Jües euskal marka 2007ko irailean sortu zen, merkatura berritasunen bat atera nahi zuten bi lagunen adiskidetasunaren eta ilusioaren emaitza gisa. Jule Martinezek eta Estefania Uriartek bat egiten dute modaren ikuspegi minimalistan; hots, formen nagusitasuna eragozten duen ororen aurka egiten dute. Kontzeptuetan eta irudi markatu batean oinarritutako unibertsoa sortu nahi zuten, publikoa harritu eta bereganatzeko, eta, aldi berean, Jües gainerako marketatik bereizteko. Bada, gure ustez, lortu egin dute.
Soiltasunak, materialen kalitateak eta jantzien dotoretasun berezkoak balio erantsi nabarmena ematen diote markari. Gainera, Jüesek oso diseinu kontzeptu berritzailea erabili du: produktu bakarra. Bilduma bakoitzak jantzi bakar bat du oinarrian: horren diseinua, eraldaketa eta sorkuntza. Horrela, 2009ko uda-udaberrietarako bildumak alkandorak baino ez ditu proposatzen; hori bai, material bikaineko eta dotorezia handiko alkandora dira, inondik ere. Guri gehien gustatu zaigunak Coctail izena dauka.
Argazki erakusketa inagurazio ekitaldia izango da gaur Bilboko Dspacio galerian 20:00etatik 22:30ak arte. Elmorocho djak Mari Luz Vidal, Saioa Etxebarria, Jessica Llorente, mi cara B, Javier García O`Brien eta Gorka Reinoren lanak girotuko ditu. Erakusketa ekainaren 21 arte izango da zabalik. Bihar gauerdian Special J Donostiako Aker tabernan musika jartzen arituko da. Pop dotorez jantzitako soinuak entzun ahal izango dira bere emanaldian. Datorren astean aldiz, film laburrak kalean ikusteko aukera eskainiko digute Caóstica jaialdiko lagunek. Maiatzaren 22an antolatu dute ekitaldia Bilboko Zabala plazan.
2005ean Australia eta Asian zehar bidaiatu ostean sortu zuen Segisek Sakari, indonesiar kultura eta ekonomian oinarritzen den marka donostiarra. Hasieratik, kolaboratzaile ugari izan ditu alboan: José Múgica , Luis Villanueva , Jon Manjares, Cristina Bolaños eta Sharon Iturri, besteak beste.
Diseinu kreatiboak aurki ditzakegu Sakarin; ezerezetik hasita, berezko elementuak sortzen dituzte sormenari esker. Hiru motatako kamisetak egiten dituzte: logoa erakusten duten kamiseta sinpleak, Sakari inguruan oinarrituak (musika, skate eta surfean oinarritutako diseinuak) eta diseinu konplexuak erakusten dituztenak, diseinuaren bitartez mezu bat zabaltzea bilatzen dituztenak.
Hasieran kamisetak bakarrik sortzen bazituzten ere, gaur egun bainujantzi eta jakak ere diseinatzen dituzte. Denborarekin, marka bere tokia aurkitzen ari da eta gaur egun hainbat hiritako dendetan eskura daitezke bere lanak. Demoden diseinu berrienak erakutsi nahi dizkizugu.
Larunbat honetan, maiatzak 9, Soytomboi taldekoek jaia egingo dute Bilbon Q&do lokalean, 22:00etan hasi eta 05:00ak arte. Taberna Ibáñez kaleko 5.ean dago.
Denetarik topatuko dute bertaratzen direnek: Amor de madre DJak, Soytomboi DJak, Jawata anti DJren bideo erotikoaren aurkezpena, ezustekoz beteriko karaokea, barra gaineko ikuskizuna, Las Lentas, amodioaren kobazuloa eta zerutik eroritako jana.
Hori guztia 5 euroren truke. Gainera, zigilua erakutsita, euro bateko beherapena izango da edatekoan.
Dieselek erronka bota die hiri artistei. Only the brave lurrin berria merkaturatu duela eta, markak beren lanak helbide honetan eskegitzera deitu ditu zeresana duten artista guztiak.
Bi irabazleek, beste sari batzuen artean (Cultura Urbana jaialdirako sarrera bikoitz eta lurrin sorta bana), Only the brave ukabil erraldoia margotu eta eraldatu ahal izango dute hilaren 16an Madrilera, Cultura Urbana jaialdira, bertaratzen den publiko guztiaren aurrean. Ukabil horrek Dieselen lurrin berriaren potoa du abiapuntu eta horren erreplika erraldoia izango da. Lehiaketan parte hartzeko epea hilaren 12an bukatuko da.
Gainera, Diesel Fragancias etxeak MC Common, bere produktu berriaren irudia, eramango du jaialdi horretara, bertan zuzenean ari dadin. Hain zuzen ere, musikari eta kantari estatubatuarrak Madrileko kontzertu horretan hasiko du gerora Europan zehar eramango duen bira, maiatzaren 16an bertan.
MC Commonek zazpi disko argitaratu ditu eta Grammy sari bat ere irabazi zuen. Halaber, aktore lanak egin ditu, hainbat filmetan, eta umeentzako hiru liburu argitaratu ditu.
Fatboy Slim musikariak eta Skunkfunk markak indarrak batu dituzte, alkondara bat diseinatzeko. Norman Cook azken hamarkadan big beat eszenan eragin handiena izan duen DJa da, eta The Housemartins, Beats International eta Freak Power proiektuetan hasi zen bere musika nazioartera zabaltzen. Fatboy Slim izena, berriz, kantu ezagunen samplerrak erabiliz nahasketa entzutetsuak sortzeko hartu zuen.
Orain, bere ukitu pertsonala gaineratu dio Skunkfunken alkandora berri honi. Kolore beroz “sampleatutako” irudiez bete du eta, bere musikan bezala, erritmo beroak dira protagonista lan berri honetan. Iritsi da uda!
Alkandora ikusgarri hauetako bat jantzi nahi baduzu, demode-ko post honetan iruzkin bat utzi eta hemen aurkituko duzun galdetegia bete besterik ez duzu. Maiatzaren 31ra arteko epea duzu hogeita hamar aleetako bat zureganatzeko