Bagare, bagera, bagira…

2008(e)ko Abenduak 8 Iruzkin bat egin Iruzkinetara joan

Joan den astean Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu genuen. Larunbatean berriz, euskalzaleek BECa hartuko dute euskararen normalizazioan urrats berri bat ematearen beharra aldarrikatzeko. Orain arte euskarari bai esan diogu, eta orain, bai hori euskaraz esateko ordua badela, alegia. Une aproposa iruditu zaigu, horrenbestez, galderatxo bat zuei luzatzekoa. Gurean, jakina, euskaraz aritzen gara. Hara eta hona. Ia 100 saio egin ditugu, horrek esan nahi du ia 200 lagun inguru bildu ditugula errepidean, eta guztiak euskaraz, bakoitzak berean. Aste honetako saioan gipuzkera zen nagusi, Oriokoa batena, Goierrikoa bestearena. Sozioak berriz, bizkaieraz, jakina, eta neroni, giputxilandiako mugan dagoen nafar deskafeinatuarena. Lehengo astean Zapata arotzak goxatu zizkigun bere nafarrera goxoarekin. Beldur izaten gara maiz… ulertuko al zaio? Beldur horiek uxatze aldera, horra enbidoa, ordagoa zeinek emango zain: ulertzen al duzue? Zein euskalki egiten zaizue ulertzen zaila? Zein gertatzen zaizue arrotzen? Halakoetara ohitzeko modu egokiagorik ba al da? Aberatsago sentitzen al zarete bestelako euskalkiak etxeko egongelan sartzen direnetik? Ba horixe, guk ere “bai euskaraz”, dena delako euskaraz.

  1. Momentuz ez dago iruzkinik.
  1. Momentuz aipurik ez.