Mapatxoaren marrak

Inoiz baino euskalautonomierkidegotarragoa izaten ari da hauteskunde kanpaina. Nafarroa eta iparraldea gai zerrendetatik kanpo geratu dira antza. Astebete barru, ordea, irabazten duenak irabazten duela, gure mapatxoa ahotan hartuko du. Horregatik aipatu nahi dut gaur, eta ez datorren astean, mapa horren berri. Etsaiak piztutako poxpoloak berehala hartzen duelako sua, baina barruko suak ere ziria erre beharko luke, eta ikusi dudanez, ez da halakorik gertatu.mapa

Hilabete inguru bada ETBn eguraldi tarte laburtxoak egiten hasi garela.  Edukia ez ezik, itxura ere aldatu dugu, eta tartean, mapak aldatu ditugu. Albiste bihurtu ginen azkeneko hartan, EAE ilundu beharra zegoela erabaki zuten nagusiek, alboko beste erkidegoetaz gehiago bereizte aldera. Mapa berrietan, ordea, ilunago bai, bazeuden hiru probintziak, baina lehen begiratu batean, ez zen alde askorik atzematen. Probetan eta entsaiuetan ari ginela, jabetu jabetu nintzela aitortuko dizuet, baina ez naiz ni izango nire begiei buruak eta bihotzak ikusten ez dituen mugak ikusaraziko dizkena. Eta zergatik ez, susmoa, edo esperantza banuen, nagusiei bi teleberri geratzen zaizkien honetan, ez zirela berriz ere borroka horretan hasiko. Usteak, ordea, erdi ustel. Bi astez euskaldun guztiak berde beretsuaz margotuta egon eta gero, iluntzeko agindua etorri zen. Mapa eta gaia, biak ilundu. Horra arte, eta orain artekoa ikusita, ulergarria. Baina ezustekoa, ondorengoa izan zen. Mapa berriaren hamaikagarren bertsioan, aspaldiko partez, marrak gehitu beharrean, marra bat gutxiago ageri zen.  Baina ez zen gehiketa bat izan, ez, kenketa bat izan zen. Hau nahasmendua… Iparraldeko muga ez zen ageri. Ez zen Biriatukoa falta, ez, iparreko muga zen falta zena.  Alegia, Frantzia osoa agertzen zela, inolako partiziorik gabe. Eta halaxe agertu da telebistan bi astez. Inolako kexurik ez dugu jaso. Ez da inolako lerrobururik izan. Eta tristura sortu dit horrek. Zuloa egin dit. Aitortuko dizuet iraupenaren gaineko kexuen erdiak marra horren gainekoak balira, gustora hartu izango nituela.

Zaudete lasai. Behin kontua argituta, marratxoa berriz ere hortxe da. Neronek ere lasaitu ederra hartu nuen, halako agindurik ez zela izan jakindakoan. Ohiko grafistaren faltan, aldaketaren egunean lanean ari zen ordezkoak ez zuen antza iparraldeko marra topatu. Topatu diot bai, marra hori ez delako existitzen, ez delako inongo aplikazioan ageri. Izango al da inoiz benetako! Izango al du behingoz iparraldeak izaera ofizialik! Hala bedi! Eta lehen bait lehen. Baina bitartean, eskuz marraztu beharrekoa izango da, asmatu beharrekoa. Marra lodiz. Batzuk ikusten ez dutelako, eta beste batzuk faltan botatzen ez dutelako. Aurki beraz marrak kenduko ditugu, eta ospatuko dugu, baina ez dezagun ahaztu, etsaiak jarritakoak baino gogorragoak izan daitezkeela norberaren mugak norberaren marrak.

2 thoughts on “Mapatxoaren marrak

  1. Juancar Etxeberria

    Ene! Inoiz ez nuen esango eguraldi mapa batek horrenbesteko gerra emango zuenik! Beti bezala, eskerrik asko zure zintzotasunagatik, Urko. Besarkada bat.

    Reply
  2. beste bat

    Gaur martxoaren 11 da eta PPSOEren maparekin jarraitzen dugu. Kategoria berean daude Leitza, Trebiñu, Hossegor edo Logroño.

    Noiz arte?

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude