EITB Musika irrati-katearen programazioa erakusten duen bloga. Abestiei, abeslariei, musika-estiloei eta musika-generoei buruzko informazio guztia blogseitb.net-en
Gaur gaueko Eguneko Diskoa Dr Feelgood ingelesen debut lana izango da. 70eko hamarkada hasieran Canvey Island eskualdean sortutako laukote honek, pub rock musikaren aitzindarien artean egon zenak, betiko rock and roll musika egin zuen eta horixe da euren aurkezpen diskoan jaso zutena; rock sinplea, zuzena eta energia handikoa, alegia.
1975eko Down By The Jetty Rockfield estudioetan grabatu zen, Galesen, zuzeneko disko bat izango balitz bezala, musikari guztiekin batera jotzen. Eta horrela grabatu izanak ez gaitu harritzen, taldeak zuzeneko bikainak ematearen fama baitzuen. Dr Feelgood taldeko kideek, Vic Maile ekoizlearekin elkartu eta euren debut diskoan kontzertuetako soinu berdintsua lortu nahi zutela azaldu zioten. The Who taldearen Live at Leeds diskoaren ekoizleak onartu egin zuen erronka eta emaitza 22:00etatik aurrera izango duzue entzungai, EITB irratian.
Hugh Laurie, House telesaileko protagonistak, New Orleans-eko musikan oinarrituriko disko bat kaleratu du Joe Henry produktorearen laguntzaz.
Aktore britainiarra artista polifazetikoa da. Izan ere, aktore lanetatik at bi liburu kaleratu ditu, eta abesteaz gain pianoa ere ondo baino hobeto menperatzen du.
Hemen ikusi dezakezue, EITB Musikan egunero entzun daitekeen “Swanee River” kantuaren zuzenekoa:
T. Bone Burnett produktorearen laguntzaz, Estatu Batuetako kantu klasiko batzuen bertsioak naiz blues eta country-aren arteko kantuak eskaini dizkigute beraien lehen diskoan.
Kasu honetan 1963ko Nancy Baron-en “I’ve Gotta Feeling” kantuaren bertsioa entzun dezakezue EITB Musikan:
Hainbat single eskaini ostean eta Ingalaterrako underground panoraman bere tokia egin ondoren, Phil Barry, Mr. Fogg bezala ezagutara eman den musikariak, bere estraineko diskoa kaleratu du “Moving Parts” izenarekin.
Pop elektronikoan oinarriturik dago bere musika, soinu gozo, melankoliko, baina aldi berean, erraz digeritu daitezkeen kantuekin.
EITB Musikan entzun dezakezun kantua, diskoari izena ematen dion “Moving Parts” izenekoa da:
“Nahiz eta batzuetan musikarekiko lotura galdu dudan, berak beti aurkitu izan nau“. Horrela aurkeztu du bere burua Zaz abeslari frantziarrak, igarotako ibilbide musikal anitzaren ostean, bere lekua bilatu duela dirudienean.
“Jazz-eko ahots urratu bat bilatzen da” zioen iragarki batek, abeslariak berak, nu-jazz, soul eta akustika bezala definitzen duen proiektu berri honetan murgilduarazi zion. Emaitza, Frantziako merkatuan arrera bikaina jaso duen kantu alai eta itsaskorrez osaturiko lan bat da.
1973ko Pronounced Leh-nerd Skin-nerd Floridako Lynyrd Skynyrd taldearen debut diskoa izan zen. Southern Rock musikaren kanta ederrenetako batzuk sortu zituen talde honek instituto garaian euren Hezkuntza Fisikoko irakaslea izan zen Leonard Skinner-en omenez hartu zuen izen bitxi hau. Beti umore txarrez zegoen irakasle honek, euren txima ile luzeak zirela eta oihu eta iseka egiten baitzien. Bekoki iluneko gizon hari txantxa bat egin nahian Lynyrd Skynyrd izenaz aurkeztu ziren eszenatokietan.
Hegoaldeko errepide galduetako tabernetan eman zituzten zenbait urte baina Atlantako club batean jotzen zeudela, Al Kooper ekoizleak entzun zituen eta MCA zigiluarekin disko bat kaleratu nahi ote zuten galdetu zien. Disko honek “Tuesday’s Gone”, “Simple Man” edota “Free Bird” bezain kanta zoragarriak aurkeztu zituen eta taldea izarretarantz bidean jarri. Tamalez euren musika beti egon zen polemikaz zipriztindua, Amerikar Estatu Konfederatuen bandera eurena egin baitzuten.
Gaur gauean, hamarretatik aurrera, guzti honetaz hitz egingo dizuegu baita beste zenbait konturi buruz, ere, Lynyrd Skynyrd taldearen estreinako diskoari eskainiko diogun saio berezian. Zatozte aintziterako rock musikara!
Zuen iritziak