Orrialde nagusia > San Sebastian, danborrada > Etxeko txikienek eman zioten amaiera Donostiako Danborradari

Etxeko txikienek eman zioten amaiera Donostiako Danborradari

Iritsi bezala joan da Donostiako Danborrada 2012. Azken egunotan ez da beste konturik izan Donostiako kaleetan baita Facebookeko orrialdean ere. San Sebastian Egunak eman duena, aurreko prestaketa lanak eta haur danborradaren nondik norakoak errepasatuko ditugu gaurkoan, baina aurrez… Gora Donostia eta Danborrada!:-)

2012ko Donostiako Danborradaren webgune bereziaren bitartez, eguna gertutik jarraitzeko gonbitea luzatzen genizuen, donostiar batek baino gehiagok kanpotik bizi behar izan baitzuen San Sebastian Egun handi hau. “Han egotea nahiko nuke”, zioen Esther Canalek. Urduritasunak medio, eguna iritsi bezain pronto, ostegunean goiz goizetik jakinarazi genuen, esteka honekin, danbor hotsez eta giro onaz gain, euria izango genuela lagun Donostiako Danborradan. Eta iragarpenak ez zuen hutsik egin.

Helduen danbor konpainiak hiriko kaleetan ibili ziren gau osoan zehar, hori bai, ia gehienek euripean. Etxeko txikienek, ordea, ez zuten zorterik izan, eguraldi txarrak, azkenean, danborradan ateratzekoak ziren 5.000 haurren ilusioa eta poza zapuztu baitzuen. Donostiako haur danborrada bertan behera geratu zen eta “tristura” berehala nabaritu zen Donostiako horman ere: “Lastima!!!!!! Ume gaixoak, hori atsekabea!!!! Orain iganderako egun zoragarri bat eskatzea besterik ez da gelditzen. Animo!!!!!”, esaten zuen Maite Otañok, eta beste askok ere euren “pena” erakusten zuten.

Hala eta guztiz, Donostiako Udalak jakinarazi zuen, txikienen poztasunerako, igandean, atzo, izango dela haurren desfilea, eta hala, eguraldiak atseden txiki bat eman zuen eta Haurren Danborradak Donostiako kaleak zeharkatu zituen.

Haurrek eta helduek izugarri gozatu dute aurtengo San Sebastian Egunaz, eta horren erakusle da bildu ditugun Danborrada 2012ko argazkiak.

Makil hotsak Danborradaren aurreko egunetan

Eguna gerturatzen zihoan ahala Facebookeko orrialdean Ametzaga Danborradaren berri ematen genizuen. Askorentzat ezezaguna izango bazen ere, aurtengo berrikuntzetako bat hauxe zela kontatzen genizuen, euren lehendabiziko aldia baitzen Donostiako Danborradan parte hartzen zutena.

Baina hori ez zen berrikuntza bakarra, izan ere, aurten lehenengo aldiz Danborradako banderaren igoeran Danbor Nagusiaren ondoan emakumezko bat gidari lanak egiten ikusteko aukera izango zela jakinarazi genuen. Orain arte gizonezkoak soilik ikusten bagenituen ere, aurten Ainhoa Olasagasti Urketari Nagusi gisa ikusi dugu. Arnul Muñozek berri honen aurrean, horrela esaten zigun: “Donostia beti aurretik doa. Gainera, ba zen ordua!”. Hauexek ziren Ainhoaren hitzak danborradaren aurreko egunetan:

Eta honekin, datorren urtera arte agur esango diogu Donostiako Danborradari. Jarraitu Donostiaren inguruko albisteak, zalantzak, argazkia… nahi duzuen guztia Donostiako Facebookean duen orrialdean partekatzen, baita Donostiako blog honetan bertan ere. Izan zoriontsu!  GORA SAN SEBASTIANAK ETA GORA DONOSTIA! :-)

  1. Momentuz ez dago iruzkinik.
  1. Momentuz aipurik ez.