Artxiboa

‘Turismoa’ atalaren artxiboa

Donostia 2011ko Zinemaldirako azken ukituak ematen ari da

2011(e)ko Irailak 13 Iruzkinik ez

Donostiako Zinemaldiak irailaren 16an, ostirala, irekiko ditu ateak. Zinemaren hitzorduaz eta Kontxako Banderaz arituko gara, besteak beste, gaurko laburpenean. Goazen laburpenarekin!

Iragan igandean jarri ziren salgai 2011ko Zinemaldirako sarrerak. Zinemaldi Plazako eta Kursaal zentroko leihatiletan, Kutxako kioskoetan, Telekutxan eta Internet bidez erosi ahal dira. Astelehenean jakin genuen 45.000 sarrera saldu zituztela Zinemaldirako. Arrakasta itzela izaten ari da, beste behin, jaialdia.

Atzo bertan Ane Goikoetxeak Donostiako Facebookeko orrialdean parte hartu zuen eta esteka honen bidez jakitera ematen zigun Donostiako Udalak 800 sarrera doan emango zizkiela langabetu donostiarrei 59. Donostiako Zinemaldira joateko. Ondorengo hitzak gehitzen zituen Anek: “Lagunok, asko gara langabetuak eta begira zer ikusi dudan!! Egia izango ote da??”.

Donostiako Zinemaldiak Facebookean, Festival de San Sebastian izenburupean, argazki lehiaketa bat jarri du abian eta amaiera ekitaldirako gonbidapenak zozkatzen dituzte. Horretarako Zinemaldian ateratako argazkiak bidali eta lagunei argazki gogokoenaren alde bozkatzeko esan beharko diezue.

Donostiako Zinemaldia datorren ostiralean hasiko bada ere, iragan igandean jaia izan zen nagusi Gipuzkoako hiriburuan, Kontxako Bandera ospatu baitzen. Egun batzuk lehenago Astillero Kontxako Banderatik at utzi zutela jakin genuen, eta egunean bertan zuzen zuzenean ikusi ahal izan genuen zazpi traineruen norgehiagoka, zeinetan Urdaibaik garaipen ikusgarria lortu zuen. Zorionak, beraz, bihotz bihotzez bermeiotarrei!

Eta musika ere izan dugu hizpide aste honetan Facebookeko orrialdean. Itxaso Apraizek Primal Scream taldea azaroaren 5ean Donostian izango dela gogorarazten zigun eta taldearen abestietako baten bideoa eskegitzen zigun. Hemen duzue “Can´t go back”:

Musikota.com-ek ere, beste behin, esteka honekin horman parte hartzen zuen. Bertan iragan uztailaren 29an Bon Jovi kantari ezagunak Donostiako Anoetako estadioan emandako kontzertuaren irudiak daude ikusgai.

Eta honekin agur esateko garaia heldu da. Gogoratu ostiraletik aurrera zinemaren munduko pertsonaiak izango ditugula gure hirian. Animatu argazkiak atera eta gure Facebookeko horman igotzera, denok elkarrekin gehiago gozatuko dugu eta Donostiako Zinemaldiaz. Mila esker hor izateagatik eta pozik bizi!

Donostian izan da Kulturaren Europako Hiriburua aukeratuko duen epaimahaia

2011(e)ko Ekainak 2 Iruzkinik ez

2016ko Kulturaren Europako Hiriburua aukeratuko duen epaimahaia Donostian izan da bertako azpiegiturak ezagutzeko. Hau eta beste gai batzuk jorratu ditugu aste honetan Facebookeko horman. Goazen laburpenarekin!

Geroz eta gutxiago falta da Donostia 2016ko Kulturaren Europako Hiriburua izango den edo ez jakiteko, izan ere, ekainaren 28an jakinaraziko dute zein izango de aukeratutako hautagaitza. Horren harira, aste honetan aukeraketa horretan pisu handia izango duen epaimahaia izan da Gipuzkoako hiriburuan, eta bertako azpiegiturak ikusi eta hainbat kultur elkarte, talde eta eragile askorekin bildu dira.

Gainera Olatz Gartziak jakitera ematen zigun David Guetta DJ ezaguna Donostira itzuliko dela uda honetan. Iazko udan ere Bataplanen izan zen eta horren irudiak eskegi dizkigu Olatzek horman, bertan egoteko aukerarik izan ez zenutenontzat. Gozatu!

Amaitzeko, Beñat Mendietak ere gurean parte hartzen zuen argazki eder batekin. Hitz hauek erabiltzen zituen argazkia aurkezteko: “Donostia-San Sebastiánetik heldu zaigu EGUNEKO ARGAZKIA da, eta Graciela Martinezek harrapatu du. Ortzadar eder bat ikusten dugu bertan. Gozatu nahi izanez gero, hementxe dituzue irudi gehiago: http://www.eitb.com/erabiltzaileak/argazkiak/”. Hemen argazkia:

Donostia. Argazkia: Graciela Martinez

Donostia. Argazkia: Graciela Martinez

Zuek ere badakizue zuen argazkiak bidali nahi izatera, argazkiak eta bideoak igotzeko erreminta berria jarri duela martxan eitb.com-ek. Eta honekin amaiera emango diogu gure gaurko postari. Zuek jarraitu Donostiako kontuak horman kontatzen, guk gure aldetik zuek esandakoak blog honetara ekarriko ditugu. Laster ikusiko dugu berriro elkar, eta bitartean pozik bizi!