Asteko diskoa: Toro y Moi: ‘Causers of this’

Chaz Bundickek 23 urte ditu, ikastun itxurako betaurrekoak eta musika talde bat. Toro y Moi izena du taldeak eta Causers of This da taldearen lehen diskoa. Bundick ez da inor, ez du zer esanik taula gainean eta kasualitate batek soilik eraman du bere musika ozeanoaren beste aldera, hain denbora gutxian. Ados, gaur egun Interneti esker ia dena da posible…
Toro y Moi nahasketen taldea da. Bundickek bere disko gogorrera iraultzen du etxean entzuten duen musika guztia. Soinuak astindu, birrindu eta hautseztatu egiten ditu harik eta formarik gabeko gauza krematsu batek bere abestien moldeak bete arte. Bere musikara gerturatuz gero, Toro y Moi taldeak Animal Collective, Panda Bear, Air edo Zero 7 eta Bent talde ahaztuen antza du. Bundickek elektronika leunarekin collage mikroskopikoa egiten du.
Beste garai batean Bundicki chill-out etiketa jarriko zioten, Cafe del Marreko leiho ondoan aulki bat eta Ministry of Sounden udako bilduman leku bat izango luke. Momentuz, horretaz guztiaz libre izango da, gutxienez ”chilwave” kategoria Washed Out edo Neon Indian gisako taldeen gainean erortzen den arte. Egun hori iritsi arte, Bundickek nahiago izango ditu mundu independenteko gauza sinpleak, nahasketa ameslariak edo erdi izkutuko birak Dent May taldearen telonero lanak egiten. Datorren astean Lleidan, Madrilen, Zaragozan, Granadan eta Sevillan kontzertua eskainiko dute.
