Artxiboa

Azaroa, 2011 (r)entzako artxiboa

Haustekunde orokorren emaitzak Eibarren

2011(e)ko Azaroak 21 Ane Santesteban Iruzkinik ez

PSOE izan da alderdirik bozkatuena 2011ko hauteskunde orokorretan, Eibarren, 4.310 boto eskuratuta (%28). Amaiur, 4.087 bozekin (%27), da bigarren indar. EAJk 3.504 boto lortu ditu (%23) eta PPk, 2.048 (%13). IU-LV alderdiak 650 boz eskuratu ditu eta UPyDk, 204.

Abstentzioa %31koa izan da. Hori horrela, bozen %100 zenbatuta dagoela, hauek dira 2011ko hauteskunde orokorretako emaitzak Eibarren (Kongresua). Segidan duzue emaitzen grafikoa:

Emaitzok 2008ko hauteskunde orokorren ildoa jarraitzen dute garaileari dagokionez, baina bigarren eta hirugarren indarretan aldaketa izan da: Amaiur eta Alderdi Popularra dira orain postuotan. Orain hiru urte, hauek izan ziren emaitzak:

PSOE 6.780 boto (%45,47)

EAJ-PNV: 3.447 boto (%23,12)

PP: 2.002 boto (%13,43)

EA: 860 boto (%5,77)

EB-B: 704 boto (%4,72)

Aralar: 608 boto (%4,08)

Abstentzioa: 7.829 (%34,27)

Datozen lau urteetakorako argazki politikoa mahai gainean dago. Zuen iritzi eta balorazioen zain geratzen gara, blog honetan bertan edo Eibarko Facebookeko orrialdean.

Film laburrak jaun eta jabe Eibarren aste osoan zehar!

2011(e)ko Azaroak 18 Ane Santesteban Iruzkinik ez

Eibar Asier Errasti XII. Film Laburren jaialdian murgilduta dago egunotan. Hitzorduak eman dituenak eta igandeko hauteskunde orokorrak izango ditugu mintzagai, besteak beste, gaurkoan, horiek izan baitira gai nagusiak Facebookeko orrialdean.

260 lan aurkeztu dira XII. Film Laburren jaialdira, eta antolatzaileak pozik azaldu dira parte hartzearekin. Esteka honekin kontatzen genizuen herriko zortzi film labur aurkeztu direla, eta euskarazko lanak guztira hamabost zirela. Bihar amaituko da jaialdia, beraz oraindik ere garaiz zabiltzate lan eder hauek ikusteko. :-)

Igandean hauteskunde orokorrak ospatuko dira Eibarren, eta zuzenean jarraituko ditugula aipatzen genizuen. Azken postean kontatzen genuen bezala, 18:00etatik aurrera gertatzen den guztia jarraituko dugu Eibarko blog honetatik. Badakizue zuen ekarpenak beti ongietorriak izango direla, eta nahi adina iruzkin utz ditzakezuela.

Eta duela minutu gutxi Jesus Elorduik esteka hau partekatu du Facebookeko orrian. Penaren penaz kontatzen zigun bihar Eibarren egingo den Rallysprintean Ángela Vilariño gidari hondarribitarrak  ezin izango duela parte hartu Euskadiko Automobilismo Federazioak aginduta.

Eta albiste triste honekin amaiera emango diogu gaurkoz gure postari. Badakizue Eibarko kontuak jakin nahi ditugula, eta horretarako Facebookeko orria dela txokorik onena. Animatu! Guk geure aldetik zuek esandakoak blog honetan bilduko ditugu. Izan zoriontsu! :-)

Hauteskunde orokorrak Eibarren: zuzenean jarraituko ditugu!

2011(e)ko Azaroak 17 Ane Santesteban Iruzkinik ez

Azaroaren 20an 2011ko hauteskunde orokorrak izango ditugu eta udal eta foru hauteskundeekin egin genuen bezala, adi jarraituko dugu Eibarren gertatzen dena. Oraingoan ere interesgarritzat jo dugu gau horretan Eibarko hauteskunde orokorren emaitzak, grafikoak barne, unean-unean jakinaraztea. Ikusmin handia eragin du hauteskunde gauak, eta ziur gaude, giroa gori-gori egongo dela.

18:00etatik aurrera gertatzen den guztia jarraituko dugu Eibarko blog honetatik eta Facebookeko orrialdetik: jazoerak, balizko emaitzekin egindako porrak, eta… hauteskunde orokorren emaitzak Eibarren. Betiko moduan, zuen iruzkin eta ekarpenen zain gaude; horiek ere, hurrengo egindako post batean bilduko ditugu eta.

Zuen apustuak pentsa ditzazuen, hemen dituzue 2011 udal hauteskundeen emaitzak Eibarren:

PSE-EE: 5.024 boto

Bildu: 3.673 boto

PNV: 2.624 boto

PP: 1.112 boto

H1!: 299 boto

Eta 2008ko hauteskunde orokorren emaitzak:

PSOE 6.780 boto (%45,47)

EAJ-PNV: 3.447 boto (%23,12)

PP: 2.002 boto (%13,43)

EA: 860 boto (%5,77)

EB-B: 704 boto (%4,72)

Aralar: 608 boto (%4,08)

UPyD: 97 boto (%0,65)

Abstentzioa: 7.829 (%34,27)

Adi, hortaz, blog honetara eta Facebookeko komunitatearen orrialdera. Emaitzak jakin ahala, jakinarazten saiatuko gara eta, hala, 2011ko hauteskunde orokorren Eibarko emaitzak ezagutuko ditugu.

Marka berria Eibarren: herriko 1.000 lagun bildu dira Facebooken

2011(e)ko Azaroak 4 Libe Mimenza Iruzkinik ez

Eibarko 1.000 lagun Facebookeko orrialdean biltzea lortu dugu. Zorionak guztioi, txapeldunak gara eibartarrak! Hauxe izango da gaurko laburpeneko gai nagusia… Baina badira gehiago!

Hasteko eskerrak eman beharrean gaude, izan ere, beste behin, onenak garela erakutsi dugu eibartarrok :-) . Talde handia osatu dugu gure txokoan, eta hori guztia zuei esker, komunitate hau bizirik mantentzearen arrazoi nagusietako bat zuek zarete eta izugarri pozten gaitu horrek. Aurretik aipatu dugun bezala, Eibarrek marka ezarri du eta dagoeneko 1.000 lagun gara Facebookeko orrialdean. ZORIONAK bihotz bihotzez! Hemen Eibarko jendeak herriaren inguruan hitz egiten du, betiere errespetuz, eta aurrerantzean ere hala izatea nahiko genuke, beraz, jarraitu Eibarren inguruko albisteak, abisuak, iritziak edo deialdiak orrialdean partekatzen, oreibartarron erreferentzia izaten jarraitu nahi dugu eta. Aupa zuek eta esker mila berriz ere! :-)

Eta beste kontu batzuetara egingo dugu saltoa. Iragan astelehenean, azaroak 1, Santu Guztien eguna edo Domu Santuen Eguna ospatu zen, eta Eibarko hilerria ere, urteroko legez, lorez jantzi zen. Ohikoa da egun horretan hilerrira joan eta hildako lagun eta senitartekoak gogoratzea. Horren harira, ETB-2ko Euskadi Directoko lantaldea gure herrira hurbildu zen, Eibarrek etxeko animalia edo maskotez agurtzeko tanatorio edo beilatoki bat zabaldu baitu duela ez asko. Ekimen berritzailea da hau, eta Mariaje Beorlegik bideo honen inguruan bere iritzi propioa ematen zuen “Eibarren maila” dagoela adieraziz.

Eta toki berezi hau aurkeztu eta gero, gaurkoz amaiera emango diogu gure postari, hori bai, aldez aurretik, berriz ere gure esker ona adierazi nahi dizuegu Facebookeko orrialdean parte hartzeagatik, 1.000 lagun ez baitira egunero egiten. Zorionak eta segi horrela, Eibarrek merezi du eta. Gainera, badakizu hemen kontatzen dituzuen kontuak blog honetan laburtzen ditugula, herritarren azaltzen duten moduan. Pozik bizi eta asteburu on guztioi! :-)