Artxiboa

‘Historia’ atalaren artxiboa

Ba al dakizu nondik datorren gure herriaren izena?

2012(e)ko Ekainak 11 Eibar Iruzkinik ez

Gure herriaren izena txikitatik ezagutzen eta erabiltzen dugu. Eibartar bakoitzak hainbat sentimentu edota adiera lotzen dizkio ‘Eibar’ izenari. Baina ba al dakizue benetan nondik datorren izen hori? Egun batez, pentsatu al duzue zein izan daitekeen, guretako horren ezaguna den izen horren benetako adiera? Guri, jakin-mina piztu zaigu eta informazio bila ibili gara handik eta hemendik, geneuzkan duda horiek argitzeko. Hementxe jartzen dizuegu gure ikerketa xumearen emaitza.

Eibar. Argazkia: Ramón Beitia

Eibar. Argazkia: Ramón Beitia

Historian zehar aldatu egin den grafia

Gaurko izen ofiziala Eibar izan arren, gazteleraz zein euskaraz, hainbat moduz idatzi da herriaren izena aurreko urte eta mendeetan. Herriari buruzko lehen aipamena 1346koa da, garai horretan Gaztelako Alfonso XI.ak sortu zuen herria eta izen hau jarri zion: Villanueva de San Andres. Gutxi barru Heybar izena gehitu zioten eta Villanueva de San Andres de Heybar bilakatu zen. Halere beste hainbat idazkerarekin topo egin daiteke aitzinako idazkietan:

Ehibar,  Heybar, Éibar,  Eybar,  Heivar …

Baina zer nondik dator?

Eibar bi zatitan bana daiteke: E + IBAR. Herrien eta tokien izenetan askotan aurkitzen da ‘Ibar’ hitza: Zaldibar, Eibar, Elgoibar … Ibar hitzak (haran esan daiteke beste modu batez) bi mendien artean dagoen tarte luzea izendatzen du. Beste herrien kasuan hitz ezagun batzuekin lotuta dago:

Zaldibar: zaldu/zaldi + ibar

Elgoibar: elhorri + ibar…

Eibarri dagokionez, ordea, ‘E’ hizkia misteriotsuagoa da…

Eibar: Ego ibarra edo hegi ibarra?

Eibar: Ego ibarra edo hegi ibarra?

Ego errekaren Ibarra?

Askok diote ‘E’ hizkia ‘Ego’ errekaren izenetik datorrela. Kasu horretan ‘Eibar’, ‘Ego‘ errekaren ibarra’ litzateke. Ego + Ibar. Egoibar litzateke beraz jatorrizko izena. Egoibar → Egibar → Ehibar → Eibar. Hipotesia onartzeko erraza da, Ego erreka bertatik pasatzen delako, ez da, ordea, hipotesia bakarra.

Hegi Ibarra?

Beste batzuen ustez, ‘E’ horren atzean dagoen hitza ‘hegi’ da. Gaur egun Iparraldeko zenbait tokitan baino ez da erabiltzen hitz hau. ‘Bazterra’, ‘aldapa’ edo ‘tontorra’ izenda ditzake. Aldaparen ibarrean dagoen gunea izendatuko luke, beraz, Eibar izenak, hipotesia honen arabera. Hegibar → Ehibar → Eibar. Eibarko San Andres eliza ez al da errekaren bazterreko tontor batean?

Hipotesia hauek proposamenak baino ez dira. Zein da zuek nahiago duzuena? Beste hipotesirik baduzue? Esan iezazkiguzue blog honetan edo Eibarrek Facebooken daukan orrialdean!