Etiketa honen artxiboa: bilbo. kontsumoa

‘Sare sozialak eta marken mugak’, EBEuskadin

Felipe-Romero-Foto-150x150#EBEuskadiko egitarau zabalari buruzko xehetasunak ezagutzen ari gara, apurka apurka. Azken berria, horra: Estatuko merkatu-analista ezagunenetakoa den Felipe Romero (@flpromero) etorriko da #EBEuskadira, sare sozialetan marken erabileraz hitz egitera. The Cocktail Analysis enpresaren sortzaileetako eta zuzendaria da Romero. Dakizuenez, eitb.comen laguntzarekin, maiatzaren 12an egingo da blogei buruzko ekimen hau Bilbon, EITBren egoitzan. Romeroren hitzaldia goiz partean izango da, 11:30etatik 12:15era.

Kontsumoari, merkatuari eta sare sozialei buruz hamaika artikulu idatzi ditu Felipek, besteak beste, El Pais egunkarian duen blogean. Bere ustez, gure kontsumo ohiturek erakusten dute munduan dugun lekua; hau da, kontsumoaren arabera ezartzen ditugu harremanak geure buruarekin, ingurukoekin eta planeta osoarekin. Markekin eta produktuekin dugun hartu-emanak agerian uzten ei du kontsumo gizarte honetan dugun tokia.

Zerbait erostera doanean, kontsumitzaileak jakin badaki zer nahi duen, zenbat balio duen eta zenbateraino ordaintzeko prest dagoen. Informazio guztia dauka. Kontsumo ohiturak modu askotara aldatzen ditu Internetek; erosi nahi duzun produktu horretara berehala iristen zara, baina, aldi berean, datu guztiak berehala izate horrek hausnartzera eta konparatzera bultzatzen zaitu. Beste aukera batzuk ikustera eramaten zaitu Internetek. Hala, Romeroren arabera, kontsumitzaileak orain crossumers-ak dira, bigarren belaunaldiko kontsumitzaileak. Merkatu-analista den heinean, beraz, gizarte kontsumoan sare sozialek duten eragina aztertzen ari da. Horretaz guztiaz hitz egingo du #EBEuskadin.