Artxiboa

‘Musika’ atalaren artxiboa

Donostiar peto-petoa zara? Kanta ditzagun elkarrekin Donostiako kantak!

2012(e)ko Apirilak 19 Donostia Iruzkinik ez

Donostia ongi baino hobeto ezagutzen duzu ezta? Eta gipuzkoar fina izateaz gain, Donostiar peto-petoa ere bazara, baietz? Badakigu hala dela, horregatik, Donostiako kantak dakartzagu, elkarrekin abestu ditzagun. Ezagutzen dituzu ezta?

Gaurkoan hiru aukeratu ditugu eta ea aurrerantzean, denon artean zerrenda txukuna osatzen dugun! Bidali zuen kanten izenburuak eta istorioak, zeintzuk falta dira?

San Sebastian Martxa eta danborrada

* San Sebastian Martxa kanta eta letra:

Bagera!

gu (e)re bai

gu beti pozez, beti alai!

Sebastian bat bada zeruan

Donostia bat bakarra munduan

hura da santua ta hau da herria

horra zer den gure Donostia!

Irutxuloko, Gaztelupeko

Joxemaritar zahar eta gazte

Joxemaritar zahar eta gazte

kalerik kale danborra joaz

umore ona zabaltzen hor dihoaz

Joxemari!

Gaurtandik gerora penak zokora

Festara! Dantzara!

Donostiarrei oihu egitera gatoz

pozaldiz!

Inauteriak datoz!

Bagera!

gu (e)re bai

gu beti pozez, beti alai!

Itsasoa laino dago

* Itsasoa laino dago kanta eta letra:

Itsasoa laino dago

Baionako alderaino;

Nik zu zaitut maiteago

Txoriek beren umeak baino.

Gure aita, oroiz dago

Lainopean, gaueraino;

Nik zu zaitut maiteago

Arraintxoak ura baino.

Gure oroiz aita dago

Lainopean gaberaino

Nik zu zaitut maiteago

Arraintxoak ura baino.

Festarik behar bada

* Festarik behar bada doinua eta letra:

Festarik behar bada

bego Donostia

betikoa du fama

ondo merezia

Bestetan ez bezala

hemen gazteria

amaren sabeletik

dator ikasia

Realaren bolada ona eta 13 urteko gaztearen heriotza mintzagai Donostian

2011(e)ko Abenduak 12 Ane Santesteban Iruzkinik ez

Donostiako futbol taldeak azken bi jardunaldietan emandako lezioa eta hilda aurkitutako 13 urteko gaztearen heriotza izango ditugu gaur mintzagai. Hori eta Facebookeko orrialdean gora eta behera ibili ditugun beste zenbait gai jorratuko ditugu gaurkoan, hemen, laburpen honetan. Goazen laburpenarekin! :-)

Realak burua altxatu du. Denboraldi nahiko eskasa egiten ari bazen ere, azken bi jardunaldietan bikain aritu da eta pixkanaka ari da talde txuri urdina bere maila erakusten. Iragan asteburuan Realak garaipen garrantzitsua eskuratu zuen Malagari Anoetan 3-2 irabazita. Orrialdean ere aipatzen genuen, ia sinetsi ezinik, azken bost minutuetan sartutako bi golei esker eskuratu zituztela hiru puntuak donostiarrek. “Aupa Real”, zihoen Gustavok orrialdean. Asteburu honetan, eta Elustondoren kanporaketaren ostean, Realak berdinketari eusteko asko sufritu zuen, baina azkenean bana amaitu zen Vila-real eta Realaren artekoa. Ondorengo jardunaldietan ere zorte on ona opa diogu gure taldeari.

Oraingoz Philip Montainerrek Realen jarraitzen badu ere, zurrumurru ugari daude han eta hemen. Esteka honekin Web Enteratek jakitera ematen zigun, Luis Aragonés Espainiako hautatzaile ohia izan litekeela honen ordezkoa. Dena ikusteko dago, eta gure taldean gertatzen den guztiaren berri ematen jarraituko dugu Facebookeko orrialdean.

Ezbeharra Donostian

Duela aste bete pasatxo ezbehar batekin esnatu ginen donostiarrak. Donostiako Antigua auzoko etxe batean 13 urteko gazte baten gorpua aurkitu zuten. Gazteak bere buruaz beste egin izanaren hipotesiak indarra hartu zuen, nahiz eta labankadak eta etxeko leku batean baino gehiagotan odol arrastoak aurkitu. Harrezkero aitaren bila jardun zuten, hau atxilotu arte. Donostiako epaitegira eraman ostean, umeak labanaz istripuz sartu zuela eta ihes egin eta ezkutatu zuela esan zuen. Epaileak behin-behinean aske utzi du, baina astean bi aldiz epaitegira jo beharko du sinatzera. Gertutik jarraituko dugu gertakariaren nondik norakoak.

Kirola, musika eta euskara, Donostian protagonista

Aimar Olaizolak lau térdiko bere bosgarren txapela eskuratu zuen atzo Juan Martinez de Irujo mendean hartuta. Iragan aste osoan EITB Kirolak Facebookeko orrialdeak gurean parte hartu zuen finala ikusteko zozketan parte hartzeko dei eginez. Sarreren irabazlearen berri ere eman zigun. Zorionak, Lorea San Alvarezi! :-)

Lagun Aro Segurosek, link honekin azken ordu baten berri ematen zigun. Datorren urterako Behobia-San Sebastián lasterketan doan parte hartzeko.

Eta musikaz arituko gara orain, izan ere, Bruce Spreinsteengek Donostian emango duen kontzertuak zer esan ugari ematen ari da. Musikota Olayak jakitera ematen zigun iragan abenduaren 2an “The Boss” ikusteko sarrerak  salgai jarri zirela eta bi ordutan 21.835 sarrera saldu zirela.

Amaitzeko, abenduaren 3an egun handia ospatu zen munduko zenbait txokotan, Euskararen Nazioarteko Eguna. Donostian izango ziren ekitaldien berri ematen genizuen hemen, eta kartela ere eskegitzen genizuen. Zer moduz pasatu zenuten?

Euskararen Nazioarteko Eguna

Euskararen Nazioarteko Eguna

Gogoratu datorren San Tomas egunerako 2.000 lagun batzeko erronka dugula Facebookeko orrialdean. Arnul Muñozek ondorengo hitzak uzten zizkigun horman: “Ummm hay que ponerse las botas con la Txistorra jajajajajja yono tengo problemas de dieta jajajjjajajajajaja ondo pasa”.

Eta San Tomas eguna geroz eta gertuago dugula esanez, agur esateko unea heldu da. Jarraitu Donostiako kontuak Facebookeko orrialdean partekatzen, eta guk, betiko legez, zuek esandakoak blog honetan bilduko ditugu. Izan zoriontsu eta mila esker! :-)

Jazzaldia amaituta Aste Nagusia baino lehen Bon Joviren txanda Donostian

2011(e)ko Uztailak 27 Iruzkinik ez

Amaitu da aurtengo Donostiako jazzaldia eta Aste Nagusia heldu bitartean, iada gutxi geratzen den arren, oraindik baditugu hainbat zita hirian. Jazaldiak 115.000 lagun bildu ditu eta balantzea oso ona izan da, bai entzule kopuruagatik, baita artisten mailagatik ere. Hasiera egunean gure horman esan genizuen bezala, B.B. King handia izan genuen gure artean eta urrezko itxiera berriz, Cyndi Lauperren emanaldiak eman zion. Euria-euri, zinez jendetsua izan da Donostiako jazzaldia.

Bestalde, gaur bertan eman dizuegu albistea: 150 pertsona baino gehiago ari dira Bon Jovik ostiralean Anoetan emango duen kontzerturako prestaketa lanetan. Eta sinesgaitza badirudi ere, eguraldi iragarpenak ez du auririk aurreikusten beraz, badirudi, Amaia Cuesta eta beste milaka lagunen nahia beteko dela eta gau gogoangarria izango dela ostiralekoa. Zuk sarrera erosi ez baduzu, ez itxaron, oraindik hogei eurotan ere badaude batzuk. Hona hemen, bideoan, Bon Joviren kontzerturako lanak, Anoetan.

Eta Aste Nagusia heltzeko irrikaz zaudeten guztiontzat Ane Goikoetxeak Donostiako horman partekatu duen albistea: Su Artifizialen 48. Nazioarteko Lehiaketa aurkeztu da gaur. Anek dioen bezala, ‘Ea aurtengoan nork irabazten duen!‘.

Eta amaitzeko, Transistoria.comek egindako bideo hauxe aukeratu dugu aste honetako laburpenean. Bertan, tilt-shift teknika erabiliz, hiriko bazter guztiak goitik begiratuta ikus-genitzake eta badirudi Donostia miniaturazko herri handia besterik ez dela. Benetan polita ikus-entzunezko lana. Egun batzuk barru izango duzue berriz ere gure berri. Bitartean poztu ezazue aldartea, azkenean eguzkia aterako da eta! Eskerrik asko eta laster arte, ongizan! ;-)

Martin Lasartek ez du Realean jarraituko

2011(e)ko Maiatzak 26 Iruzkinik ez

Martin Lasarte entrenatzaile uruguaitarra kargutik kendu du Realak. Beste denboraldi baterako kontratua bazuen ere, ez du Donostiako talde txuri-urdina zuzentzen jarraituko. Hau eta beste kontu batzuk izan dira Facebookeko horman gehien eztabaidatu diren gaiak.

Aste honetako laburpena futbolaz hitz egiten hasiko dugu, izan ere, Martin Lasarte entrenatzaile uruguaitarra kargutik kentzea erabaki du Realeko zuzendaritzak. Albiste honen berri Itxaso Apraizek ematen zigun horman, eta esteka hau uzteaz gainera, horrela esaten zigun: “Ikusita zegoen… baina atzo gauen Realak baieztatu egin zuen. Niri pena pixka bat ematen dit”. Martin Lasarte iragan denboraldian heldu zen Realera eta taldea lehenengo mailara gidatu zuen, bigarren mailako txapelketa irabazi eta gero. Kostata baina azkenean taldea lehenengo mailan uztea lortu du Uruguaiko entrenatzaileak. Felix Aupa Realak horman parte hartzen zuen, pena handiz.

Josu Castillok ere horman parte hartu du eta asteburu honetan Donostian  Rompeolas jaialdia ospatuko dela gogorarazten zigun hitz hauekin: “Aupa lagunok! Larunbat honetan goazen Donostira. 7retan San Telmo museoan. Plazer bat izango litzateke zuen konpainia“. Eskerrik asko, Josu!

Iragan abenduan Xabier Lete idazle, kantari eta poeta euskalduna zendu zen Donostian, eta Olatz Gartziak, horren harira gaur egingo den omenaldi txiki baten berri ematen zigun esteka honekin. Horrela esan zuen Olatzek: “Gogoratu ostegunean Xabier Leteren omenez, hainbat kantarik, Mikel Markezek edo Pako Aristik, esaterako emanaldia eskainiko dutela Koldo Mitxelenan!!”. Hitzordua gaur arratsaldeko 19:30ean da, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Oraindik garaiz zabiltzate, beraz, animatu!

Eta honekin, eta Web Enterati eta Eme Beri horman parte hartzeagatik eskerrak emanez, aste honetako postari amaiera emango diogu. Jarraitu zuen proposamenak, zalantzak, argazkiak… eta nahi duzuen guztia horman uzten. Guk zuek kontatutako hori blog honetara ekarriko ditugu, betiko legez. Besterik ez. Pozik bizi eta hurrena arte.

Wilco Donostian, Odon Elorzak graffitiak eta pintadak salatu ditu…

2011(e)ko Maiatzak 5 Iruzkinik ez

Wilco seikote estatubatuarra Donostiara itzuliko dela eta Odon Elorzak hiriko hainbat guneetan dauden pintada eta graffitien aurrean egindako salaketak, horiek izan dira aste honetan horman gehien eztabaidatu diren gaiak. Baina ez dira bakarrak izan. Goazen laburpenarekin!

Gaztea atariak kontatzen zigun, esteka honen bitartez, Wilco talde estatubatuarra Donostiara etortzeko zurrumurruak zebiltzala. Albisteak zioen Madrilen eta Bartzelonan arituko dela aurretik Wilco taldea, eta ondoren Gipuzkoako hiriburura etorriko dela. Gazteak hurrengo egunean albistea baieztatzen zuen beste lotura honekin, eta horrela esaten zigun: “Ostiralean jarriko dituzte salgai Wilcok Donostian emango duen kontzerturako sarrerak”. Azkar ibili talde estatubatuarraren kontzertura joan nahi izatera.

Gainera, Donostiako alkateak, Odon Elorzak, hiriko hainbat gunetan ugaritzen ari diren graffitiak eta pintadak salatu dituela kontatzen genizuen ondorengo bideo honen bitartez.

Beñat Mendietak ere, beste behin, gurean parte hartzen zuen Donostiako argazki eder batekin eta horrela esaten zigun: “Donostia-San Sebastiánetik bidali du Txomin Rezolak irudi eder hau, “Betekada” izenekoa, eta EGUNEKO ARGAZKIA da guretzat. Benetan, beteta dago bertan Donostiako portua! Hementxe, irudi gehiago: http://tinyurl.com/3mdhmvm”. Badakizue argazki gehiago ikusi nahi izatera argazkiak eta bideoak igotzeko erreminta berria duzula martxan eitb.com-en. Hemen argazkia!

Donostiako portua. Argazkia: Txomin Rezola

Donostiako portua. Argazkia: Txomin Rezola

Bestalde, esteka honekin Beñat Mendietak jakinarazten zigun Primitibako Sari Nagusiak 153.065 euro uzten zituela Donostian. Hitz hauek uzten zituen horman: “7 euro gastatu eta 150.000 euro irabazi; a ze negozioa! Zorionak irabazleari, jeje, a ze inbidia!”. Beraz, saridunaren izena ez badakigu ere, zorionak bidaltzen dizkiogu hemendik.

Amaitzeko Gazteak ondorengo galdera luzatzen zuen: “Bon Jovi hankamotz iritsiko al da Donostiara?”. Izan ere, albiste honekin ezagutarazten zigun Richie Sambora gitarrista desintoxikazio klinika batean sartu dutela alkoholarekin arazoak dituelako.

Eta zurrumurru honekin amaiera emango diogu gaurko postari. Zuek jarraitu horman parte hartzen, eta guk gure aldetik zuek esandakoak blog honetara ekarriko ditugu. Ondo izan eta pozik bizi!

Korrika 17 igandean helduko da Donostiara

2011(e)ko Apirilak 14 Iruzkinik ez

Korrika 17 Euskal Herrian zehar dabil egunotan, eta lasterketaren azken eguna igandean izango da, Donostian. Korrika izan da aste honetan Facebookeko horman gehien eztabaidatu den gaia. Gai hau eta beste hainbat jorratuko ditugu ondorengo laburpenean.

Apirilaren 7an hasita, 11 egunez eta gelditu gabe, Euskal Herria zeharkatzen ari da hamazazpigarrenez Korrika. Baina azken txanpara heltzen ari da, izan ere, datorren igandean amaituko da aurtengo lasterketa, non eta Gipuzkoako hiriburuan, Donostian. Hori dela medio, Leire Ibarrak ondorengo esteka hau uzten zigun, eta bertan Donostian Korrikak egingo duen ibilbidea ikus daiteke, besteak beste. Animatu beraz, txiki, gazte eta helduak, euskararen alde egitera. Eta badakizue, “Maitatu, ikasi, ari… euskalakari”.

Bestalde, Sahaja Yoga Euskadik meditazioaren inguruko ikastaro baten berri ematen zigun. Ondorengo hitzekin egiten zigun gonbitea: “zure barrena ezagutu nahi al duzu, edo soilik apur bat erlaxatu? Etorri gugana meditatzera. Donostian meditazioaren inguruko doako ikastaroa!”. Honen inguruko informazioa esteka honetan topatuko duzu.

Beñat Mendietak, berriz, Lorentxo Portularrumeren argazki eder batekin alaitu digu aste honetan horma. Horrela esaten zigun Beñatek: “Lorentxo Portularrumek Donostia-San Sebastiánen atera zuen irudi eder hau, EGUNEKO ARGAZKIA. Udaberria ondo baino hobeto islatzen du: loreek kolore bizia dute bertan. Paisaia gehiago ikusteko, hemen: http://tinyurl.com/3mdhmvm”. Badakizue argazkiak igotzeko erreminta berrian ere gisa honetako irudi ederrak topatuko dituzuela. Hemen Beñatek horman utzitako argazkia:

Donostia. Argazkia: Lorentxo Portularrume.

Donostia. Argazkia: Lorentxo Portularrume.

Aste honetan jakin dugu Juan Mari Arzak eta Elena Arzak sukaldari donostiarrek nazioarteko sari bana eskuratu dituztela. Albistea Itxaso Apraizek uzten zigun, ondorengo hitzekin: “Zorionak biei eta aupa Donostia!!”. Guk ere Itxasorekin bat egin eta zorionak eman nahi dizkiegu gure donostiarrei!

Gainera Gaztea atariak Crystal Fighters eta Cut/Copy, Donostiako Jazzaldiko Agertoki Berdean izango direla jakinarazten zigun. Uztailaren 21etik 25era izango da jaialdia eta Deer Tick, Fanfarlo, Dawes eta B.B. King ere arituko dira bertan.

Eta honekin amaiera emango diogu, gaurkoz, laburpenari. Jarraitu horman nahi dituzuen albisteak, argazkia, notak.. uzten. Guk gure aldetik zuek kontatutako hori blog honetara ekarriko dugu. Bitartean segi ondo eta pozik bizi!

Wifia doakoa izango da Donostiako kaleetan

2011(e)ko Apirilak 7 Iruzkinik ez

Aurrerantzean Wifia doakoa izango da Gipuzkoako hiriburuan, izan ere, Donostiako Wifi sarea hainbat zonetara zabaldu da eta Donostiako txartela duen orok ez du ordaindu beharko. Hauxe izan da gai nagusia Facebookeko horman. Hau eta beste gai batzuk jorratuko ditugu, jarraian!

Donostiako Udalaren Wifi zerbitzu publikoa doakoa izango dela jakinarazi digu horman Itxaso Apraizek esteka honen bitartez. Itxasok gustura hartu du berria, eta horrela esaten zigun horman: “Ze ona!!! Wifia doan Donostian!”.

Beñat Mendietak, berriz, Txomin Rezolak bidaliko argazki eder batekin alaitzen zigun horma. Eta honela esaten zigun: “Zer iruditzen zaizue Txomin Rezolak Donostia-San Sebastiánen ateratako irudi hau? Guretzat, asko gustatu zaigunez, EGUNEKO ARGAZKIA da”. Gisa honetako argazkiak ikusi nahi izatera, Eguraldiblogean eta eitb.com-ek argitaratu berri duen erraminta berrian duzu ikusteko beta. Hemen argazkia:

Donostia. Argazkia: Txomin Rezola

Donostia. Argazkia: Txomin Rezola

Web Enteratek ere gurean parte hartzen zuen, oraingoan Kelerren spot berriarekin. Lelo berria, “El Espíritu de Atotxa – Keler con la Real Sociedad” da. Gozatu bideoaz!

Gainera ondorengo albiste hau ere uzten zigun Web Enteratek, eta bertan irakurtzen genuen Telecinco kateko Gran Hermano saioko lehiakidea izan den Yago izango zela Donostian ostiral honetan.

Eta honekin amaiera emango diogu gure gaurko laburpenari. Badakizue horman zuen zain gaudela eta hiriko albiste guztien berri eman dezakezuela. Guk gure aldetik blog honetara ekarriko ditugu zuek esandakoak. Mila esker eta asteburu on!

Honelako eragina izango luke tsunami batek Donostian

2011(e)ko Martxoak 31 Iruzkinik ez

Tsunami batek Donostian izango lukeen eragina erakusten duen bideo bat izan da aste honetan horman eztabaidatu den gai nagusiena. Hala ere badira bestelako gaiak ere, beraz, ezer baino lehen goazen laburpenarekin!

Lurrikarak eta tsunamiak geroz eta presentzia handiagoa hartzen ari dira munduan, eta horiek sortzen duten beldurra ikaragarria da. Agian horregatik Beñat Mendietak bideo interesgarri hau uzten zigun horman, Donostian Tsunami batek izango lukeen eragina iruditan azaltzen duena. Honela aurkezten zigun Beñatek bideoa: “Bideo benetan ikusgarria. Imajinatzen al duzue nolakoa izango zen tsunami bat hemen?“. Mila esker, Beñat.

Aste honetan, bestalde, Txomin Rezolaren irudi zoragarri batekin alaitu du Donostiako horma Beñat Mendietak. Honela aurkezten zigun irudia: “Txomin Rezolak Donostia-San Sebastiáneko irudi eder hau lortu zuen, eta EGUNEKO ARGAZKIA da; udaberrian gaude, eta nabaritzen da! Paisaia gehiago, hementxe: http://tinyurl.com/llll23”. Badakizue Eguraldiblog-ek gure inguruko argazki bikainak ikusteko beta eskaintzen digula.

Donostia udaberrian. Argazkia: Txomin Rezola

Donostia udaberrian. Argazkia: Txomin Rezola

Beste behin, gure laguna den Musikota Olayak gurean parte hartu du eta esaten zigun Valentzia dagoeneko zortzigarren hiriburua dela, Donostiaren atzetik, www.musikota.com-era bisitak egiten. Mila esker informazio hau guztia emateagatik.

Eta honekin, eta Manu Perezi eskerrak ematen, horman parte hartu baitu, amaitutzat emango dugu gaurkoz azken egun hauetako laburpena. Badakizue Donostiako berriak, argazkiak… eta nahi duzuen guztia partekatu dezakezuela gurekin horman. Guk, geure aldetik, horiek guztiak bildu eta blog honetara ekarriko ditugu. Asteburua ate joka da, ondo pasa eta pozik bizi!

Donostiako Zinemaldiaren webgunea eta Juan Carlos Eguillorren heriotza

2011(e)ko Martxoak 24 Iruzkinik ez

Donostiako Zinemaldiaren webgune berria eta Juan Carlos Eguillor marrazkilariaren heriotza izan dira Facebookeko horman gehien eztabaidatu diren gaiak. Hori eta gehiago, ondorengo laburpenean aztertuko dugu.

Donostiako Zinemaldirako hilabete dezente falta badira ere, hasi dira dagoeneko lehendabiziko berrikuntzak egiten. Ane Goikoetxeak, esteka honen bitartez, Zinemaldiaren 2.0 webgune berriaren berri ematen zigun. Sare sozialez baliatuz ikusleekin harremanak estutzeko asmoz, Donostia Zinemaldiak hobetu eta eguneratu egin du bere 2.0 webgunea, internautekiko komunikazioa azkarragoa eta arinagoa izan dadin.

Bestalde, Beñat Mendieta albiste txar batekin heldu du da gure hormara, izan ere, Juan Carlos Eguillorrek, Donostiako margolari ezagunak, agur esan zigun atzo. Triste, honela esaten zigun Beñatek: “Juan Carlos Eguillor hil egin da; Donostian jaio bazen ere Bilborekin lotura estua zuen; eta horren adibide garbia da bi bider Bilboko Aste Nagusirako egindako kartela (Hemen uzten dizuet horietariko bat). Besarkada handi bat bidali nahi diet familiari eta lagunei; goian bego”. Guk ere Beñatekin bat egin eta doluminak bidaltzen dizkiegu Juan Carlosen senitarteko guztiei.

Juan Carlos Eguillor

Juan Carlos Eguillor

Web enteratek ere azken egunotan gure horman parte hartu du, oraingoan, kontzertu baten berri emateko. Lotura honen bitartez jakinarazten zigun datorren uztailaren 5ean David Bisbal kantari ezaguna Kursaalean izango dela, eta emanaldiaz gozatzeko sarrerak aste honetan, asteartean, jartzen zirela salgai.

Gaurko posta amaitzeko, irudi eder bat, Beñat Mendietak gure horman utzirikoa. Horrela esaten zigun: “Txomin Rezolaren argazki eder honek udaberrian gaudela gogorarazten digu. Benetan polita, loreen kolorea! Eguneko argazkia da, baina hemen, Eguraldiblogean,  gehiago dituzue”. Mila esker, beñat, irudi benetan zoragarria!

Donostia. Foto: Txomin Rezola

Donostia. Foto: Txomin Rezola

Eta honekin amaiera emango diogu gaurko laburpenari. Zuek jarraitu nahi dituzuen albisteak, argazkiak, bideoak… gure horman uzten, eta guk, astero egiten dugun moduan, zuek esandakoak blog honetan bilduko ditugu. Dagoeneko osteguna da, asteburua jada hurbil dugu, beraz gozatu eta ondo pasa!

40 El Musical ikuskizuna Donostian, argazki lehiaketa…

2011(e)ko Martxoak 11 Iruzkinik ez

40 El Musical ikuskizun musikala ikusteko sarrerak edo Donostia hiriaren argazkiak izan dira, besteak beste, aste honetan Facebookeko horman gehien eztabaidatu diren gaiak. Baina ez dira bakarrak izan. Goazen laburpenarekin!

Beñat Mendietak jakinarazten zigun, esteka honen bitartez, 40 El Musical ikuskizuna ikusteko sarrerak dagoeneko salgai daudela. Izan ere, datorren ekainean Donostiako Victoria Eugenia antzokia bisitatuko dute. Jakin badakigu milioi bat ikusle izan dituela Musikalak dagoeneko, beraz, ez galdu eta gozatu ikuskizunaz.
Gainera, Pako Kastellanosek Eguraldiblogera bidalitako argazki eder bat eskegi digu aste honetan Beñatek, eta ondorengo hitzak jartzen zituen: “Ederra, benetan, bertan islatu duen zerua! Argazki gehiago, hemen: http://tinyurl.com/llll23”. Mila esker Beñat, benetan argazki ederra!

Donostia. Argazkia: Pako Kastellanos

Donostia. Argazkia: Pako Kastellanos

Eta argazkiekin jarraituz, proposamen txiki bat egiten genizuen. Izan ere, horman astero uzten dugun laburpenean argazki berdina ikusten da beti. Argazki hori zuena izatea gustatuko litzaiguke eta noski, horretarako zuen parte hartzea nahitaezkoa da. Horregatik, atzo hasi eta datorren asteazkenera bitarte argazkien inguruko “lehiaketa” txiki bat antolatu dugu. Horman Donostiako zuen argazkiak eskegi eta astebetean “gustuko dut” gehien dituen argazkiak irabaziko du lehiaketa. Dagoneko hasiak zarete bidaltzen, beraz, aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkizuegu.

Eta gaurkoz besterik ez. Badakizue adi-adi jarraituko dugula zuek horman jartzen duzuen guztia aztertzen, ondoren bertan esandakoak blog honetara ekartzeko. Mila esker hor izateagatik eta asteburu ona pasa!