Artxiboa

Urria, 2011 (r)entzako artxiboa

Donostia, dar-dar batean, Fantasiazko eta Beldurrezko Astearekin

2011(e)ko Urriak 31 Ane Santesteban Iruzkinik ez

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea ospatzen ari da egunotan Donostian eta, nola bestela, hori izan da gai nagusi gure orrialdean. Baina badira gure komunitatearen atentzioa eman duten beste gai batzuk: deskubritu nahi? Hona hemen, guztiak, banan-banan kontatuta:

Joan den larunbatean, urriaren 29an, hasi zen Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea eta hala jakinarazi genizuen Facebookeko orrialdean. Erakusketak, antzerkia, komiki jardunaldiak eta nola ez… arlo honetako film onenak izango dira azaroaren 4ra arte. Ezer ez galtzeko jaialdiko antolatzaileen orrialdea partekatu genuen eta askok gustura hartu zenuten hitzorduaren berri izateak. Bidebidek, esaterako, ‘Attack the Block‘, azaroaren 1an pantailaratuko duten filma gomendatu ziotela gaineratu zuen eta Maria Ortiz Gonzalezek Donostiatik 1.100 kilometrora egotea deitoratu zuen…. tira, hurrengo batean izango da Maria! Mikel Castrok, bestalde, ironia zerabilen Errealaren egoera Zinema Astearen gaiarekin parekatzeko.

Hain justu, jaialdi honekin bat eginda ‘Halloween night short film streaming nightmare‘ emanaldia eskainiko du gaur bertan, urriaren 31n, eitb.com-ek. Zazpi film labur eskainiko ditu EITBk streaming bidez, 23:00etan hasita. Sofan etzanda, palomitak eskuan eta zinema saio aparta…Plan ederra ezta?

Bizikletak lapurtzen zituen talde bat desegin dute

Berri onekin jarraituko dugu, izan ere, orain astebete txirrindolak lapurtzen zituzten hiru lagun atxilotu zituen Ertzaintzak. Diotenez, bizikletak ostu ostean, tarte batez gordetzen zituzten, gerora Europa ekialdeko herrialdeetan saltzeko. Zuek baduzue bizikleta? Inoiz kendu al dizuete?

Bar Restaurante Iruñak orrialdean parte hartu du asteon, jatetxearen berri emateko.

Amaitzeko, Donostiako Facebookeko orrialdean normalean halakoen inguruan hitz egiten ez badugu ere, ETAk joan den urriaren 20an jakinarazi zuen albistea partekatu genuen. Gaiaren inguruko iritzia eman zuten Victor Ventoso, Nerea Perez, Sandra Solorzano eta Iñigo Gilek.

Bada horrela bukatuko dugu gaurko laburpena. Laster itzuliko gara Donostiako orrialdean bildutako guztiekin. Ordura arte, ondo segi eta, badakizue, Donostiak Facebooken duen webgunean duzue azken berriak jarraitzeko aukera. Zuen zain gaude!!!!

Pablo Simons De Aerschot buruzagi nazi historikoa hil da Donostian

2011(e)ko Urriak 10 Iruzkinik ez

Pablo Simons De Aerschot buruzagi naziaren heriotzak eztabaida sortu du Donostiako Facebookeko orrialdean. Baina moda ere protagonista izan da asteburuan Donostian, diseinatzaile gazteek euren lanen erakustaldia egin baitute. Bi gai hauek eta beste batzuk errepasatuko ditugu gaurkoan.

Pablo Simons De Aerschotenen heriotzak harridura piztu du donostiarron artean, izan ere, buruzagi nazi historikoa izandakoa iragan ostegunean hil zen 89 urte zituela. Esteka honekin ematen genizuen gertaeraren berri. Heriotza-zigorra ezarri zioten kontzentrazio eremuetan 2.500 pertsona baino gehiago bidaltzeagatik, baina gizonak ihes egin zuen eta ez zuen zigorra bete. Pedro Satoseguik eta Idoia Sagastik, ia sinetsi ezinik, euren iritzia ematen zuten horman. Izan ere, urteak eman dituzte buruzagi naziaren atzetik, baina berarekin topo egin zutenerako delituak preskribituta zeuden, eta antza, iragan ostegunean hil zen Donostian 89 urte zituela, lasai eta harrotasun handiz.

Eta albiste alaiagoetara pasako gara oraingoan, izan ere, esteka honekin kontatzen genizuen modak hartuko zuela Donostia asteburuan. Horrela, diseinatzaile gazteen erakustaldia izan da egunotan Donostian, Kutxa Kultur Moda ekimenaren bigarren edizioa antolatu baita. Bidebidek albistea iruzkintzen zuen eta bertan izan direla kontatzen zigun. “Talentu handia dago bertan, aupa zuek!”, gehitzen zuen.

Donostiako su artifizialak mundu osoan ezagunak dira. Agian horregatik, kontua da, Piroctecnica Alessandro Spinak Donostiako Facebookeko orrialdean parte hartu zuela iragan astean. Italiako Alejandrok idazten zigun eta bere ikuskizunak ikusteko gonbitea luzatzen zigun. Esteka honen bitartez,  Aci Bonaccorsiko su artifizialen jaialdiko irudiak uzten zituen, lehen saria irabazi baitzuen bertan. Ikusgarria!!! Gozatu!

Eta irudi bikain hauek ikusiz, agur esateko ordua heldu da. Jarraitu Facebookeko orrialdean parte hartzen, guk, beti egiten dugun moduan, Donostiaren inguruan kontatzen duzuen guztia blog honetara ekarriko baitugu. Segi ondo eta pozik bizi!