Artxiboa

‘Korrika 17’rekin etiketatutako sarrerak

Korrika 17 igandean helduko da Donostiara

2011(e)ko Apirilak 14 Iruzkinik ez

Korrika 17 Euskal Herrian zehar dabil egunotan, eta lasterketaren azken eguna igandean izango da, Donostian. Korrika izan da aste honetan Facebookeko horman gehien eztabaidatu den gaia. Gai hau eta beste hainbat jorratuko ditugu ondorengo laburpenean.

Apirilaren 7an hasita, 11 egunez eta gelditu gabe, Euskal Herria zeharkatzen ari da hamazazpigarrenez Korrika. Baina azken txanpara heltzen ari da, izan ere, datorren igandean amaituko da aurtengo lasterketa, non eta Gipuzkoako hiriburuan, Donostian. Hori dela medio, Leire Ibarrak ondorengo esteka hau uzten zigun, eta bertan Donostian Korrikak egingo duen ibilbidea ikus daiteke, besteak beste. Animatu beraz, txiki, gazte eta helduak, euskararen alde egitera. Eta badakizue, “Maitatu, ikasi, ari… euskalakari”.

Bestalde, Sahaja Yoga Euskadik meditazioaren inguruko ikastaro baten berri ematen zigun. Ondorengo hitzekin egiten zigun gonbitea: “zure barrena ezagutu nahi al duzu, edo soilik apur bat erlaxatu? Etorri gugana meditatzera. Donostian meditazioaren inguruko doako ikastaroa!”. Honen inguruko informazioa esteka honetan topatuko duzu.

Beñat Mendietak, berriz, Lorentxo Portularrumeren argazki eder batekin alaitu digu aste honetan horma. Horrela esaten zigun Beñatek: “Lorentxo Portularrumek Donostia-San Sebastiánen atera zuen irudi eder hau, EGUNEKO ARGAZKIA. Udaberria ondo baino hobeto islatzen du: loreek kolore bizia dute bertan. Paisaia gehiago ikusteko, hemen: http://tinyurl.com/3mdhmvm”. Badakizue argazkiak igotzeko erreminta berrian ere gisa honetako irudi ederrak topatuko dituzuela. Hemen Beñatek horman utzitako argazkia:

Donostia. Argazkia: Lorentxo Portularrume.

Donostia. Argazkia: Lorentxo Portularrume.

Aste honetan jakin dugu Juan Mari Arzak eta Elena Arzak sukaldari donostiarrek nazioarteko sari bana eskuratu dituztela. Albistea Itxaso Apraizek uzten zigun, ondorengo hitzekin: “Zorionak biei eta aupa Donostia!!”. Guk ere Itxasorekin bat egin eta zorionak eman nahi dizkiegu gure donostiarrei!

Gainera Gaztea atariak Crystal Fighters eta Cut/Copy, Donostiako Jazzaldiko Agertoki Berdean izango direla jakinarazten zigun. Uztailaren 21etik 25era izango da jaialdia eta Deer Tick, Fanfarlo, Dawes eta B.B. King ere arituko dira bertan.

Eta honekin amaiera emango diogu, gaurkoz, laburpenari. Jarraitu horman nahi dituzuen albisteak, argazkia, notak.. uzten. Guk gure aldetik zuek kontatutako hori blog honetara ekarriko dugu. Bitartean segi ondo eta pozik bizi!