Sonar jaialdiaren 18. edizioa 2011ko ekainaren 16,17,18 eta 19an egingo dute, Bartzelonan. Sonar Galicia jaialdiaren 2. edizioa berriz, ekainaren 17 eta 18an egingo dute A Coruñan. Aurretik, Londres eta Tokion ere ekitaldiak egingo dituzte.
Steve Reich konpositore estatubatuarrak Bartzelonako L´Auditori aretoan ekainaren 16an eskainiko duen emanaldiak irekiko du Sonar Barcelona 2011. Minimalismo errepikorraren autore esanguratsuenetako bat zuzenean ikusteko aukera izango da hau. Kontzertu honetarako sarrerak salgai daude 30 euroko prezioan.
Jaialdian parte hartuko duten taldeei dagokionez, Magentic Man da konfirmatu duten lehen taldea.Gauez, Bartzelona eta A Coruñan arituko da. Benga, Skream eta Artwork izeneko dj eta ekoizle hiruko britaniarrak osatzen du proiektu hau.
Jaialdiko egun guztietan parte hartzeko balio duen bonua 130 eurotan salgai dago jadanik. Urtarrilaren 16tik aurrera 155 euroko prezio izango du. 2010eko edizioak izan zituen prezio berdinak izango ditu datorren urteko edizioak.
Martxoaren 19an Sonar jaialdia Londresko Roundhouse aretora iritsiko da. A taste of Sonar jaialdiaren 6. edizioa egingo dute bertan.
Apirilaren 1, 2 eta 3an bestalde, Tokiora iritsiko da. Hiru egunetan zehar hogei artistatik gora arituko dira bertan. Bost urte pasa dira Sonar jaialdiak azkenekoz Tokion ekitaldia antolatu zuenetik.
Split 77 diskoarekin, talde bilbotarrak hirugarren estudioko diskoa argitaratu du. Lan indartsua da, “Supermerkatuko neska” edo “31″ abestien erritmo dantzagarriak “Bi kolore” bezalakoen intentsiratearekin nahasten dituena. Oinarri elektroniko eta kitarren indarrak urteko azken txanpan argitaratu diren disko interesgarrienetako baten aurrean jarri gaituzte. Aritz, taldeko abeslariak, bidalitako emaila erantzun digu.
Anfetamina, gaua eta lagunak dira diskoko protagonista.
Aipatu dituzun hauek kantuen gaiak besterik ez dira niretzat, ez gehiago eta ez gutxiago. Disko honetan, benetako protagonistak, isolamendua eta ausardia izan dira. 2005. urtean gure betiko bateri joleak taldea utzi zuenetik, bost urtetan zehar lokalean isolaturik lan egin behar izan dugu Deibolekin hutsune hori bete arte. Ausardia ere azpimarratu nahi dut, dena galduta zegoela zirudienean, adin, eta logikari uko eginez, barruan genuen musika egiteko erabakia hartu genuelako.
Gaua, anfetaminak, edo lagunen inguruan esan beharrekoa kantuetan dago. Guretzat musika ez da eskoletan irakatsi daiteken zerbait, garai batean The Velvet Underground entzuterakoan, haien kantuak mundua ikusteko beste modu bat zegoela erakutsi ziguten moduan; maitasuna, lizunkeria, harmonia, disonantziak… denak dute lekua gure kantuetan; besteen aurrean garen moduan erakusteko aukera ematen diguten altxorrak dira. Kantu baten letra egiterakoan zure egiak ezkutatu, edo intuizioak eskatzen dizun kantu egitura asimetriko batekin ez ausartzea, hoiek kontu moralak dira guretzat.
Sintetizadore eta aparailu elektronikoek pisu handia dute lan honetan.
Oso modu naturalean gertatzen den zerbait da, lehenengo bi diskoak entzutean nahiko argi ikusten da baliabide elektronikoak geroz eta garrantzi gehiago hartu dutela gure soinuaren identitatean, disko honekin gainera kantu bakoitzarekin egin dugun lana oso zuzena eta hurbilekoa izan da. Bidai baten moduan antolatu dugu, eta badirudi, joku horretan nunbait gure hizkuntza propioa topatu dugula.
Ohiko erritmo ilunak landu badituzue ere “Supermerkatuko neska” eta “31″ bezalako abestietan dantza erritmoak landu dituzue.
Sinisten ez baduzu ere, disko hau grabatzeko orduan ez diegu kontu horiei buelta gehiegirik eman. “Supermerkatuko neska” duela hiru urte grabatutako Hammond melodia baten bilakaera da. Eta “31” kantua duela lau urte errejistratu genuen demo moduan, nahi gabe atera da guztia.
Gure diskoa hamar kantu ezberdinen bilduma eklektikoa dela esan dezakegu, eta badago lan osoari batasun bat ematen dion sonoritate berezi bat atzean, horregatik esan ohi dut gure hizkuntza propioa erabiliz disko eklektiko bat egin dugula, eta eklektizizmo hori bateratu duen indar zentripetoa Split77 dela. Horrexegatik jarri diogu izenburu homonimoa, eta horrexegatik diskoa irekitzen duzunean, lehenengo begirada batean ez duzu beste ezer ikusiko: Split 77 da kontzeptu bakarra.
Urte asko egon zarete eszenatokietara igo gabe, nola planteatuko duzue diskoaren aurkezpen bira.
Ba imagina dezakezu, ez daude hitzik dauzkagun gogoak adierazteko. Bost urte hauetan taldea teknikoki asko aurreratu da, eta baliabide elektroniko guztiak zuzenekoetan inplementatzeko sekulako lana egin dugu. Badakit oso itxusia gelditzen dela, baina gure muntaia daraman beste edozein talde ikusteko irriketan egongo nintzen.
Gezurra badirudi ere inork ez du Laurie Andersonek gaur Bilbon eskainiko duen kontzertuari buruz hitz egin.
Arratsaldeko zortzietan, Zinebi jaldiaren baitan, kontzertua eskainiko du BBK aretoan.
Bere ahotsa, biolina eta elektronika doinuak nahastuko dituen performance ikuskizuna eskainiko du gaur Laurie Anderson-ek. Bere lana zuzenean ezagutzeko aukera aparta izango da, izan ere, ikuskizun berezi bati esker bere abestirik intimoenak entzuteko aukera egongo da.
Laurie Anderson berak dioen bezala: “Aukera paregabea da nire kontuak eta pieza gustokoenak entzulegoari eskaintzea. Guztiak elkartu eta ekitaldi ezberdin bat sortzea zoragarria da”.
Belaunaldi ezberdinak markatu dituen artista, Bilbon zuzenean ikusteko aukera izango dugu gaur bertan.
Laurie Anderson. BBK aretoa, Bilbo. 20:00. Sarrera 25 euro.
MID_E Voxx 010, abenduak 17 Donostiako Antzoki Zaharrean.
MID_E Nazioarteko Erakusketaren zortzigarren edizioa egingo dute abenduan. MID_E Voxx 010 ekitaldian, diziplina ezberdinak batuko dituzte Donostiako Antzoki Zaharrean.
Moda aurkezpena ETXEBERRIA diseinatzaileak egingo du. Bere sormena ezagutzeko aukera izango dugu ekitaldi honetarako espreski prestatu dituen diseinuei esker.
Ikus-entzunezko saioa XU proiektuaren eskutik etorriko da. Zuzeneko Dj emanaldia.egingo du, proiekzioekin lagunduta.
MAREUNROL´S diseinatzaileak moda eta bideo emanaldia nahastuko du Epozide 1 bilduman. Ekitadi honetarako bereziki sortu dituen lanak ikusi ahal izango dira.
Abenduaren 17an Donostiako Antzoki Zaharrean egingo dute MID_E Voxx 010 jaialdia.
Ostiral honetan egingo dute hilero Bilboko Guggenheim museoan antolatzen duten Art After Dark ekitaldia. Museoa gauez bisitatzeko aukera eskaintzen digute, ateak ireki eta bertan dauden bilduma eta erakusketetan barneratzeko gonbitea eginez. Gauez egitea oso berezia da; gehiago, Kinki, R de Rumba eta Dominik Eulberg musika jartzen baldin badaude. Musika ulertzeko hiru modu ezberdin erakutsiko digute.
Demoden, 5 sarrera bikoitz zozketatuko ditugu gure twittereko jarraitzaileen artean (twitter.com/demodeweb). Bertan parte hartzeko, zuen izen abizenekin mezu zuzen bat bidali beharko diguzue.
Musikaren historiaz ari garenean, joera berritzaileei buruz hitz egiten dugunean, ezin ditugu “orkestra pepinofonikoak” baztertu. Eta horien artean, noski, SOSek eta bere Big Bandek toki gailena dute.
Demodeko kolaboratzaile den Carol Marinek 2009ko joeren errepasoa egin digu.
Sinadura: Balmain izan da 2009ko sinadura. Christophe Decarnin-ek egindako lanak marka indarberritu eta urteko erreferentzi nagusian bilakatu du.
Joera: Urte hasieran modan jarri eta horren kritikatuak izan ziren sorbalda-babesleak izan dira Dr. Martens eta ripped jeans-ekin batera joera aipagarrienak.
Desfilea: Jose Castrok Cibeles-en otsailean erakutsitako bilduma paregabea izan zen. María Escoté-k erakutsitako lanak ere aipamen berezia merezi du.
Aldizkaria: Metal da fashion-arty aldizkari eraginkorrena (Fanzine 137ren baimenarekin). Hala ere ezin ditugu Candy, Rocket, Lula edo Russh ahastu. MissanMisterAA fanzinea gertutik jarraituko dugu, azken hilabeteetan martxan jarri den lan interesgarrienetakoa da.
Metal aldizkariaren ale berria irudikatu dute Ferrater estudioko lagunek. Luke Worral modelo ingelesaren laguntza izan dute horretarako. Alex Gilbert, Luke Worrel edo Alex Dunstan bezalako modeloekin lan egin du besteak beste Bartzelonako estudioak.
Karl Lagerfeld-ek Chanel-entzat film labur bat ekoiztu du. Lara Stone eta Baptiste Giabiconi dira lan honetako protagonista. Bertan, Parisko markak 2010eko udaberri uda denboraldirako prestatu duen bilduma nondik nora joango den aurreratzen du.
Demode berrituta dator, itxuraz eta edukiz. Albisteak komentatuko ditugu eta Rock&roll-ean murgilduko gara musikari eta musikazaleen eskutik, bizmodu hau barrutik ezagutzeko. Dena dela, Demode tendentzia ere bada, kalera irekitako atea. Blog honetan eskura dituzue Demodek bere ibilbidean azken tendentziei buruz esandakoak eta jasotakoak.
Zuen iritziak