Gauez entzuteko kantuak: Split 77 taldeari egindako elkarrizketa

Split 77 diskoarekin, talde bilbotarrak hirugarren estudioko diskoa argitaratu du. Lan indartsua da, “Supermerkatuko neska” edo “31″ abestien erritmo dantzagarriak “Bi kolore” bezalakoen intentsiratearekin nahasten dituena. Oinarri elektroniko eta kitarren indarrak urteko azken txanpan argitaratu diren disko interesgarrienetako baten aurrean jarri gaituzte. Aritz, taldeko abeslariak, bidalitako emaila erantzun digu.
Anfetamina, gaua eta lagunak dira diskoko protagonista.
Aipatu dituzun hauek kantuen gaiak besterik ez dira niretzat, ez gehiago eta ez gutxiago. Disko honetan, benetako protagonistak, isolamendua eta ausardia izan dira. 2005. urtean gure betiko bateri joleak taldea utzi zuenetik, bost urtetan zehar lokalean isolaturik lan egin behar izan dugu Deibolekin hutsune hori bete arte. Ausardia ere azpimarratu nahi dut, dena galduta zegoela zirudienean, adin, eta logikari uko eginez, barruan genuen musika egiteko erabakia hartu genuelako.
Gaua, anfetaminak, edo lagunen inguruan esan beharrekoa kantuetan dago. Guretzat musika ez da eskoletan irakatsi daiteken zerbait, garai batean The Velvet Underground entzuterakoan, haien kantuak mundua ikusteko beste modu bat zegoela erakutsi ziguten moduan; maitasuna, lizunkeria, harmonia, disonantziak… denak dute lekua gure kantuetan; besteen aurrean garen moduan erakusteko aukera ematen diguten altxorrak dira. Kantu baten letra egiterakoan zure egiak ezkutatu, edo intuizioak eskatzen dizun kantu egitura asimetriko batekin ez ausartzea, hoiek kontu moralak dira guretzat.
Sintetizadore eta aparailu elektronikoek pisu handia dute lan honetan.
Oso modu naturalean gertatzen den zerbait da, lehenengo bi diskoak entzutean nahiko argi ikusten da baliabide elektronikoak geroz eta garrantzi gehiago hartu dutela gure soinuaren identitatean, disko honekin gainera kantu bakoitzarekin egin dugun lana oso zuzena eta hurbilekoa izan da. Bidai baten moduan antolatu dugu, eta badirudi, joku horretan nunbait gure hizkuntza propioa topatu dugula.
Ohiko erritmo ilunak landu badituzue ere “Supermerkatuko neska” eta “31″ bezalako abestietan dantza erritmoak landu dituzue.
Sinisten ez baduzu ere, disko hau grabatzeko orduan ez diegu kontu horiei buelta gehiegirik eman. “Supermerkatuko neska” duela hiru urte grabatutako Hammond melodia baten bilakaera da. Eta “31” kantua duela lau urte errejistratu genuen demo moduan, nahi gabe atera da guztia.
Gure diskoa hamar kantu ezberdinen bilduma eklektikoa dela esan dezakegu, eta badago lan osoari batasun bat ematen dion sonoritate berezi bat atzean, horregatik esan ohi dut gure hizkuntza propioa erabiliz disko eklektiko bat egin dugula, eta eklektizizmo hori bateratu duen indar zentripetoa Split77 dela. Horrexegatik jarri diogu izenburu homonimoa, eta horrexegatik diskoa irekitzen duzunean, lehenengo begirada batean ez duzu beste ezer ikusiko: Split 77 da kontzeptu bakarra.
Urte asko egon zarete eszenatokietara igo gabe, nola planteatuko duzue diskoaren aurkezpen bira.
Ba imagina dezakezu, ez daude hitzik dauzkagun gogoak adierazteko. Bost urte hauetan taldea teknikoki asko aurreratu da, eta baliabide elektroniko guztiak zuzenekoetan inplementatzeko sekulako lana egin dugu. Badakit oso itxusia gelditzen dela, baina gure muntaia daraman beste edozein talde ikusteko irriketan egongo nintzen.
Split 77 zuzenean: azaroak 26 Bilboko Kafe Antzokian, abenduak 10 Durango Plateruena, 2011ko urtarrilak 5 Ondarruko Kafe Antzokia, 2011ko utarrialk 11 Larrabetzuko gaztetxean, urtarrialk 15 Tolosako Bonberenean.
Zuen iritziak