Artxiboa

Maiatza, 2011 (r)entzako artxiboa

Martin Lasartek ez du Realean jarraituko

2011(e)ko Maiatzak 26 Iruzkinik ez

Martin Lasarte entrenatzaile uruguaitarra kargutik kendu du Realak. Beste denboraldi baterako kontratua bazuen ere, ez du Donostiako talde txuri-urdina zuzentzen jarraituko. Hau eta beste kontu batzuk izan dira Facebookeko horman gehien eztabaidatu diren gaiak.

Aste honetako laburpena futbolaz hitz egiten hasiko dugu, izan ere, Martin Lasarte entrenatzaile uruguaitarra kargutik kentzea erabaki du Realeko zuzendaritzak. Albiste honen berri Itxaso Apraizek ematen zigun horman, eta esteka hau uzteaz gainera, horrela esaten zigun: “Ikusita zegoen… baina atzo gauen Realak baieztatu egin zuen. Niri pena pixka bat ematen dit”. Martin Lasarte iragan denboraldian heldu zen Realera eta taldea lehenengo mailara gidatu zuen, bigarren mailako txapelketa irabazi eta gero. Kostata baina azkenean taldea lehenengo mailan uztea lortu du Uruguaiko entrenatzaileak. Felix Aupa Realak horman parte hartzen zuen, pena handiz.

Josu Castillok ere horman parte hartu du eta asteburu honetan Donostian  Rompeolas jaialdia ospatuko dela gogorarazten zigun hitz hauekin: “Aupa lagunok! Larunbat honetan goazen Donostira. 7retan San Telmo museoan. Plazer bat izango litzateke zuen konpainia“. Eskerrik asko, Josu!

Iragan abenduan Xabier Lete idazle, kantari eta poeta euskalduna zendu zen Donostian, eta Olatz Gartziak, horren harira gaur egingo den omenaldi txiki baten berri ematen zigun esteka honekin. Horrela esan zuen Olatzek: “Gogoratu ostegunean Xabier Leteren omenez, hainbat kantarik, Mikel Markezek edo Pako Aristik, esaterako emanaldia eskainiko dutela Koldo Mitxelenan!!”. Hitzordua gaur arratsaldeko 19:30ean da, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Oraindik garaiz zabiltzate, beraz, animatu!

Eta honekin, eta Web Enterati eta Eme Beri horman parte hartzeagatik eskerrak emanez, aste honetako postari amaiera emango diogu. Jarraitu zuen proposamenak, zalantzak, argazkiak… eta nahi duzuen guztia horman uzten. Guk zuek kontatutako hori blog honetara ekarriko ditugu, betiko legez. Besterik ez. Pozik bizi eta hurrena arte.

2011ko udal hauteskundeen emaitzak Donostian

2011(e)ko Maiatzak 23 Iruzkinik ez

Juan Carlos Izagirre Donostiako Udalerako Bilduren hautagaiak eskuratu ditu boto gehien 2011ko udal hauteskundeetan. Bilduk 21.110 boto erdietsi ditu eta 8 zinegotzi; orain arte lehen indar zen PSEri lekua kenduta. Izan ere, Odon Elorza buru duen hautagaitzak 7 zinegotzi lortu ditu, bozoen 22.38% jasota. Azkenik, Alderdi Popularrak (16.502 boto) eta EAJk (15.587 boto) 6na zinegotzi izango dituzte. Hori horrela, 20 urtetan Donostiako alkate izandakoak zuen nagusitasuna galdu du; hori bai, ikusteko dago noren esku geratuko den

146.773 lagunek dute botoa emateko eskubidea Donostian.  Horietatik, 87.862 joan dira gaur bozkatzera. Abstentzioa, beraz, % 40.45 izan da. Hala, botoen %100a  zenbatuta, Donostiako udal hauteskundeen emaitzek argazki hauxe utzi dute Gipuzkoako hiriburuan :

BILDU:  8 zinegotzi eta  21.110 boto

PSE-EE:  7 zinegotzi eta 19.666 boto

PP: 6 zinegontzi eta 16.502 boto

EAJ: 6 zinegotzi eta 15.587 boto

Datuak alderatu nahi izatera, horra, baita ere, Donostiako 2007ko udal hauteskundeen emaitzak.

Ikusteko dago, hortaz, Donostiako Udalak ze kolore hartuko duen. Emaitzak mahai gainean daude. Ondorengo egunotan, alderdien arteko bileretan erabakiko da bilbotarren mapa politikoa. Guk, adi-adi jarraituko dugu guztia, blog honetatik eta Facebookeko gure kontutik.

Donostiako hauteskundeen emaitzak, zuzenean

2011(e)ko Maiatzak 20 Iruzkinik ez

Maiatzaren 22an, Donostian 2011ko udal hauteskundeak egingo diren egunean, Donostia hauteskunde emaitzak eskainiko dizkizuegu zuzenean, grafikoak barne. Horrez gain, 2007ko udal bozekin egindako alderatzeak ere izango ditugu. Ikusmin handia eragin du hauteskunde gauak, eta ziur gaude, giroa gori-gori egongo dela.

18:00etatik aurrera gertatzen den guztia jarraituko dugu Donostiako blog honetatik eta Facebookeko orrialdetik: balizko emaitzekin egindako porrak, inkestek iragarritakoak eta… Donostiako udal hauteskundeen emaitzak. Betiko moduan, zuen iruzkin eta ekarpenen zain gaude; horiek ere, astelehenean propio egindako post batean bilduko ditugu eta.

Gaur bukatuko da hauteskunde kanpaina eta biharkoa gogoeta eguna dugu; bide batez, Donostiako 2007ko udal hauteskundeen emaitzak uzten dizkizuegu.

Adi, hortaz, blog honetara eta komunitatearen orrialdera. Emaitzak jakin ahala, jakinarazten saiatuko gara eta, hala, Donostiako alkatea nor izango den eta hiriko mapa politikoa nola geratuko den jakingo dugu.

Ibaetako TAO sistema ezartzeko saioek nahasmena sortu dute Donostian

2011(e)ko Maiatzak 19 Iruzkinik ez

Ibaetako unibertsitateen inguruan TAO sistema ezartzeko saioek nahasmena sortu dute Donostiako herritarren artean. Gai hau eta Facebookeko horman jasotako beste hainbat kontu aztertuko ditugu gaurko postan. Goazen bada!

Aspalditik ari ziren esaten Ibaetako aparkalekuan TAO sistema indarrean jarriko zutela. Astelehen honetan ziren abian jartzekoak, baina badirudi nahasmena sortu dela oraingoan ere. Esteka honekin Leire Bazkezek horrela esaten zigun horman: “Atzorako zegoen iragarrita Ibaetako aparkalekuan TAO sistema indarrean sartzea… Baña oraindik ez dira isunik jartzen hasi. ¿Noiz argituko da kontua?”. Ea ba ahalik eta azkarren argitzen den kontua.

Leirek, gainera, Musika Sarien inguruko lotura hau uzten zigun horman, izan ere, Alberto Iglesias musikagile donostiarrak saria eskuratu du, beste euskaldun batzuen artean. Horrela zoriontzen zuen Alberto Leirek: “Zorionak Musikaren saria jasotzeagatik, besteak beste, Donostia-San Sebastiáneko Alberto Iglesias , Zarauzko DELOREAN eta baita Tolosako Bide Ertzean taldeari ere. Ahaztu gabe, Kepa Junkera, Fito y los fitipaldis edota gure herriko seme kuttuna den Angel Illarramendi konposatzailea. Zorionak denoi!!!”. Guk ere Alberto eta gainerako musikariei zorionak bidaltzen dizkiogu.

Beste behin, Web Enteratek horman parte hartzen zuen eta zozketa baten berri ematen zigun. Bi pertsonentzako logela bikoitz batean gau baterako egonaldia eta gosaria. Aukera bikaina da, beraz, parte hartu nahi izatera, hemen duzue eurak utzitako esteka.

Amaitzeko, Musikota Olayak jakinarazten zigun Donostiak Valentzia aurreratu eta www.musikota.com orrialdean zazpigarren postua hartu duela bisitei dagokionez, 1500eko kopurua gaindituz.

Eta ezin gara agurtu aurretik hauteskunde gauean zuekin izango garela gogorarazi gabe. Iragan ostiralean egin genuen bezala, igande honetan (maiatzak 22), eta baita astelehenean (maiatzak 23) ere zuekin izango gara horman Donostian gertatu den guztiaz aditzera emateko. Zuekin eta parte hartu nahi duen ororekin bat egingo dugu, beraz. Zuen zain geratzen gara. Ondo izan!

Udal hauteskundeak Donostian

2011(e)ko Maiatzak 13 Iruzkinik ez

Maiatzaren 22an 2011eko udal hauteskundeak izango ditugu Donostian. Kanpaina joan den ostiralean, apirilaren 29an, hasi zen, (baina azken asteotan gure orrialdeko hormara iristen ari diren iruzkin eta estekak ikusita, argi dago kontua askoz lehenago abiatu zela). Zalantzarik gabe, bi asteotan ugaritu egingo dira hauteskundeen ingurukoak.

Honen aurrean, zera otu zaigu: Donostiak Facebooken duen jendearekin kanpaina bera eta hauteskunde gaua partekatzea; lehenengo aldia izango da Googlen “udal hauteskundeen emaitzak Donostian” bilatuta, blog hau edo Facebookeko orrialdea aterako zaiguna ;-)

Hori horrela, Donostiak Facebooken duen orrialdean kontatzen dituzuenez gain, hauteskunde gauean giroa berotzen ibiliko gara datuak gaurkotzen eta postak idazten. Are, emaitzak grafiko bidez eskaintzea ere pentsatu dugu… baina tira, ez dugu ezer aurreratuko!

Gau berezi hori zuokin partekatu nahi dugu Facebooken eta azkenean, Donostiako alkatea nor izango den jakin: Odón Elorza González (PSE-EE), Ramón Gómez Ugalde (PP), Eneko Goia Laso (EAJ-PNV), Joaquín Gomez Lima (EB-B), Juan Carlos Izagirre Hortelano (Bildu-EA), Juana Aranguren Rica (PLAZANDREOK), Olatz Madrazo Rada (PACMA/ZAAAA), Nicolás De Miguel Vélez (UPyD), Ainhoa Beola Olaziregi (ARALAR), Silvana Marta Luciani (HD-CP), Enrique Muñoz López (P.L.I.N), Borja Barrague Calvo (Berdeak-Los Verdes), Nerea López Ben (PUM+J), Iñaki Galdos Irazabal (H1) eta Piero Zanatta Larios (LV-GV).

¡Blog honetan edota Donostiako orrialdean ikusiko dugu elkar!

Zaleen berotasunak Realaren garaipena ekarri zuen Anoetara

2011(e)ko Maiatzak 12 Iruzkinik ez

Realak permanentzia eskura dauka atzo Anoetako Estadioan Real Zaragozari irabazi eta gero. Mikel Aranburu kapitainak bi minutu falta zirela sartutako bigarren golarekin Anoeta, Donostia eta Gipuzkoa pozez txoratu ziren. Hauxe izan da azken egunotan horman gehien eztabaidatu den gaia. Goazen laburpenarekin!

Azken hilabeteok ez dira batera errazak izan txuri-urdinentzat. Denboraldia ondo hasi bazuten ere, egoerak okerrera egin zuen azken jardunaldietan eta bigarren mailara jaitsiera mehatxua handia zen atzora arte. Zaleak, ordea, ez dute euren taldearengan konfiantza galdu. Asteartean Olatz Gartziak esteka hau uzten zigun horman eta ondorengo hitzekin realzaleak animatzen zituen: “Partidu erabakigarria izango da biharkoa txuri-urdinentzat, eta hori dela medio, denon hurbiltasuna behar beharrezkoa dute, beraz, bihar denok Anoetara gure taldea animatzera. Denok Realarekin bat!”.

Gogor hasi zen Realaren eta Zaragozaren artekoa. Harmaila zalez beteta zegoen, eta 23. minutuan Raúl Tamudok sartutako golak, norgehiagoka irabazteko esperantzak sortu zituen Anoetan. Atsedenaldiaren ostean, ordea, berdinketa iritsi zen Gabik sartutako golarekin. Baina txuri urdinek ez zuten amore eman eta Carlos Martinezi penalti egin zioten jokaldi batean, Aranburuk gola sartu zuen. Garaipena, azkenean, etxera!  Zaleak gustura, horrela esaten zigun Itxaso Apraizek, garaipenaren inguruko albiste bat horman utziz: “Aupa Reala!!! asko sufritu genuen baña azkenean garaipena gurea!! Zorionak mutilak!”. Gure partetik ere zorte ona opa diogu Realari ondorengo jardunaldietarako, batez ere datorren asteburuan jokatuko duen Sevillaren aurkako norgehiagokan.

Eta albiste on honekin agur esango diogu gaurko postari. Jarraitu horman nahi duzuen beste parte hartzen, zuentzat interesa duten albiste, argazki bideo edo galdetzeko duzuen guztiarekin. Gu zuen esanetara gaude, zuek kontatutakoak blog honetara ekartzeko. Bitartean ondo izan eta laster arte!

Wilco Donostian, Odon Elorzak graffitiak eta pintadak salatu ditu…

2011(e)ko Maiatzak 5 Iruzkinik ez

Wilco seikote estatubatuarra Donostiara itzuliko dela eta Odon Elorzak hiriko hainbat guneetan dauden pintada eta graffitien aurrean egindako salaketak, horiek izan dira aste honetan horman gehien eztabaidatu diren gaiak. Baina ez dira bakarrak izan. Goazen laburpenarekin!

Gaztea atariak kontatzen zigun, esteka honen bitartez, Wilco talde estatubatuarra Donostiara etortzeko zurrumurruak zebiltzala. Albisteak zioen Madrilen eta Bartzelonan arituko dela aurretik Wilco taldea, eta ondoren Gipuzkoako hiriburura etorriko dela. Gazteak hurrengo egunean albistea baieztatzen zuen beste lotura honekin, eta horrela esaten zigun: “Ostiralean jarriko dituzte salgai Wilcok Donostian emango duen kontzerturako sarrerak”. Azkar ibili talde estatubatuarraren kontzertura joan nahi izatera.

Gainera, Donostiako alkateak, Odon Elorzak, hiriko hainbat gunetan ugaritzen ari diren graffitiak eta pintadak salatu dituela kontatzen genizuen ondorengo bideo honen bitartez.

Beñat Mendietak ere, beste behin, gurean parte hartzen zuen Donostiako argazki eder batekin eta horrela esaten zigun: “Donostia-San Sebastiánetik bidali du Txomin Rezolak irudi eder hau, “Betekada” izenekoa, eta EGUNEKO ARGAZKIA da guretzat. Benetan, beteta dago bertan Donostiako portua! Hementxe, irudi gehiago: http://tinyurl.com/3mdhmvm”. Badakizue argazki gehiago ikusi nahi izatera argazkiak eta bideoak igotzeko erreminta berria duzula martxan eitb.com-en. Hemen argazkia!

Donostiako portua. Argazkia: Txomin Rezola

Donostiako portua. Argazkia: Txomin Rezola

Bestalde, esteka honekin Beñat Mendietak jakinarazten zigun Primitibako Sari Nagusiak 153.065 euro uzten zituela Donostian. Hitz hauek uzten zituen horman: “7 euro gastatu eta 150.000 euro irabazi; a ze negozioa! Zorionak irabazleari, jeje, a ze inbidia!”. Beraz, saridunaren izena ez badakigu ere, zorionak bidaltzen dizkiogu hemendik.

Amaitzeko Gazteak ondorengo galdera luzatzen zuen: “Bon Jovi hankamotz iritsiko al da Donostiara?”. Izan ere, albiste honekin ezagutarazten zigun Richie Sambora gitarrista desintoxikazio klinika batean sartu dutela alkoholarekin arazoak dituelako.

Eta zurrumurru honekin amaiera emango diogu gaurko postari. Zuek jarraitu horman parte hartzen, eta guk gure aldetik zuek esandakoak blog honetara ekarriko ditugu. Ondo izan eta pozik bizi!