Rap-a Eibarko loteria saltzaileari, argazkiak, Alfa Arte…
Gabonetako loteriaren sari nagusia saldu zuen Eibarko saltzaileari eskainitako rap-a, Alfa Arte artista ezagunen eskulturen fabrika eta Eibarko argazkiak dira gai nagusiak asteon Facebookeko horman.
Ondotxo jakingo duzuenez, gure herriari irribarre egin zion zoriak abenduaren 22an, Gabonetako loteriaren zozketan, eta sari potoloa gurean egokitu zen. Horren berri zehatza eman genizuen blog honetan. Beno, ba kontuak soka luzea du. Izan ere, Maite Bazterretxeak gai honen inguruko bideo bat uzten zigun orrialdean: “Ze ona! “El lotero que ha vendido el Gordo se merece un rap”… Entzun, entzun!!!!”
Bai horixe, meritua dauka sari nagusia saltzeak….
Ramon Beitia eibartarrak eta argazkilariak ere meritu galanta du. Goiz esnatu ohi da herriko zein inguruko paisaien argazkiak ateratzeko eta, aurrekoan, haren argazki bat partekatu zuen Beñat Mendietak. Benetan polita…. zorionak Ramon!

Egunsentia Eibarren. Argazkia: Ramon Beitia (Beñat Mendietak igoa)
Artistak hizpide izaten jarraituko dugu Maite Bazterretxeak gurean utzitako beste esteka bati esker. Honakoa zioen: “Ez nekien Oteiza, Ibarrola edo beste askoren eskulturak herrian egiten zirenik…” Alfa Arte Eibarren dagoen enpresa bat da, artista ezagunen, besteak beste, Oteiza, Ibarrola, Miquel Barceló edo Philippe Starck, eskulturak egin dituzte. Guretzat ere deskubrimendu hutsa izan da, eskerrik asko Maite!
Aste honetako laburpena eginda, hurrengora arte agur esaten dizuegu. 2011ean ikusiko dugu elkar Facebookeko orrialdean, bien bitartean, ondo pasa!


Zure iritzia