Artxiboa

‘Su ta Gar’rekin etiketatutako sarrerak

Alakrana auzia eta Bermeoko Bou Bizkaia epaitegian

2011(e)ko Apirilak 5 Kaitin Allende Iruzkinik ez

Alakrana auzia berriz ere Auzitegi Nazionalean eta Bou Bizkaia taldeko lehendakariaren berbak dira aste honetako kontu nagusiak Bermeon.

Aste honetan Bermeoko laburpenari ekiteko, urtetako kontua berreskuratu dugu, atzo bertan, hilak 4, Auzitegi Nazionalean Alakrana auzia lerroburu izan zelako. Bitartekari lanak egin zituenak eta baita Canarias fragataren komandanteak euren adierazpenak eman zituzten atzoko epaian. Oso egoera gogorra bizi behar izan zuten. Maite Bazterretxeak aipatu digu albistea.

Itsasoan jarraituko dugu, baina orain oso bestelako ontzi eta eskifaiarekin, izan ere, gure taldeak asteon zera aipatu zuen Bermeoko horman: ‘talde garbia dugula dio Bou Bizkaiako lehendakariak.’ Adierazpen hauen aurrean, udari begira indartsu jartzeko beste arrazoi bat dugu. Eta berak aipatu legez, uretan irabazitakoa orain epaitegietan kendu nahi diete. Gernikako 2.epaitegiak bere epaia eman du eta antidoping  kodearen kontrako delitua eragotzi die Bermeoko taldeko 5 kideri, hauetako bat bera ere ez da arraunlaria. Hemen duzue albistearen esteka.

Uretatik atera eta kalean edo parkean gaudela, gure hormara begiratu eta Itxaso Apraizek zera idatzi dela ikusi dugu: ‘txakur jabeek elkartea sortu dute. Horrela, euren txakurrekin egoteko txokoak defendatuko dituzte.’ Hernanin esate baterako txakur kaken ADN-DNA eskatzen ari diren bitartean, hemen, gurean, txakurrekin egoteko txoko bila dabilen taldea topatu dugu. Eskaera edo egoera zeharo desberdinak biak, baina konponbidea behar dutenak. Bertan duzu gehiago jakiteko lotura.

Musika apur bat ere jarriko diogu gaurko laburpenari, Mikel Larrubeltzak honako emaria utzi baitu: ‘Bermeoko artista multifazetikoa, Mikel Oihenartek diseinuko kamiseta bilduma atera ditu saltzeko, eta nolakoak diren ikusi nahi baduzu, hemen duzu aukera.‘ Gure aldetik eskerrak eman nahi dizkiogu Mikel Larrubeltzari emandako informazioagatik.

Iragan astean oso plan polita proposatu zigun Beñat Mendietak : ‘asteburu honetan, Basurkoren PAKEA ontzian nabigatzeko aukera!!! joango zara?’ jada, pasatu da, baina bertan egoteko aukera izan bazenu kontatu zer iruditu zitzaizun. Guk hemen dakargu plana iragartzen zuen albistea.

Oso bestelako ekarpenen txanda da orain, Iban Bilbao Barturenek zera dio: ‘hauteskundietan “Su ta Gar”-eri botateko papeletie.  Hau da berak egiten duen proposamena, eta berak ekarri bezala ekarri dizuegu guk gurera.

Beste barik, hauxe izan da aste honetako errepasoa, eta badakizu, Bermeoko Facebook orrialdean edota gure herriko blogean bertan itxaroten zaitugula. Ondo izan eta Bermeoko argazkiak jarri, boto gehien jasotzen dituena izango baita blog honetako irudi nagusia.