EITB Musika irrati-katearen programazioa erakusten duen bloga. Abestiei, abeslariei, musika-estiloei eta musika-generoei buruzko informazio guztia blogseitb.net-en
Gaurko egunez, 1982.urtean, Madness Erresuma Batuko singlerik arrakastatsuen lehenengo postura iritsi zen “House of Fun” singlearekin. Kanta honetan, 80.hamarkadako ska revivaleko talde protagonistetako bat izan zenak adinez nagusi izatearen ospakizunaz hitz egiten du, ordura arte debekatuak izan diren tentazioz beteriko garai berria agurtuz. Welcome to the house of fun!
X taldearen bigarren diskoa, Wild Gift, gaurko egunez argitaratu zuten, 1981.urtean. Los Angeles-eko punk eszenako bandarik esanguratsuenetako bat izandako honen lehenengo lau diskoak – Los Angeles (1980), Wild Gift (1981), Under the Big Black Sun (1982) eta More Fun in the New World (1983)- orduko lanik txalotuenetako batzuk dira. The Doors-eko Ray Manzarek-ek “deskubritu” zituen. Orduan sasoian, punk-ek hippiak gorrotatzea espero zen baina beren aitabitxiaren ospeak disdira berezia eman zien beraiei. Gainera, Exene Cervenka abeslariaren umore adimentsudun hitzek eta beren soinuaren espektro zabalak (country, folk eta rock gogorra uztartzen zituzten) benetan berezi eta deigarri bilakatzen zituzten.
Manual of Errors, gaurko egunez, 1982.urtean argitaratua, Philip Lithman-en bakarkako hirugarren diskoa izan zen. Gitarrarekin zuen abileziarengatik Snakefinger izen artistikoa hartu zuen eta horrela aurkezten zuen bere burua. 70.hamarkadaren hasieran, Londresetik San Francisco hirira joan zen eta han the Residents talde esperimentalarekin egin zuen bat, baina haien artean ez zuen oso ondo ematen: ez omen zen beraiek bezain arraroa, baina, egia esan, mainstream-erako ere ez zen nahikoa “normala”.
Dexy’s Midnight Runners britaniarren lehenengo diskoa entzutera gonbidatzen zaituztegu. Gaueko hamarretatik aurrera Eitb Musikan Searching for the Young Soul Rebels (1980) gure Eguneko Diskoa bihurtuko dugu. “Geno” eta “There, There My Dear” bezalako klasikoak bere baitan dituen lan honek Erresuma Batuko publiko gazteari soul musika gerturatu zion. Disko honen ostean, taldearen hasierako formazioa banatu egin zen, Kevin Rowland liderraren autoritarismoak egoera jasangarria bilakatu baitzuen beste kideentzat. Hala ere, Rowland-ek Dexy’s izenarekin jarraitu zuen, eta handik gutxira “Come On Eileen” (1982) arrakastatsuarekin mundu guztian ezagun egin ziren.
Zuen iritziak