Donostia 2011ko Zinemaldirako azken ukituak ematen ari da
Donostiako Zinemaldiak irailaren 16an, ostirala, irekiko ditu ateak. Zinemaren hitzorduaz eta Kontxako Banderaz arituko gara, besteak beste, gaurko laburpenean. Goazen laburpenarekin!
Iragan igandean jarri ziren salgai 2011ko Zinemaldirako sarrerak. Zinemaldi Plazako eta Kursaal zentroko leihatiletan, Kutxako kioskoetan, Telekutxan eta Internet bidez erosi ahal dira. Astelehenean jakin genuen 45.000 sarrera saldu zituztela Zinemaldirako. Arrakasta itzela izaten ari da, beste behin, jaialdia.
Atzo bertan Ane Goikoetxeak Donostiako Facebookeko orrialdean parte hartu zuen eta esteka honen bidez jakitera ematen zigun Donostiako Udalak 800 sarrera doan emango zizkiela langabetu donostiarrei 59. Donostiako Zinemaldira joateko. Ondorengo hitzak gehitzen zituen Anek: “Lagunok, asko gara langabetuak eta begira zer ikusi dudan!! Egia izango ote da??”.
Donostiako Zinemaldiak Facebookean, Festival de San Sebastian izenburupean, argazki lehiaketa bat jarri du abian eta amaiera ekitaldirako gonbidapenak zozkatzen dituzte. Horretarako Zinemaldian ateratako argazkiak bidali eta lagunei argazki gogokoenaren alde bozkatzeko esan beharko diezue.
Donostiako Zinemaldia datorren ostiralean hasiko bada ere, iragan igandean jaia izan zen nagusi Gipuzkoako hiriburuan, Kontxako Bandera ospatu baitzen. Egun batzuk lehenago Astillero Kontxako Banderatik at utzi zutela jakin genuen, eta egunean bertan zuzen zuzenean ikusi ahal izan genuen zazpi traineruen norgehiagoka, zeinetan Urdaibaik garaipen ikusgarria lortu zuen. Zorionak, beraz, bihotz bihotzez bermeiotarrei!
Eta musika ere izan dugu hizpide aste honetan Facebookeko orrialdean. Itxaso Apraizek Primal Scream taldea azaroaren 5ean Donostian izango dela gogorarazten zigun eta taldearen abestietako baten bideoa eskegitzen zigun. Hemen duzue “Can´t go back”:
Musikota.com-ek ere, beste behin, esteka honekin horman parte hartzen zuen. Bertan iragan uztailaren 29an Bon Jovi kantari ezagunak Donostiako Anoetako estadioan emandako kontzertuaren irudiak daude ikusgai.
Eta honekin agur esateko garaia heldu da. Gogoratu ostiraletik aurrera zinemaren munduko pertsonaiak izango ditugula gure hirian. Animatu argazkiak atera eta gure Facebookeko horman igotzera, denok elkarrekin gehiago gozatuko dugu eta Donostiako Zinemaldiaz. Mila esker hor izateagatik eta pozik bizi!






Zure iritzia