Egun bat Musikan: BERRY GORDY JR
Berry Gordy Jr, Motown diskoetxearen sortzailea eta soul pop musikaren historiako enpresari eta ekoizle garrantzitsuenetako bat, gaurko egunez jaio zen 1929an, Detroit hirian.
1957an sortu zuen bere lehen diskoetxea, Tamla izenekoa, eta 2 urtetara jarri zuen abian bere bigarren proiektua, Motown. (Motor town) diskoetxeak, Tamla xurgatuko zuen, azkenik, eta Motown izenaren inguruan eratuko zuen Berry Gordyk, ondorengo urteetan, bere musika inperio guztia. Motown soul musikaren istoriako zigilu garrantzitsuenetako bat izateaz gain, 60ko eta 70eko hamarkadetako kanta arrakastatsuenetako batzuk ekoiztu zituen diskoetxea ere bada.
Berry Gordyk, soul musika entzule zurien etxeetara eraman zuen eta lehen aldiz historian, musika beltza mainstream-era, amerikar pop zerrendetara, iristea ahalbidetu. Konposatzaile, interprete eta ekoizle afroamerikarrez osatutako zigilu honek bete betean asmatu zuen, arrakasta honen erantzule izan zirelarik ,besteak beste, Holland-Dozier-Holland musikagileak. Motown diskoetxeak kaleratutako single-en %75-a ( hau da, 4 kantatik 3) Estatu Batuetako arrakasten zerrenda nagusietako Top 40an sailkatu zen.
Gordyk ez zuen single bakar bat ere argitaratzen, aurrez, beribilean entzun gabe. Bere ustez, kanta batek irratian arrakasta izateko, beharrezkoa zen, autoa gidatzerakoan, kanta hau erraz entzuteko modukoa izatea, erabat itsaskorra izatea. Motown (Hitsville USA) soul musikaren historiako kanta, abeslari eta talde arrakastatsuenak eman dituen faktoria izan da.
Herb Alpert kaliforniar tronpetajolea poparen historiako musika instrumentaleko sortzailerik arrakastatsuenetako bat da. 1965eko gaur bezalako egun batean Whipped Cream and Other Delights bere diskoak Estatu Batuetako lehenengo postuak kolpatu zituen. "Whipped cream" esnegain harrotuari esaten zaio ingelesez. Izan ere, disko osoko kanta guztien gai nagusia janaria da edo janariarekin lotuta daude (El Garbanzo, A Taste of Honey, Peanuts, Tangerine…). Kanta guzti hauek jada XX.mendeko easy listening instrumentalaren klasikoak dira.
1968ko azaroaren 26an eman zuen The Cream hirukote ingelesak, Londreseko Royal Albert Hall antzokian, bere ibilbideko azken kontzertua.
Jim Noir Manchester hiriko bakarlariak bigarren bilduma kaleratu du, Jim Noir deitua. 2006.urteko Tower of Love debutean erabilitako formula errepikatu egin du: apar eta burbuila elektronikoak, aire psikodelikoak, sunshine popetik jasotako ahotsak eta hitz umoretsuak. Ezer berritzailerik ez dakar diskoak baina, gustatu zaizun jaki batekin bezala, gustoko hori berriz dastatzearen plazerrarengatik bakarrik merezi du errepikapenak. EiTBMusikan All Right, diskoko bigarren kanta, entzun dezakezu.
Percy Sledge, 1941eko gaur bezalako egun batean jaioa, betirako egongo da When a Man Loves a Woman baladari lotuta. Sledgek pasio eta estuasun oso sinesgarriz interpretatu zuen kanta hau. Bere interpretazioak eman zion benetako esangura eta soul mamia kantari. Egia esan, kanta guztiak modu berean abesten zituen, estura indartsua erregu dardaratia bilakatuz, askotan. Bere ahotsak 60.hamarkada amaierako hegoaldeko soul sakonaren abeslaririk garrantzitsuenetako bat bilakatu zuen.
Matachin Bellowhead talde ingelesaren hirugarren bilduma da. Bere herrialdeko folk musikari beste buelta bat eman dion banda dugu Bellowhead. Kanta eta dantza tradizionalak jotzen dituzte baina oso modu gaurkotu eta berezia, lau piezako metal sekzioak lagunduta. Eitbmusikan Fakenham Fair kantarekin entzun ditzakezu.
1983ko azaroaren 24an, The Undertones irlandarrek agur esan zieten euren jarraitzaileei eta taldea desegina zegoenaren berria emanez. John eta Damian O’ Neill anaiek That Petrol Emotion taldea sortu zuten Raymond Gorman-ekin batera eta Feargal Sharkey abeslariak, bere aldetik, bakarkako bideari heldu zion.
1981eko azaroaren 21ean, Olivia Newton Johnen Physical Estatu Batuetako arrakasta zerrendetako lehenengo postuan zen. Hau izan da Greasen protagonistaren ibilbide musikaleko kantarik arrakastatsuena. Ordura arte egin zuenetik urrundu egiten zen abesti hau: soinu goxoetatik estilo probokatzaileago batera pasa zen eta, esan bezala, arrakasta izan zuen. Hala ere, hainbat irrati katetan zentsuratu egin zuten eta baita debekatu ere.Kantaren hitzen esplizitua konpetsatzeko-edo, Physicalentzat umorezko
Saint Etienne hirukoak duela hemezortzi urte kaleratu zuen bere lehenengo singlea, Only Love Can Break Your Heart. Neil Youngen klasikoaren bertsio berezi honekin beraien proposamen dotorea aurkeztu ziguten: elektronika soinu dantzagarriak, Sarah Cracknellen ahots erakargarria eta aurreko hamarkadetako britaniar pop musika elkartzen zituen proposamena. London Conversations izeneko bilduma bikoitz kaleratu berrian, Saint Etienneren kanta esanguratsu guztiak batu dituzte. Eitbmusikan errekopilatorioa zabaltzen duen kanta entzun dezakezu jada, aipatutako Only Love Can Break Your Heart.
1946ko azaroaren 20an jaioa, Tennesseen, Amerikako Estatu Batuetan, Duane Allman gitarrista The Allman Brothers southern rock taldearen kide sortzaileetako bat izan zen. 

Zuen iritziak