin gozatua eta ondotik azpizuna hornigaiekin. A zer nolako menua!  Bapo janda zeuden ordurako gonbidatuak!

Argia Sariak 2012: Giro aparta Usurbilgo Atxaga Jauregian

Giro aparta Usurbilgo Atxaga Jauregian

Kafea eta likoreekin hastearekin batera, arratsaldeko laurak jota, altxatu dira Argiako langileak. Aitor Furundarenaren trikiti doinuak lagun hartuta, Xabier Letona Argiako zuzendaria izan da hitza hartzen lehena txalo artean, eta horrela eman zaio hasiera. Labur-labur aritu da. Euskal hedabideen egoeraren inguruan jardun du, baita egun gizarteak bizi duen egoeraren inguruan eta bertaratu diren guztiei eskerrak eman ondoren, sari banaketa ekitaldiari eman zaio hasiera.

Argia Sariak 2012: Xabier Letona Argiako Zuzendaria

Xabier Letona Argiako Zuzendaria

Internet Saria banatu dute lehendabizi. EITB Nahieran webguneak irabazi du Interneteko Argia Saria. Iñako Gurrutxaga eitb.com webeguneko entretenimendu jaso du, pozik, EITBren izenean saria, eta elkarlana “ezinbestekoa” dela azpimarratu du. EITB Nahieran-ek bidea hasi besterik ez duela egin esateaz gain aurretik euskal kulturarekin lotutako  “erronkak” dituztela eman du aditzera.

Argia Sariak 2012: Iñako Gurrutxaga Interneteko Argia saria jasotzen

Iñako Gurrutxaga Interneteko Argia saria jasotzen

Honen atzetik, Prentsa Idatzizko Argia Sariaren txanda izan da.  Irabazlearen “ausardia” nabarmendu dute sari hori banatzerako orduan. Karlos Zurutuza Kronistarentzat izan da. Bere lanaz arro, Argia aldizkari eskerrak eman dizkio honen ibilbidearen aurreneko urteetan komunikabide honek emandako laguntzarengatik.

Argia Sariak 2012: Karlos Zurutuza Prentsa Idatzia Argia Saria jasotzen

Karlos Zurutuza Prentsa Idatzia Argia Saria jasotzen

Gure Bazterra” irratsaioak urteak daramatza euskararen alde lanean eta gaur merezitako saria jaso dute Luzien Etxezaharreta eta Jakes Casaubonek. Etxezaharretak euskal irrati libreen lana azpimarratu du eta bere hitzetan, itxaropena herriak hizkuntzarekiko erakutsitako maitasunean dago.

Argia Sariak 2012: Argia Sariak 2012: Luzien Etxezaharreta eta Jakes Casaubon Irratiko Argia saria jasotzen

Luzien Etxezaharreta eta Jakes Casaubon Irratiko Argia saria jasotzen

Publizitate Saria Klikmetroak.com kanpainarentzat izan da, hau da, Azpeitiko Ikastolak antolatutako kilometroak jaialdiaren kanpainak. Kilometroak jaiaren hasierako “espiritua” berreskuratzeagatik jaso du  Aitor Unanue Azpeitiako Ikasberri Ikastolako lehendakariak sari hau. “Ekimenak on egin diezaiola aurtengo kilometroen antolatzaileari”, esan du. Eta nola ez, Ikastolen alde lan egiten duten ikasle, guraso, irakasle eta langile guztiei eskaini die saria.

Argia Sariak 2012: Aitor Unanue, Azpeitiako Ikasberriko Lehendakaria Publizitate Saria jasotzen

Aitor Unanue, Azpeitiako Ikasberri Ikastolako Lehendakaria Publizitate Saria jasotzen

Aloña Soraluze Argiako langileari egokitu zaio Telebistaren Argia Saria ematea. Telebista espektakuloa soilik ez dela azpimarratzearekin batera, Kanalduderi Ipar Euskal Herriko telebistako langileak deitu ditu. Pantxika Maitia eta Ximon Carrerek jaso dute sari hori, eta azken honek euren proiektuan “herritarren parte hartzeak” duen garrantzia azpimarratu nahi izan du.

Argia Sariak 2012: Kanaldude Herri Telebistako kideak Telebistako Argia Saria jasotzen

Kanaldude Herri Telebistako kideak Telebistako Argia Saria jasotzen

Eta sari horiek banatu ostean, berriz ere, Xabier Letona Argiako Zuzendariak hartu du hitza. “Euskaltasuna ulertzeko modua berari zor diogu”, esan du.  Izan ere, aurtengo Merezimenduzko Argia Saria Jose Luis Alvarez Enparantza, duela gutxi zendu zen Txillardegi handiari eman diote. Aurrez hartutako erabakia zen donostiarraren ibilbidea saritzea, eta halaxe egin dute. Seme-alabak irribarrea ahoan zutela jaso dute saria.

Argia Sariak 2012: Txillardegiren seme-alabak Merezimenduzko Saria jasotzen

Txillardegiren seme-alabak Merezimenduzko Saria jasotzen

ZORIONAK GUZTIEI! Ekitaldia saritu guztien argazki eder batekin amaitu da, txalo artean.

2012ko Argia Sarietako irabazleak

2012ko Argia Sarietako irabazleak

Lodosako Ibaialde Ikastola bizirik! 25 urtez euskara Erriberan zabaltzen

Mendiak aldapatsuak izaten dira, baina beti dago tontorrera iristeko aukera. Eman beharreko pausoak, handiak eta nekagarriak izaten dira zenbaitetan, baina apurka-apurka gailurra egitea badago. Zailtasunak zailtasun, beti dago argi izpiren bat hor nonbait, eta hori dela eta, guztiok bat egin eta ahalegin berezia eginez, izugarrizko lorpenak lortzen dira.

Lodosa-Sartagudako Ikastolaren egoera ez da erraza. Eremu ez euskaldunean kokatuta dagoen aldetik, Ikastetxea egoera ekonomiko zaila bizi du eta horren aurrean Ikastolen Elkarteak laguntzeko deia luzatu du, izan ere, Euskarak Lodosako ikastola behar du. Kanpaina berezi bat jarri da martxan, eta aurreneko egitasmoa “Euro bat, marrazki bat” izenekoa izan da. Euskal Herriko ikastoletako ikasleek marrazki bana egin eta ikastetxe bakoitzak euro bat emango du matrikularik duen ikasle bakoitzeko. Horrez gain, Ibaialde Ikastolak gizarte osoari egin dio dei laguntza emateko, eta kontu korronte bat ere zabaldu du norberak bere ekarpen propioak egiteko. Entzun  Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidenteak Ibaialde Ikastolaren inguruan kontatutakoa Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan.

Aurten ikastolak 25 urte beteko ditu eta zailtasun horiek ez dute zapuztuko mende laurdena betetzeak merezi duen ospakizuna. Otsailaren 5ean, urte horietako bizipenak eta gaurko oztopoak batu egingo dira jai eta aldarrikapen kutsua izango ospakizun batean. Tolosako abesbatza, pailazoak, herri kirolak, bertso saioak edo Bizardunak, Ze Esatek! eta beste zenbait talde izango ditu lagun jaiak. Hemen egitaraua oso osorik!

Ibaialde Ikastolaren 25. urteurren jaiaren egitaraua

Ibaialde Ikastolaren 25. urteurren jaiaren egitaraua

Lodosako Ibaialde Ikastolaren historia

1991. urtera egin behar dugu saltoa, orduantxe, sortu baitzen Ibaialde Ikastola 9 haurrekin. Lekualdaketa ugari jasan ditu ikastetxean. Urte horietan zehar, matrikulazioak gora egin dute, eta irakasle bakarra egotetik, horien kopurua ere handitu da. Mende laurdena darama Lodosako ikastolak foru administrazioaren oztopoak gainditzen eta euskararen normalizazioaren alde etengabe lanean. Datorren asteburuan, ibilbide luze eta korapilatsu horri merezitako ordaina emango diote jai handi batean.

Guk ere eman diezaiegun geure bultzadatxoa Lodosako Ibaialde Ikastolari.  Euskaldun guztioi jaian parte hartzeko gonbitea luzatzen diegu, ikastolek Euskara sustatzea baitute ardatz. ERRIBERAN ERE EUSKARAZ! ESKERRIK ASKO ETA ZORIONAK!

Donostiako danborrada zuzenean eta euskararen presentzia AEBtan

AEBetan martxan jarri den euskara ikasteko kanpaina bat eta “Lokaleroak” saioaren azken txanpa izan ditugu hizpide aste honetan Facebookeko orrialdean. Gaur, gainera, San Sebastian Eguna da eta egunak edo, gaurko gauak emango duena errepasatuko dugu. Eta ezin ahaztu dezakegu Txillardegiren heriotza. Kontu horiek eta beste batzuk gaurko laburpenean!:-)

Ameriketan euskararen presentzia handia da eta aste honetan AEBtan euskara ikasteko kanpaina baten berri ematen genizuen Facebookeko orrialdean. Kanpaina iragartzeko prestatu duten bideo mundiala partekatzen genuen zuekin guztiokin:

Eta gaiaz aldatuz, gaur egun handia dute Azpeitian eta Donostian: San Sebastian eguna! Danbor hotsak nonahi entzungo dira gaurkoan Donostiako eta Azpeitiako kaleetan, eta ekitaldiak arratsaldean hasi badira ere, une gorena gaueko 24:00etan izango dute Donostian. Bertara joaterik ez duzula? Lasai! Donostiako Danborrada zuzenean ikusteko aukera izango duzu eta! 2012ko Danborrada mundiala izango da. Arantza Gracianek “anginekin eta guztia danborradara ihes egingo lukeela” esan zigun horman. Ondo pasa bertan izaten zareten guztiok!

Hilabeteak daramatza “Lokaleroak” ETB-1eko saioak Euskal Herriko gazteen lokalak bisitatzen, eta dagoeneko azken txanpan sartu da. Datorren urtarrilaren 24an erabakiko da zein izan den talde irabazlea, eta horretarako martxan da Lokaleroak lehiaketako botazio fasea. Eman al duzu dagoeneko zure botoa? Eta zeren zain zaude?

Txillardegi gogoan

Iragan asteburuan agur esan zigun Txillardegik luzaroan pairatu zuen gaixotasun batek jota. Euskara batuaren sustatzaileetako bat izan zen, eta horretaz gain, idazlea eta politikaria, berau izan baitzen ETAren sustatzaileetako bat. Hunkitu egin gintuen hizkuntzalariaren heriotzak, eta are gehiago duela gutxi Euskadi Irratian izan zeneko Txillardegiren hitzak entzutean.  1927ko irailaren 27an Donostian jaioa, ‘Txillardegi’k idatzitako ‘Leturiaren Egunkari Ezkutua‘ eleberria euskaraz idatzitako lehen nobela modernoa izan zela azpimarratu beharra dago. Eskerrik asko egin duzun guztiagatik!

Euskaraz bizitzea da euskaldun guztion nahia, eta horretarako, gaur bertan euskarazko film laburren lehiaketaren berri eman dizuegu. Martxoaren 18ra bitartean aukera du nahi duen orok euskaraz bizitzeko eta lehiaketan parte hartzeko. Animatzen al zera? Era bikaina da euskararen jolas egiteko!

Eta euskararen txokoan jorratu diren gaiei errepasoa eginez, agur esateko ordua heldu da. Izan zoriontsu, eta jarraitu Euskaldunok Euskaraz Facebookeko orrialdean eta Euskararen blog honetan euskaldunoi interesatzen zaizkigun gaiak partekatzen. Badakizu, EUSKARA DA EUSKALDUN EGITEN GAITUENA! 🙂

Euskarak eta ilargiak Gales argitu dute urte berria hastearekin batera

Euskara protagonista izan da egunotan non eta Galesen! Bertako ikasle batzuk Ken Zazpi taldearen “ilargia” kantua abestu dute, eta nola ez, Euskal Herri osoan izan du ohiartzuna, baita Euskaldunok Euskaraz orrialdean arrakasta izan du. Ekimen honen nondik norakoak aztertuko ditugu, eta euskal internauta #sexyenak nortzuk diren errepasatuko dugu zuekin guztiokin. Baina aurretik… URTE BERRI ON EUSKALDUN! 🙂

Maiz entzun ditugu etxean, kalean, parrandan…“Zuretzat, ilargia, lapurtuko nuke gauero…”? Eñaut Elorrietaren hitzak. Ba oraingoan Euskal Herritik haratago joan dira hitz horiek, eta Galesko hainbat ikasle Ken Zazpiren “Ilargia” kantua abesten ikusi ditugu aste honetan. Zazpi urte igaro dira kanta hau lehenengoz entzun zenetik, eta orain, Iñaki Pierolari esker, kantua Galeseko gazteen artean entzuten da. “Gezurra ematen du”, esaten zigun Mitte Galdeanok. Endika Cerezak, berriz, “Gexei ga euskaldunak!”, zihoen. Guztiok ere harrituta geratu gara ikusitakoarekin. Euskaldunon ilargiak Gales argitu du; Ainere Ortegak esaten zuen bezala…. “Zelako pasada!”. Hunkigarria, benetan, Iñakik egindako lana. Zorionak!

Euskaldunok ez dugu ospe onik izan ligatzeko orduan, sexy hitza entzuten dugun bakoitzean, ordea, gure bihotzak piztu egiten dira. Euskal Internauta sexyena ezagutzeko asmoz, #sesisesi ekimena aurkeztu genizuen horman. Aurretik Joxe Rojasek sarean inkesta bat abiatu zuen eta bolo-bolo zabaldu zen Twitter bidez.

Hizkuntzarekin jolas egiteko helburuarekin, berriz, Euskarazko Palindromo Lehiaketan parte hartzera gonbidatzen genizuen esteka honekin. Oraindik garaiz zabiltzate, otsailaren 15ean izango baita lanak bidaltzeko azken eguna. Badakizue, euskararekin eta euskaraz ondo pasa nahi izatera, ez galdu aukera!

Eta honekin batera, beste ekimen interesgarri baten berri eman nahi dizuegu. Izan ere, aste honetan Ni Euskalduna-k euskaldunon txokoan parte hartu du eta euren bideobloga eta Facebooka partekatzeaz gainera, gure herrien historia eta sentimenduak konpartitzeko gonbitea luzatzen zigun. Bideo honetangure aiton-amonek kontaturikoa ikus dezakezu”, esaten zigun, eta laster “gure aiton-amonen kanten bideo bat ikusi ahal izango duzue 😉”. Irrikaz gaude ikusteko.Esker mila!

Gabonak euskaraz!

Gabonak egun ederra izaten dira plan ezberdinak egiteko izan lagunekin edo familiarekin. Hori dela eta, eguberriak gerturatzen ari zirela eta hainbat kontu ekarri genituen Euskaldunok Euskaraz orrialdera. Batetik gabon gauean Euskal Kantuen Gaua 2011 ikustea animatzen genizuen, euskal kantuak entzunez, gau ederra pasatzeko.

Bestetik, eta egun hotz eta euritsuetarako, euskarazko filmak online eta doan ikusteko aukera zegoela jakinarazten genizuen. Josune Arestik pozik irakurri zuen albiste hau. “Eskerrikasko informazioagatik. Orokorrean nire ustez Euskarazko filmak oso ondo eginak daude eta nik behintzat gustuko ditut”, esaten zuen. “Izarren Argia”, “Aupa Etxebeste” edo “Kutsidazu bidea, Isabel” bezalako pelikulak aipatzen zituen. Badakizue, horiek eta beste asko ikusgai dituzuela.

Eta bi hitzordu musikal. Iparraldeko kantuak gustuko dituenarentzat, Baionatik Bilbora jaialdia ikusteko deia egiten genuen. Gainera, Xabier Lete Gogoan kantaldia online ikusteko aukera eskaintzen genizuen, bertara joaterik izan ez duenarentzat. “Benetan handixe zinen eta zara Xabier. Gogoan zaitugu.”, zihoen Unai Agirrek euskaldunon horman.

Santiago Gangoitiak eta Josune Arestik ere gurean parte dute  Urte Berri On esanez. Atzo kontatzen genizuen bezala, 2012rako asmo bat dugu, Euskaldunon Euskaraz Facebooka handiatzea eta nola ez, euskara sustatzea. Korrika 17k ere, euren orrialdea partekatzeaz gain, gauza bera eskatzen zion urte berriari; “Euskara ikasten, maitatzen, erabiltzen duten EUSKALAKARIak gure orrialdean elkartzea”. Eta Ugaitz Iturberen hitzek, agur esango diogu gaurko postari: “Astindu mingaina euskalakari!!!”. Pozik bizi! 🙂