Agur, Mikel!

2008(e)ko Abenduak 1 Iruzkin bat egin Iruzkinetara joan

lanbide honek miresten dudan jendearekin aurrez aurre, bertatik bertara egoteko aukera eskeini izan dit, eta horregatik dut, besteak beste, hain gogoko. Horietako bat izan da gure Mikel. Gure diot, euskaldun guztiok, edo gehienok guretzat dugulako. Lehendik ere makina bat bider ikusi izan nuen Mikel Arriben. Gorriti eta Zumeta lagunengana etorri, eta egun pasa eder askoak egiten zituen Malloen magalean. Guretzat ohore handia zen Laboa gure kaleetan pasiatuz ikustea. Eskaparateari begira dagoen umearen lilura bera somatuko zen seguraski gure begietan. Ausartu, ordea, ez, ezer esatera. HIru bat urte izango dira Eitb Kulturan lanean ari nintzela, Mikelek azken diska aurkeztu behar zuela eta, aurkezpenera joatea egokitu zitzaidala. Oparia izan zen hura niretzat. “Xoriek 17″ zekarren besapean. Prentsaurreko berezia zen hura. Ba zen airean, azkena izan zitekeenaren susmoa. Jendaurrean aurrena, eta gero, banan bana, medioz medio elkarrizketa mordoxka eman behar izan zituen goiz hartan. Carlton hoteletik ihes egiten ere saiatu zen disimuloan. Kaiola estuegia zen nonbait hotelekoa xoriarentzat. Azkenean, eguerdi aldera, hamaikagarren elkarrizketa, gurea. Hortxe gure kezka eta zalantza. Mikel nekatua zegoen, somatzen zen, baina ezin aukera hura galdu. Motza egin zitzaidan elkarrizketa. Ezin gehiegi luzatu, enegarren aldiz galdera beretsuak erantzun behar izan dituenaren nekea ez areagotzearren. Urteak joan urteak etorri, oroitzapen hori postu gorenetakoan dut, lanarekin lotutakoen artean. Gaur goizean, Gorritik irratian egindako hitzekin esnatu naiz. Arriben ikusitako eszena guzti horiek etorri zaizkit burura. Zirrara modukoa sentitu dut. Oroitzapenak eta sentimenduak nahastu dira. Xoriak, uste dut, azken hegaldia hasi duela. Hegoak moztuta ere, libre izan delako xoria, nahi duenean eta nahi bezela hegan egiteko, abanguardiaren izenean batzutan, tradizioaren maltzoan bestetan. Gaur eguraldi goibela dugu. Zerua trsite da nonbait, badakielako xorie ederrenetako bat falta duela gaur. Agur, Mikel!

  1. Momentuz ez dago iruzkinik.
  1. Momentuz aipurik ez.