Donostiako Zinemaldiko 59. edizioa ezustekoekin amaitu da
Larunbatean Donostiako Kursaalean ospatu zen itxiera ekitaldiarekin amaiera eman zitzaion aurtengo Donostiako Zinemaldiari. Jaialdiak eman duena eta Facebookeko horman aipatu diren beste zenbait gai errepasatuko ditugu gaurko postean. Goazen bada laburpenarekin!
Luxuzko bederatzi egun bizi izan ditugu donostiarrok, urteroko legez, Donostia munduko izar ospetsuenen topagune bihurtu baita. Larunbatean, ordea, agur esan genion Donostiako Zinemaldiko 59. edizioari. Ekitaldi ugari izan badira ere, iragan asteazkenean emanaldi berezi baten berri ematen genizuen, izan ere, Euskal Zinemaren Gaua zuzenean ikusteko beta eskaintzen genizuen. Hitzordua Victoria Eugenia antzokian zen, eta gaueko protagonista nagusia, berriz, Elias Querejeta euskal ekoizle ezaguna, Zinemira Sariaren irabazlea.
Asko izan dira Donostiara gerturatu eta alfonbra gorritik desfilatu duten izarrak, Antonio Banderas, Miguel Angel Silvestre edo Géraldine Chaplin aktoreak, besteak beste.
Larunbat iluntzean zuzenean ikusi ahal izan zen Zinemaldiaren itxiera ekitaldia, eta zirrara uneak eta ezusteko handiak bizi izan ziren Kursaalean, izan ere, epaimahaiak zinema ausartia saritu zuen edizio berri honetan. Kinielen artean ez bazegoen ere, Isaki Lacuestaren “Oinkada Bikoitzak” lanak eskuratu zuen Urrezko Maskorra, eta Zinemaldiaren golardorik handienaren irabazlearen izena ezagutu zenean, prentsa aretoan txistuak entzun ziren. Zuzendariak, ordea, ez entzunarena egin zien kritikei eta jendeak pelikula ulertuko duela esan zuen.
Guk, geure partetik, Zinemaldiaren itxiera ekitaldiko irudi batzuekin datorren urtera arte agurtuko dugu Donostiako Zinemaldia.
Donostian, gastronomia-zientzien lehen fakultatea
Gaurtik aurrera, gainera, Donostia gastronomiaren topaleku bilakatuko da, izan ere, gaur bertan inauguratu dute gure hiriburuan Basque Culinary Center gastronomia-zientzen lehen fakultatea. Mundu osoko lehen titulu unibertsitarioa eskainiko du fakultate horrek gastronomia alorrean. Esteka honetan dituzue xehetasunak.
Iragan astean espaziotik iritsitako objektu hegalari ezezagunak heldu ziren Donostiara, estralurtarrak Kontxako badian hartu baitzuten. Ikusi Luis Hernandez Camara errealizatzaile gipuzkoarraren azken lan harrigarria.
Txuri urdinak, etxetik kanpo punturik gabe
Iragan asteazkenean etxeko lehen garaipena lortu zuen Realak Granadari 1-0 irabazi ostean. Atzo berriz, zorteak ez zion askorik lagundu talde txuri-urdinari eta esku hutsik itzuli zen Mallorcaren aurka 2-1 galdu ostean.
Datorren igandean egun handia da euskal taldeentzat, izan ere, urteroko derbia ospatuko da. Txuri-urdinen eta zuri-gorrien arteko derbia ez-ohiko ordutegian jokatuko da, eguerdiko 12:00etan, Anoetan, beraz, donostiarrok, denok Reala animatzera!!!!
Amaitzeko ETB-2ko El Conquistador del Aconcagua saioko lagunek gaur gauen egingo den “Conquis, La Aventura” saioan parte hartzeko deia luzatzen ziguten. Iruzkinaren arabera, publikoaren zihoan autobusa Bilbotik irten eta Eibarren eta Donostian geldialdiak egingo ditu.
Eta honekin amaiera emango diogu gure gaurko postari. Zinemaldian ederto pasa duzuelakoan, eta hemendik aurrera ere gure Facebookeko orrialdean parte hartzen jarraituko duzuelakoan, besarkada handi bat bidaltzen dizuegu. Ondo izan eta pozik bizi!!






Zure iritzia