Artxiboa

Egilearen artxiboa

Ehungarrenean, aidanez

2009(e)ko Otsailak 27 Urko Aristi Iruzkin 1

Ehun saio. Berrehun elkarrizketatu. Milaka kiliometro. Hainbat eta hainbat momentu on izan dira bidean, eta guztiak biltzeko unea iritsi da. Artxiboan begiratzen hasi, eta zalantzak izan ditugu taldekideok, momenturik hoberena zein izan ote den erabakitzeko orduan. Ez gara ados jartzen. Umoretsuenek,  unerik farregarrienen aldeko apustua egin dute, eta sentimentalenok, aldiz, momenturik sakonenak azpimarratu ditugu. Horregatik, zuen laguntza eskatu nahi dizuegu oraingoan. Zuentzat zein izan da momenturik hoberena? Momenturik farregarriena, alaiena, sakonena, ikusgarriena… petsonairik jatorrena, xelebreena… Norberak bere gustuaren arabera, baten edo bestearen aldeko hautua egin dezake. Hartara, guztiek aukeratutako puska horiekin, bilduma sorta ederra osatuko dugu ehungarren saiorako.

Ez da muxutruk izango…

Tira, bai, nahi izanez gero, muxua ere emango dizuegu trukean, baina bestelako saririk ere badugu. Bozka ematen duzuen ikusle guztien artean zozketatzeko, produkzioko lagunek afari bat eskeini digute, bi lagunentzako, sagardotegi batean, eta Sarduik, aldiz, Gatiburen diska sorta bat, taldekideek sinatutakoa. Irabazleen izenak, martxoaren 27ko saioan bertan emango ditugu ezagutzera. Animatu beraz, eta igandean ez ezik, aste guztian eman zure bozka. Zein izan da zuretzat momenturik hoberena?

Categories: Ehungarrena Tags: , ,

Gorputza jantziz… edo erantziz

2009(e)ko Otsailak 26 Urko Aristi Iruzkinik ez

Guztiok dugu bat. Batzuk ederragoa, besteek apalagoa. Batzuk handiago, besteek txikiagoa. Argia batzuk, iluna besteek. Baina guztiok dugu gorputza bat. Gorputza hori estali nahi izaten dugu, ordea, kalera atera orduko, giza legeak hala agintzen duela uste dutelako batzuk, beste erremediorik ez dela pentsatzen dutelako besteek. Jantzi, edo erantzi. Hortxe zalantza. Aste honetako saioan, ordea, bi era berezitan jantziko dugu guk gorputza. Batetik, Anastasia Leundarekin barruko arropaz ariko gara, baina ez nolanahiko arropaz. Artilezkoak dira Anastasiak egiten dituen galtzontzilo eta kuleroak. Esan gabe doa Hernaniko amona honen lanak abilezitik bezainbeste duela umoretik. Eta bestetik, Ainara Chascorekin, “body painting”aren gainean arituko gara. Gorputza bera oinarri hartu, eta gorputza bera egiten da artelan. Makillajea bera bihurtzen da soineko bakarra. Dirudiena baino lan nekezagoa da, ordu dexente eskatzen duena. Biekin arituko gara, biluztasunak sortzen duen lotsaz, eta lotsa hori estaltzearen lanaz. Gogoratu, ostiral honetan, 21:20tan, ETB-1en.

Categories: Saioen aurrerapena Tags:

Hemen dira iñauteriak!

2009(e)ko Otsailak 17 Urko Aristi Iruzkinik ez

Iñauteriak. Ihauteriak. Ihoteak.  Ostegun gizenarekin hasiko da jaia. Festa. Ohitura zaharraren aitzakian, azken mozkorraldia berritzeko baimena izango dugu. Garizuma atarian omen dugu. Oso bestelakoa, nonbait, hausterre egunetik aurrera egingo dugun bizimodua. Hala omen. Garai batean bai, hala izango zen seguraski, baina egun, errespetatzen al dugu Elizak ezarritako egutegia? Festarako orduan behintzat bai, aintzat hartzen dugu haien agindua. Eztabaida hortxe, mahai gainean, hartu nahi duenarentzat, baina ordura arte, egun hauek eramangarriagoak egiteko, bestelakoa da gure eskeintza. Tolosakoetaz aparte bestelako iñauteririk badela erakusteko, “ostiral mehe” honetarako, iñauterien gaineko saioa prestatu dizuegu. Horretarako, aurretik ospatzen diren bi festa hartu ditugu. Batetik, Iturenen izan gara, joaldunen ohitura gertutik ezagutzeko. Juanjo Erregerenarn ahotik entzungo ditugu bere bizipenak. Urte luzez da joaldun, eta horregatik barru barrutik izango dugu festa honen azalpena. Bestetik Zuberoara egingo dugu jauzi. Ai.. zeinen gutxitan izaten garen iparraldean! (Koskotekoa guri…). Oraingoan Ezpeize herrian izan gara, Barkoxtarrek maskarada nola ospatzen dute gertutik ikusteko. Emaitza, horixe, jai giroko saioa, aste honetan ikusi ahal izango duzuena. Gogoratu, hitzordua, gaueko Gaur Egunaren ostean duzuela. Ah, eta jai on!

 

Categories: Saioen aurrerapena Tags:

Agur eta ohore?

2009(e)ko Otsailak 2 Urko Aristi Iruzkin 1

Herri komunikabideetan aritu garenok eta ari garenok, ongi aski dakigu zeinen lan gogorra eta nekeza gerta daitekeen auzokoei bertako informazioa helaraztea. Muxutruk maiz, ilusioz lepo. Militantzia kontua izaten da maiz. Jakin badakigulako egiten dugun horrek merezi duela. Makroekonomia kontuak alde batera utzita, ekinaren ekinean aritzen gara buru belarri, errealitatearen laban zorrotzak aria mozten digun arte. Eredugarria izan da (zeinen gogorra aditzak iraganean erabiltzea!) Ttipi Ttapa kontu askotan. Aintzindaria. Gaur egun gurean dabiltzan lagun askoren lehen txokoa izan zen hura. Bortziri, Malerreka eta inguruetako euskera goxoa entzuteko aukera paregabea. Eta txoritxoaren kaiolatik at ere euskerazko telebistik ere bazenaren adibide garbia. Erantzunkizuna argi dago norena den, diru iturria itxi duenarena, eta ez beste inorena. Gobernuari eskatu eskatuko genioke arazoa konpontzeko. Entzungorrarena egingo dugu, seguru, baina horrek ez du esan nahi aldarria alperrikakoa izango dela eta ixildu behar dugunik. Alderantziz, are eta ozenago esan beharko dugu.. Ttipi Ttapa telebista aurrera!

Categories: Uncategorized Tags:

Bete betean

2008(e)ko Azaroak 18 Urko Aristi Iruzkinik ez

Ez nuen gehiegi sinisten. Aitortuko dizuet. Ez nuen uste. Hara abiatzerakoan, argi nuen ez niola behar baino pista gehiagorik emango. Izerdia berak isuri beharko zuela, nik ez niola biderik erraztuko. Etorkizuna asmatzen aritzen garenon artean bada halako konplizidade berezi bat, baina burua hotz nuela aritu behar nuen. Hori argi nuen. Nuen, diot. Orain ez hainbeste. Mikel Lizarralderen kontsultan izan ginen aurreko batean, ostiral honetako saioan ikusi ahal izango duzuenez. Eta bete-betean asmatu zuen. Bazen berak jakiterik ez zuen hainbat kontu, eta igerri zituen. Horretarako tarotaren karten laguntza baino ez zuen, nik ez bait nion behar baino pista gehiagorik eman. Tarotean ez ezik, bestelako tekniketan ere aritzen da Urretxuko mutil gaztea. Intuizioa lantzeko ikastaroak ematen ditu, besteak beste. Berezia lan moldea, eta berezia emaitza. Ikusiko duzue. Merezi du. Aholku bakarra: aurriritziak alde batera utzi, eta Aramis, Rappel eta enparauekin zer ikusirik ez duelako Lizarraldek. Ezustekoa eramango duzue, hori ziur. Gogoratu, ostiralean 21:45ak aldera. “Bi errepidean”.

Categories: Saioa Tags: , ,

Barrez lehertu nahi?

2008(e)ko Azaroak 12 Urko Aristi Iruzkinik ez

Umorea egiteko modu asko dago. Algara edo irrifarra lortzeko borrokan, txiste kontalariak hitza du arma bakarra, eta jendearen ixiltasuna, aldiz, mimoaren etsaia. Hitzarekin edo hitzik gabe, helburua beti berbera: eguneroko bizimoduaren pena eta tristurak alde batera utzi eta jendea farrez jartzea. Horixe dute lana Peter Roberts mimoak eta Joxe Ramon Galarraga txiste kontalariak. Esan gabe doa, beraz,  aste honetako saioan farrez lehertuko garela, aurrerapenean begi bistakoa geratzen denez. Gogoratu, ostiralean 21:45etan.

Categories: Uncategorized Tags: