Hemen dira iñauteriak!
Iñauteriak. Ihauteriak. Ihoteak. Ostegun gizenarekin hasiko da jaia. Festa. Ohitura zaharraren aitzakian, azken mozkorraldia berritzeko baimena izango dugu. Garizuma atarian omen dugu. Oso bestelakoa, nonbait, hausterre egunetik aurrera egingo dugun bizimodua. Hala omen. Garai batean bai, hala izango zen seguraski, baina egun, errespetatzen al dugu Elizak ezarritako egutegia? Festarako orduan behintzat bai, aintzat hartzen dugu haien agindua. Eztabaida hortxe, mahai gainean, hartu nahi duenarentzat, baina ordura arte, egun hauek eramangarriagoak egiteko, bestelakoa da gure eskeintza. Tolosakoetaz aparte bestelako iñauteririk badela erakusteko, “ostiral mehe” honetarako, iñauterien gaineko saioa prestatu dizuegu. Horretarako, aurretik ospatzen diren bi festa hartu ditugu. Batetik, Iturenen izan gara, joaldunen ohitura gertutik ezagutzeko. Juanjo Erregerenarn ahotik entzungo ditugu bere bizipenak. Urte luzez da joaldun, eta horregatik barru barrutik izango dugu festa honen azalpena. Bestetik Zuberoara egingo dugu jauzi. Ai.. zeinen gutxitan izaten garen iparraldean! (Koskotekoa guri…). Oraingoan Ezpeize herrian izan gara, Barkoxtarrek maskarada nola ospatzen dute gertutik ikusteko. Emaitza, horixe, jai giroko saioa, aste honetan ikusi ahal izango duzuena. Gogoratu, hitzordua, gaueko Gaur Egunaren ostean duzuela. Ah, eta jai on!

