
Jar zaitez egoera honetan: Hendaia, Zarautz edo Mundakako hondartza batean zaude eta surf taulari argizaria eman berri diozu. Bat-batean, olatua harrapatu zain zaudela, Kelly Slater edo Aritz Aranbururen pare, plastikozko poltsa, zigarro-mutxikin eta ur botilaz inguratua aurkitzen zara… Ez da bidezkoa ikuspegi hau.
Hondartzen zainketa eta mantenua ez da alde batera utzi beharreko kontua, nahitaezkoa da, zabortegi bihurturik ikusi nahi ez baditugu gure inguruak. Urtero, milaka tona zabor pilatzen dira hondartzetan, eta zikin hauek, denon etxea zikintzen dute. Hondartza eta kostaldea denon gozamenerako tokia dela sinetsita eta arduraturik Surfrider Foundation erakundeak urteak daramatza lanean.
Surfrider 1984.urtean Kalifornian sorturiko GKE bata da. Egun, 50.000 kide ditu eta AEB, Kanada, Puerto Rico, Argentina, Brasil, Peru, Australia edo Japoniako talde ezberdinen laguntza jasotzen du.
Europan, Surfrider Europe da Surfrider Foundationen bozeramailea, eta 1.000 partaiderekin Biarritzen du egoitza nagusia. Erakundeak, 4000 borondatezko lankide, 30 lantalde (lurralde ezberdinetan banatuak) eta 12.000 laguntzaile ditu. Ekintza eta lan ezberdinak garatzen dituzte Surfriderrekoek Europako kostaldean zehar. Beraien ekimenak, alor ezberdinetan gauzatzen dituzte; alde batetik, ikuspuntu pedagogikoa garatzen ahalegintzen dira, besteak beste, erakusketak, kultur proiektu zein kirol jardunaldiak sustatuz. Zuzenbidearen alorrean, ingurugiroari dagozkion legeen inguruko aholkularitza lana egiten dute eta jendearen partaidetza bultzatzeko hondartzen garbiketa, uraren analisia, zein hondakinen lagin bilketak gauzatzen dituzte. Surfrider Europe taldeko kideek, beraien ekimen guztiak dokumentatzen dituzte Webgunean eta bereziki gomendatzen dizuegu bertara bisita egitea.