JADD 80ko hamarkadaren erdialdetik dago presente Madrilgo musika beltzeko zirkuituetan.Madrilgo klub ezagunenetakoetan egin du lan: Siroco Soul Club (90-95), Kathmandu Jazzin Club (95-08), Marula café (2003. urtetik), eta, horrez gain, sustatzaile ere aritu da Soul Cellar, Funky People, Soul Cargo eta Blackout klubetan. Jazzin Club disc-jockey taldeko kide da eta egun Marula café-n eta Kathmandu-n ari da dj lanetan.Improvisto! saileko bi diskoen egilea da. Serie horrek 70ko hamarkadan Hi Top diskoetxerako egindako grabaketak biltzen ditu, nazioartean ere da ezaguna eta oso kritika onak jaso ditu, gainera. 2006an Madrilgo Hiri Kultura festibalera gonbidatu zuten, 2007an Gasteizko Jazz Jaialdira; Gijongo Nazioarteko Zinema Jaialdian izan da hainbatetan, baita Minijazz/Gasteiz, Jazzaldia/Donostia eta S.O.U.L. jaialdietan ere, besteak beste. Horrez gain, beste hainbat hiritako soul, jazz eta funk klub eta ekitaldietan izan ohi da: Soul4real (Bilbo), Movin On (Bartzelona), eta Colonia, Dresden, Dusseldorf, Hamburgo eta Goterborg hirietako musika beltzeko klub garrantzitsuenetan aritu da. 1986an musika beltzean espezializatutako Atlantic City irrati-programa sortu zuen. Programa hori 90eko hamarkadaren erdialdean Soul Incorporated-en eman zuten, hiru urtez. Madrilgo Arte Ederretako Zirkuluko Dialsoul taldeko kide izan da duela gutxi arte, taldea desegin arte, hain zuzen. Disko bilduma handia du, batez ere lehen edizioz osatuta, aldizkari espezializatuetan idatzi ohi du, eta Vampisoul eta Guersenn diskoetxeen hainbat lan berrargitaratzeko erabilitako material grafikoa berea da.
Zintzoak izango gara, irizpide minimo bat izango bagenu, aste honetako diskoa Hot Chip taldearen One Life Stand izango litzateke. Azken finean, elektronikako talde supercool horrek bihotzak apurtzen ditu mundu libreko indien artean. Beraz, argi eta garbi zegoen aukera zein zen. Hala ere, agian konturatuko zinen irizpidea dugunaren itxura egiten jardun garela, baina egiari zor, gaizki samar ateratzen zaigu. Onartu: freak eta makarra batzuk gara eta ez gara inoiz ernatuko. Eta Hot Chip taldea ere ez da hain ona.
Kontuak kontu, Fu Manchu taldearen hamakaigarren diskoa aukeratu dugu: Signs of Infinite Power. Fu Manchu talde kaliforniarra 90eko hamarkadako stoner rock mugimenduko estandarteetako bat izan zen. Porroak erre eta Black Sabbath taldearen musika entzuten zuten. Stoner mugimenduak behea jo zuen tatuajeak egiteko tinta agortu zenean. Hortik aurrera egoerak okerrera egin zuen, gauzek grazia galdu zuten eta Schwarzenegger gobernadorea aukeratu zuten. Zorionez, Fu Manchu taldeak ez zuen inoiz hondamendi horien berri izan eta hondartza ondoko etxabean jarraitzen dute skate, sexua, ovnia eta tuneatutako autoen gaineko abestiak egiten. Beraz, batido ekologikoen eta Animal Collective taldearen zalea bazara, utzi irakurtzeari. Kopetako ilea orratzen baduzu, Razzmattazzeko txapak eramaten badituzu eta ‘Diario Pop’ itzultzeko Facebooken sinadurak biltzen ari bazara, duela hamar lerro utziko zenion irakurtzeari. Ah! eta ez bidali ‘Andre’ hitzarekin hasten diren taldeetarako gonbidapenak.
Signs of Infinite Power diskoa hard rock mugimenduko 10 abestiz osatuta dago, tartean daude “Bionic Astronauts” edo “Gargatuan March” kantuak. Hormigoiz beteriko toneladaka gitarra ditu, laburbilduz, ingude batekin buru gainean jotzearen antzekoa da. Fu Manchu elurretan harrapatuta gelditu den mamuta da, besoak eta hankak dituen erlikia bat. Scott Hillek eta amiliak Wolf taldeak edaten duen zerbeza iturri beretik edaten dute, riff berak zulatzen dituzte eta ziur aski groupie beraren atzetik ibiliko dira. Fu Manchurekin 20 urte izan nahiko dituzu berriz, skate taula baten gainean jauzi egin eta burua hautsiko duzu inoiz atera ez zaizun akrobazia hori egiten. Rock n´roll itsaskor eta zuzena da. Maitatu ezazu Fu Manchu edo bestela gurekin arazoak izango dituzu.
Bilboko Henao kaleko Amor de Madre taberna bigarren eskuko arropa merkatu bihurtuko da urtarrilaren 30ean. Arratsaldeko bostetatik iluntzeko hamarrak arte arropa erosteko aukera izango da tabernan bertan.
Arropa bitxi eta ezberdina erosteko aukera izango duzu tabernan zerbait hartzen duzun bitartean, tabernak normaltasun osoz funtzionatzen jarraituko baitu. Zer aurkitu dezakezu merkatuan? Arropa eta osagarriak, bigarren eskukoak eta berriak, emakumezkoentzat eta gizonezkoentzat.
Unai Goikolea artista da bigarren eskuko azoka horren arduraduna. Iragan urtean ekimena hilean behin errepikatzen zen. Ondoren geldialdi bat egon zen eta abenduaren 19an jarri zen berriz abian. Urtarrilaren 30ean itzuliko da azoka Amor de Madre tabernara.
Munlet musika taldeak taldearen eraberritzearen osteko lehen kontzertua eskainiko du. Anita LadyFingers eta Ina HerrProfessor kideekin batera izango dira, hemendik aurrera, Oscar Alvarez bateria-jotzailea eta Sergio Llanos eta Arkaitz Garai gitarristak. Kontzertua urtarrilaren 29an izango da 20:30etan hasita, BIG UP 4 jaialdiaren baitan.
Disko berria
Munlet taldeak bere azken lana amaitu berri du: Cañon. CD eta LP binilo formatuan argitaratuko da Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin. Oraindik diskoaren argitalpen data aireratu ez bada ere, aurrerapen bat entzun daiteke myspace sarean.
Orain, artisten unibertsora gerturatu nahi gaituen telebista saioa da. Berlineko Jim Avignon sortzailearengana gerturatu eta harekin hitz egin dute bere lana erakusteko. Global Funk ekimenak gonbidatuta etorri zen Avignon donostiako Le Bukowski musika aretora.
Kakorratz-lanaz ezer ez dakien horientzat ikastaro biribila da. Ikastaroan parte hartu nahi duenak 20 euro ordaindu beharko ditu aldez aurretik.
5 eguneko Amigurumi ikastaroa
Amigurumi ikastaroa bost egunetan emango da. Ikastaroa otsailaren 10ean hasiko da. Otsailaren 17an eta 24an klaseak izango dira. Martxoaren 3an ez da klaserik izango. Astebeteko atsedenaren ostean, martxoaren 10eko eta 17ko klaseen ostean amaituko da ikastaroa. Ikastaroa egiteko 60 euro ordaindu beharko da. Ordainketa egitean ikasleak hainbat tamainutako banbuzko kakorratz sorta bat, artilea josteko orratzak, panpinak betetzeko kotoia, lana mota ezberdinak eta 40 patroitik gora dituen cd bat.
Klase bakoitzeko egitaraua
1.eguna Amigurumia egiteko beharrezko puntuen errepasoa eta sinboloen ikasgaiari sarrera. Hasi bola bat egiten.
2.eguna Bola egiten amaitu
3.eguna Hasi ingelesez idatzita dagoen patroi bat
4.eguna Hasi sinboloetan idatzita dagoen patroi bat
5.eguna Galderak egiteko tartea izango da. Aurreko lanak amaitu edo lan berri bat hasteko denbora.
Izena emateko bidali e-mail bat, plazak mugatuak baitira. Informazio gehiagorako kontsulta ezazu Garabaten webgunea.
Musikaren historiaz ari garenean, joera berritzaileei buruz hitz egiten dugunean, ezin ditugu “orkestra pepinofonikoak” baztertu. Eta horien artean, noski, SOSek eta bere Big Bandek toki gailena dute.
KREAk Komikiaren gida bat publikatu du, okasiorako marrazkigile ospetsuek eginiko marrazkiekin. Gidak hizkuntza garbia eta erraza erabiltzen du gazteenei komikiak nola egin azaltzeko. Aurreko urteetan Mauro Entrialgok eta Abarrotsek marraztu zuten gida eta aurten Joaquin Reyesek egin du.
Egileak berak aurkeztuko du gida jendearen aurrean. Eskolarteko Komikien 27. Lehiaketa aprobetxatuko du Joaquin Reyesek gida aurkezteko. Aurkezpena otsailaren 4an izango da Vital Kutxaren ikasgelan, arratsaldeko zazpietan hasita. KREAk sorturiko Eskolarteko Komikien 27. Lehiaketako irabazleak jakinarazi ditu antolakuntzak. Haurren sailean Markel Galbetek irabazi du lehen saria Kurrin txerriaren bizitza komikiarengatik. Gazteen mailan bestalde, Shukare Oterok irabazi du lehen saria Glu lanari esker.
Lan irabazleak eta “Komikiaren gidak” Araba Aretoan erakusgai egongo dira urtarrilaren 27tik otsailaren 17ra arte.
Demode berrituta dator, itxuraz eta edukiz. Albisteak komentatuko ditugu eta Rock&roll-ean murgilduko gara musikari eta musikazaleen eskutik, bizmodu hau barrutik ezagutzeko. Dena dela, Demode tendentzia ere bada, kalera irekitako atea. Blog honetan eskura dituzue Demodek bere ibilbidean azken tendentziei buruz esandakoak eta jasotakoak.
Zuen iritziak