S.D Eibar bigarren postuan eta Errebal aparkalekua konponduta
S.D Eibar taldea bigarren postuan dagoela, eta Errebal asfaltatu dutela dira orrialdeko kontu nagusiak aste honetan.
Gure herriko futbol taldea primeran ari da, eta oso partida erabakigarriak geratzen zaizkio, Maite Bazterretxeak zera aipatu du gurean: ‘Eibar bigarren postuan!!! Larunbatean Lemoaren kontrako partida 16:00etan. Aupa Eibar! Hiru partida Liga bukatu eta Igoera Play Offerako lehian arituko da gure taldea!!!’ Mirandes, Eibar, Alaves, Real Union, UD Logroñes, Palencia eta baita Osasuna B ere igoerako postua lortzeko lehian egongo dira. Informazio gehiago nahi baduzu, hemen dago esteka interesgarri hau.
Bestelako kontuak orain, futbol zelaiarekin inolako harremanik ez duena gainera. Errebal asfaltatzeko lanak egin dira eta orain zeharo desberdin dago, jada, ez dira putzuak egiten eta autoa bertan ondo aparkatu daiteke, baina horren aurretik, Mendikutetar Josuk zera utzi zuen gurean: ‘duela urtebete esan zuten ez zutela asfaltatuko Errebal, asko jota urtebeterako izango zelako eta 120.000 euro balio zuelako. Orain asfaltatuko dute, 30.000 euro dira eta ez 120.000 esan zuten moduan; eta teorian obrak udan hastekoak ziren. Hauteskundeen aurreko presak…’ Kontuak kontu, hemen uzten dizuegu Josuk oparitutako lotura.
Kirola nahi baino gehiagotan albiste delako, guk ere, hemen horrela jasotzen dugu zuen parte hartzeari esker. Aste Santuan jokatutako derbya zela eta denetik entzuten zen eta Itxaso Apraizek honako albistea ekarri zuen gurera: ‘¿Iñigo Ruizek asteburuan Athletic-ekin jokatuko du? Horrela balitz, Realaren kontra jokatzen estreinatuko litzake!!!?’ Hori, partida jokatu baino lehenago, Euskadiko hautatzailea den Joseba Nuñez berak ere iragan astean horrela ikusten zuen Eibarko jokalaria: ‘Oso ona da, oso konpetitiboa, zoragarria. Ezagutzen ez duela harrituta utziko du’. Pena, ez zuela egun horretan partidarik jokatu baina…aipatutakoak ez dira batere albiste txarrak, bertan duzu albistea irakurtzeko aukera.
Aste honetako laburpena ixteko, orain kioskora bidea hartzeko gomendioa, izan ere, Ane Goikoetxearen oharrak zera dio: ‘Egoibarra aldizkariaren azken zenbakia kalean da!’ Badakizu beraz, gure orrialdean eta baita gure herriko blogean informazioa lortzeaz gainera, baduzu hemen ere beste aukera bat. Eskerrik asko zure parte hartzeagatik eta laster arte.

Zure iritzia