Tag Archives: Kontxako bandera

Aupa Orio!

  • Menéame0

Bai, jakin badakit gaur Orio aupatzen lanik ez zela. Lehendik ere aitortu izan dut kirolaz tutik ez dakidala, baina hainbeste bai, badakit. Gaur, ordea, horixe dut buruan behin eta berriz : Aupa Orio !

orio

Bizitzak badaki maiz kasualitate itxuraz jazten berez halakoak beharko luketen momentuak. Aspaldian Oriorik gabeko Kontxa berbera izan da nire amonarik gabe bizi izan dudan lehen Kontxa. Zenbiten pozak sorarazitako malko berberak egin dit irrist masailetik eguerdian niri ere.

Gure amona Inaxi Aginakoa zen. Aginakoa jaiotzez, Oriokoa bihotzez. Horien alde egiten zuen, txikitan bezela, zahartzaroan ere. Bizitzaren gorabeherek itsasaldetik lehorrera eraman zutenean, bi ziren batez ere,  errioa gure egunerokora ekartzen zuten hitzorduak. Bata, lagun zaharrak angula bete kaxatxo bildatzen zioneko urteroko hitzordua. Laguna hiltzearekin batera bukatu zen gure pagotsa. Harez geroztik, gulek bete zuten urteroko opariaren tokia. Amonak ordea, telebistako erreportai batean begiak margotzen zizkiotenekoa ikusi zuenetik, ez zituen sekulan gogoko izan. Jatorrizkoa nahiago, ordezkoa baino. Bestea, Kontxako banderanekoa zen. Igandeko hamaiketakoarekin batera, txikitan Donostira joaten zireneko pasartea entzuten genuen urtea joan urtea etorri. Baina batez ere, itsasoaren agindutara zeuden mutil horiek sorarazten zioten beldurra eta haien nagusitasunak eragiten zion emozioaren arteko nahasketa somatzen genuen haren aurpegiko zimurretan.

Lehengusuak koxkortzearekin batera, estropadetako hitzordua garrantsitsuagoa egin zen urtez urte. Lehengusuetako bat arraunlari hasi zelako batetik, eta beste bi lehengusuk mutil laguntzat arraunlari bana hartu zutelako. Eta hortxe hasi zen Inaxi gaixoaren buruhaustea: Bihotza bitan edo hirutan banatu zitzaion. Fernando, Donibanen arraunlari, Mirenen mutila, Castron, eta Anerena berriz, Urdaibain… Baina Orio, beti Orio. Gure amonaren bihotzak, halere, beti izan zuen argi zein zuen patroi, zein zuen jarraitu beharreko bidea. Eta bilobak, biloba zituen. Bereak zituen. Familikoa zen bere kolorea. Adarjotze ugari izan zuen elastiko aldaketa horren zigor. Igandeko bazkalosteko txantxarik gogokoena bihurtzu zen amonaren desertzioa. Bere burua defendatu beharrean aurkitzen zen, norberak bereari eutsi behar diola leporatzen genionean. Argi zuen harek, ordea, ez ziola inori inolako traiziorik egin, bereetan bereena zein zuen bazekielako. Eta argi dut nik orain, Orioko zaletasunak sorarazten didan mirespena, amona Inaxiri diodan berbera dela. Batek zein besteek, guztiek ere argi dutelako, haizea aldeko edo kontrako, olatuen talkari aurre egiterakoan edo aldeko izaterakoan, bereen alde, eta bereekin batera egin behar duela batek arraunean traineruak aurre egingo badu. Gaur beraz, ez batzuk ez bestea Kontxan izan ez diren honetan, oriotarrak baina batez ere amona izan dut nik barruko itsasoan arrauna astinduz. Aupa Orio… eta aupa amona!