Tag Archives: sarrerak

Gaur gauean Vaya Semanita antzezlana Bermeon. Ondo pasa!!!

Share Button

Gaur helduko da Vaya Semanita antzezlana Bermeora eta gure zozketako irabazleak bertan izango dira. Hauxe izan da azken egunotan Facebookeko orrialdean gehien eztabaidatu den gaia, baina beste batzuk ere izan dira. Goazen laburpenarekin!

Heldu da eguna. Vaya Semanitako koadrila dagoeneko Bermeon izango da. Gogoratzen zarete Vaya Semanita ikusteko zozketa jarri genuela abian ezta? Jakinaren gainean gaude gure bi irabazleak, Leire eta Amaia, pozez zoratzen daudela Glu Glu Produciones-ek ekoiztutako antzezlana ikusteko. Neskak, ondo ondo pasa eta kontatu zer moduz pasa duzuen, Amaiak horman esan bezala, “inbidi apur bat emateko”!

Sarrerak tokatu ez zaizkien bermiotarrei ere esteka honen bidez jakinarazten genizuen antzezlana ikusteko sarrerak 15 eurotan salgai zeudela iragan asteazkenaz geroztik. Gaur beraz, algara eta jaia izango da nagusi Bermeoko Kafe Antzokian.

Ainhoa Ispizuak horma koloreztatzen zigun argazki eder batekin. Bermioren irudi polit bat uzten zigun gauez eta perspektiba ezberdin batetik ateratakoa. Iker Astuik ondorengo hitzekin komentatzen zuen argazkia: “benetan be zuon etxetik ostijelako bistek dauz eh, sois unos pribilegiaus…sin ascensor pero beno”. Gozatu irudiaz!

Bermeo gauez. Argazkia: Ainhoa Ispizua

Bermeo gauez. Argazkia: Ainhoa Ispizua

Roberto Menendez ere protagonista izan da azken egunotan gure horman. Pasa den astean Andoni Sanzek esteka hau uzten zigun eta gogorarazten zigun Roberto Menendez bermeotarrak jarraitzen dauela Urdaibaiko guneen modelizazio birtualak egiten.

Robertok berak ere horman parte hartu du azken egunotan eta bere azken lanak erakutsi dizkigu. Alde batetik “Olatua”, Nestor Basterretxearen eskultura ezagunetik Bermeoko Kirol Portuari ateratako panoramika, hemen duzue ikusgai, eta bestetik, Kirol Portuaren ateratako argazki bat baina oraingo honetan, ikuspegi interaktiboarekin. Amaitzeko, Bermeoko Futbol Eskolako blog interesgarri batera estekaCamino de San Mames, La historia de unos futuros “profesionales”” izenekoa. Izen horrekin, merezi du irakurtzea, beraz animatu!!

Eta honekin amaiera emango diogu gure gaurko postari. Jarraitu Facebookeko orrialdean Bermeoren inguruko kontuak idazten, gure herriak ez du atsedenik hartzen eta beti dago eta zer kontatua. Ondo pasa asteburua eta pozik bizi!

Bermeon Vaya Semanita Antzezlana ikusteko sarrerak. Animatzen?

Share Button

Urriaren 7an Bermeon Vaya Semanita antzezlana ikusteko lau sarrera bikoitz zozkatzen ditugu. Zozketaren inguruan, eta gure herriak Urdaibairi egindako harreraz hitz egingo dugu, besteak beste, gaurko laburpenean, horiek izan baitira Facebookeko horman gehien eztabaidatu diren gaiak. Goazen bada!

Vaya Semanita antzezlana arrakasta handia izaten ari da azken urteotan, eta Bermeora ere laster helduko da. Datorren urriaren 7an Bermeoko Kafe Antzokian izango dira aktore bikain hauek eta zuek euren emanaldiaz gozatzea nahi dugu. Horregatik lau sarrera bikoitz zozkatzen ditugu Vaya Semanita antzelana Bermeon ikusteko. Bi hitzordu izango dira, bata arratsaldeko 20:00etan eta bestea gaueko 22:30ean, biak Bermeoko Kafe Antzokian.

Vaya Semanita antzerkian

Vaya Semanita antzerkian

Horretarako Bermeorekin zer ikusia duen albisteren bat, argazkiren bat.. edo intereseko edozer utzi beharko duzue Facebookeko orrialdean, hori bai, betiere @ermua jarri beharko duzue, guk zozketan parte hartzen ari zaretela jakiteko. Zeren zain zaude? Aspaldian barrerik egin ez baduzu, hauxe da zure aukera, oraindik ere garaiz zabiltza eta. Zozketa datorren urriaren 3an egingo dugu, bitartean, animatu eta parte hartu!

Eta aurreko postean ere aipatu genuen Urdaibai izan zela txapelduna 2011ko Kontxako Banderan. Donostiatik bueltan, Bermeoko herriak harrera beroa egin zion Urdaibairi. Iragan larunbatean, berriz, Bermeon ospatu zen TKE San Migel Ligan Hondarribia atera zen garaile eta gure ontziak, berriz, bigarren egin zuen. Begoña Bilbaok gure horman parte hartzen zuen eta larunbateko estropadaren inguruan bere desadostasuna adierazten zuen ondorengo hitzekin: “Eta zer pentsaten zuie atzo Bermion geratutakoari buruz? Niretzat lotsagarixe izan zen, baina beno, denok dakigu noren errua zen. Aupa Urdaibai!!!!!”.

Eta honekin, eta aupa Urdaibai esanez, amaiera emango diogu gure gaurko postari. Jarraitu Bermeoren inguruko kontuak gure hormara ekartzen, denok elkarrekin gure herrian gertatzen den guztiaren berri izango dugu eta. Aupa Bermeo eta aupa Urdaibai!

Zorionak Urdaibai! Bermeoko ontzia txapeldun 2011ko Kontxako Banderan

Share Button

Urdaibai izan da garaile 2011ko Kontxako Banderan bigarren urtez jarraian. Bermeoko ontziaren garaipena eta herriko jaiak izan dira Facebookeko orrialdean gehien aipatu diren gaiak. Goazen, bada, laburpenarekin!

Urdaibaik erakustaldi bikaina eman du berriz ere ohorezko txandan, eta 2011ko Kontxako Bandera eskuratu du Bermeoko ontziak bigarren urtez jarraian. Bigarren sailkatua, berriz, Kortaren Kaikurentzat izan da.

Bermeotarrek harrera beroa egin diote Urdaibairi, eta gure Facebookeko horman ere askok zoriondu dute ontzi txapelduna. Jose Angel Bilbaok, esaterako, horrela esaten zuen: “geuria da ta geuria da, geuria da ta geuria, kontzako ikurriña!”. Nagorek, Ibontxuk eta Leiretxok ere, pozez ospatzen zuten garaipena.

Kontxako Bandera zuzenean ikusteko aukera izan genuen igande arratsaldean, eta garaipenaren aurretik ere askok esperantza handiak zituzten gure ontziangan, Robert Jasonek, esaterako: “Aupa Bermio, irabaziko du” esaten zuen bigarren jardunaldia hasi aurretik.

Herriko jaiak bete betean ditugu, gainera, Bermion. Egunotan ekitaldi ugari izan dira, baina iragan barikuan, irailak 9, jaixetako egun handia izan genuen, arrantzale eguna, hain zuzen ere. Goizeko 11:00etan Mezea ospatu zen arrantzaleen omenez, eta ondoren, Txo, neskatilei eta neskatilen partez aita Adriani omenaldia egin zioten. Itxaso Apraizek iruditan uzten zigun une eder hori:

Gogoratu, bide batez, Vaya Semanitaren antzezlana ikusteko lau sarrera bikoitz ditugula zozketatzeko eta edonork parte har dezakeela. Animatu parte hartzera! Oso erraza da, Bermioren inguruko albiste edo argazkiren bat igo eta zozketan parte hartzen ari zaretela jakiteko, @ermua idatzi. Sarrerak zureak izan daitezke eta gure inguruko aktore bikainekin arratsalde zorgarri bat pasatuko duzu! Aupa zuek!! Zorte on!

Jaiak ez dira amaitu, eta gaur gauen, esaterako Pantxoa eta Peioren kantaldia ikusteko beta izango duzue Bermeoko Kafe Antzokian. Bihar, berriz, mus txapelketa edo herri kirolen XXXVII. edizioa ikusi ahal izango dugu Artza Frontoian. Bermioko kaleetan, beraz, jaia da nagusi. Kontatu jaietarako dituzuen planak eta igo argazkiak, denok elkarrekin gehiago gozatuko dugu eta Bermioko jaiez. Mila esker hor izateagatik eta pozik bizi!