Euskarak izango al ditu 10.000 lagun Facebooken? Erronka bero dago

Euskararen Eguna ate joka daukagu eta eguna mundiala izatea nahi dugu. Hori dela eta, Facebookeko orrialdean erronka abiatu genuen duela aste batzuk. Dagoeneko ba al zara Euskaldunok Euskaraz orrialdearen lagun? Abenduaren 3an izango ditugun kontzertuez gainera, euskararen inguruko beste hainbat konturi errepasoa egingo diegu gaurkoan. Goazen, bada, laburpenarekin! 🙂

Euskaldunon eta Euskararen txokoak ez du arnasarik hartzen, eta euskararen inguruko jakintza aditzera emateaz gainera, egunotan erronka ederra daukagu martxan, datorren abenduaren 3rako, 10.000 lagunek euskaldunok euskaraz orrialdea gustuko izatea. Horren aurrean, zuetariko askok horman parte hartu duzue eta erronka lortuko dugula aipatzen zenuten. Joxemari Carrere, esaterako, erronkatik haratago joan: “10.000 bakarrik? Gu Roberto Carlos kantari brasildarra baino gutxiago ez gara izango, badakizue: “Yo quiero tener un millón de amigos…” Hark lortu bazuen… guk 2 milioi, edo gehiago!!!”. Ohiana Prietok, Iker Iturriegik, Gurutzeta Sorondok eta Izaskun Kortazarrek ere lortuko dugula uste dut, eta Imanol Ibaigorriagak, berriz, hitz eder hauek uzten zituen euskararen txokoan: “Berbetan, eskribiduten, esateko eran, nazena naz euskaraz, besarkada bat danoi”. Besarkada handi bat zuri ere, baita gugan sinestu duzuen guztioi ere!

Eta ez gara aspertuko Euskaren Eguna mundiala izango dela esaten. Gaztea irratiak ere orrialdean parte hartzen zuen eta, datorren abenduaren 3an, Euskararen Eguna dela eta, Gasteizko Mendizorrotza Kiroldegian hainbat kontzertu izango direla kontatzen zigun. Gogora ekartzen zuen, gainera, “Euskaldunok euskaraz orrian erronka dutela eta abenduaren 3rako 10.000 lagun izatea nahi dutela. Lortuko al dute?”. Lortuko ez dugu ba! Zuen laguntzarekin, hori eta gehiago lortuko dugu, ziur. Gatibu, EH Sukarra, Kerobia eta Hesian taldeak izango dira Euskararen Eguneko giroa berotuko duten taldeak.

Euskara telebistan eta teknologia berrietan

Teknologia berrien presentzia geroz eta handiagoa da euskal gizartean, eta euskarak ere badu bere txokoa mundu honetan. Iragan ostiralean euskarak Facebookean proba-garaia gainditu zuela kontatzen genizuen. Aurrerantzean, beraz, Facebook sare sozialak eskaintzen dituen tresna guzti-guztiak dagoeneko euskaraz ditugu!

Hau guztiaz gainera, eta teknologia berrietan euskara areagotzeko asmoz, igande honetan, azaroak 20, hauteskunde gaua euskal blogariekin pasatzeko gonbitea luzatzen genizuen. Hirugarren hitzordua da hau, duela bi urte pasatxo hauteskunde autonomikoetan egin baitzen lehenengoz baita azken udal eta foru hauteskundeetan ere, bigarrengoz. Animatzen al zara 2011ko hauteskunde orokorrak euskal blogariekin igarotzera? Gainera, Txio zerbitzua probatzeko aukera izango da, hitzordu ezberdinak sare sozialen bitartez jarraitu ahal izateko zerbitzu berria.

Eta sare sozialetatik telebistara egingo dugu saltoa, izan ere, astelehen honetan Mihiluze saioak, euskararekin jolas egiten duen saio honek, denboraldiko lehen sari potoloa banatu zuten eta, hala, Aitor eta Iñigok 22.815 euroko saria irabazi zuten. Aupa bikote, zorionak, eta segi euskaraz jolasean!

Eta amaitzeko, bertsolaritza gustuko dutenentzat aipamena. Pasa den igandean Hitzetik Hortzera ETB-1eko saioa eskaini zen telebistan. G Puntua eta Sarako bertso afaria izan zituen protagonista, eta EiTB Nahieran saioa oso osorik ikusteko aukera eskaintzen genizuen. Ikusi al duzue? Benetan merezi du!!

Eta honekin gaurkoz amaiera emango diogu laburpentxoari. Badakizu, euskaldun, hauxe da zure txokoa. Partekatu euskararen inguruko albisteak, hitzorduak, argazkiak… Guk zuek esandakoak Euskararen blog honetan bilduko ditugu. Eta ez ahaztu, egin euskaraz! Muxu potolo bat guztioi eta laster arte! Pozik bizi! 🙂

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude