Tag Archives: san juan de gaztelugatxe

Gaztelugatxe: ezagutu bermeotarron altxorra!!!

Share Button

Bermeotar guztiok ezagutzen dugu Gaztelugatxe: Bizkaia eta Euskal Herriko kostako tokirik ederrenetariko bat, ederrena ez bada!!! ;-) Halere, batzuetan kanpoko batek galdera bat egiten digunean (historiari buruz, ohiturei buruz…) lotsatuta geratzen gara erantzuteko orduan… Noiz eraiki zuten baseliza? Zer esan nahi du ‘Gaztelugatxe’ izenak? Beti gaur bezalako toki lasaia izan al da ? Hori dena jakiteko ikerketatxoa egin dugu … eta gauza polit batzuk topatu ditugu!! Eta bide batez… leku eder honen argazkiak berreskuratzeko aprobetxatu dugu:

Gaztelugatxeko Doniene / San joan. Argazkia: Jose Luis Ajuriaguerra

Gaztelugatxeko Doniene / San joan. Argazkia: Jose Luis Ajuriaguerra

Ba al zenekien esan nahi duen ‘Gaztelugatxe’ izenak?

Bi hipotesi daude. Lehenaren arabera, izena ‘gaztelu’ eta ‘aitz’ erroez osatua egongo litzateke. Gaztelugatxe arrokaren gainean dagoen gaztelua litzateke, beraz.

Bigarren hipotesiak, ordea, ‘gatxe’ hitza ‘gaitz’ hitzarekin hurbiltzen du (gaitz, gaizto, gaizki…gatxe). Gaztelu gaitza, latza, litzateke ‘gaztelugatxe’ izenaren esanahia. Bertara nekez iristen zirelako?

Zuk baduzu beste hipotesirik?

Gaztelugatxeko Donienera iristea ez da erraza. Argazkia: Alberto Zorrilla
Gaztelugatxeko Donienera iristea ez da erraza. Argazkia: Alberto Zorrilla

Ba al zenekien filmak grabatu zirela Gaztelugatxen?

“La Noche de..” (ETB2ko saioa, gazteleraz)  gure irlan grabatutako film baten berri eman ziguten: “El casto varón español” espainiarra, 1973 urtekoa. Ikusi al duzue filma?

Ba al zenekien baselizak 10 mende dauzkala?

Kondairak dio tenplarioek sortu zutela X. mendean. 1.000 urtez, hainbat jabe izan zuen. Eraso batzuk ere jasan zituen. XVI. mendean esate baterako, kortsario batzuek baseliza eraso eta bertan bizi zen ermitaua hil egin zuten. 1978. urtean baselizari su eman zioten. Baseliza suntsiturik geratu zen, baina 1980. urtean berritu egin zuten.

Ba al zenekien bertan Bizkaitarrek Gaztelako erregeri aurre egin ziotela?

Kostaldea menperatzeko toki estrategikoa da Gaztelugatxe. XIV. mendean Bizkaiko zaldunek bertan aurre egin zioten Gaztelako Alfonso XIari. Juan Nuñez de Lara Bizkaiko Jaunak eta Juan de Mendoza eta Martin de Arostegi bermeotarrek hilabete oso batez kontra egin zioten eta azkenean, erregeak atzera egin behar izan zuen.

Gaztelugatxeko baseliza. Argazkia: Manuel Marques

Gaztelugatxeko baseliza. Argazkia: Manuel Marques

Ba al zenekien San Juan bera egon ‘omen’ zela bertan?

Legendak dioenaren arabera, Euskal Herrira iristean, Bermeon jaitsi zen Doniene edo San Joan. Bermeotik Gaztelugatxera hiruzpalau pauso bakarrik (izatez, 231  eskilara ditu) emanez heldu zen, eta pauso bakoitzaren tokian aztarnak utzi zituen. Azkenekoa Gaztelugatxen ikus daiteke.

Eta hauek bazenekizkiten?

Bermeoko ontziak itsasora irteterakoan, itzuli batzuk egiten dituzte ababor eta istribor arrokaren inguruan, zortea izateko.

Diotenez, santuak ugalkortasun arazoak dituzten emakumeak lagun ditzake.

Batzuen ustez, Donieneren delako aztarnek zenbait gaitz senda ditzakete.

Bukatzeko, topatu dugun bideo ederra eskaini nahi dizuegu, aireetatik filmatutakoa. Eta zuek ba al duzue toki zoragarri horren argazki edo bideorik? Beharbada beste anekdota batzuk ezagutzen dituzue, aipatu ez ditugunak… Horrela bada, dudarik ez! Konta iezazkiguzue blog honetan edota Bermeoko Facebook orrialdean! :-)

Urdaibai garaile Kontxako Banderaren lehen jardunaldian. Eta igandean zer?

Share Button

Bermeoko Urdaibai arraun elkartea nagusitu zen pasa den igandean Kontxako Banderaren lehen jardunaldian. Arrauna eta jaiak izango ditugu hizpide, besteak beste, gaurko lapurpenean. Aupa Urdaibai!!

Iaz Urdaibaik bandera etxera ekarri zuen, eta aurten ere, asmo horrekin, iragan igandea, irailak 1, Kontxako Banderaren sailkatze estropada zuzen-zuzenean ikusteko aukera eskaintzen genizuen gure Facebookeko orrialden. Iranzu Zabalak iruzkina uzten zuen eta honela zihoen: “Animo mutillek, ez itzi gero!! Aupa Urdaibai!”.

Eta merezi izan zuen txapelketa jarraitzea, izan ere, Urdaibai jaun eta jabe izan zen Kontxako banderaren lehendabiziko jardunaldian. Bermiotarrak, pozez zoratzen, horman zorionak ematen zizkien garaipenagatik. Itsaso nahasia bazen ere, 33 segundoko aldea atera genion Kaiku bigarren sailkatuari. Igande honetan Kontxako Bandera ospatuko da Donostian eta munduko zorterik onena opa diegu gure arraunlariei. Aupa Bermio eta Urdaibai!!

Baina ezin dugu ahaztu gure herria jaietan murgildurik dagoela. Bihar, gainera, egun handia dugu gurean, arrantzaleen eguna ospatuko baitugu. Amaia Fernandezek horman iazko bideo eder bat uzten zigun, eta ondorengo iruzkina gaineratzen zuen: “Bihar arrantzale eguna Bermion!! ¡¡Ene, earki pasa genun pasa den urtian!! esan dutenez bero handia espero da!! Hemen iazko bideoa!!!”. Bihar, beraz, jaia nagusi izango da gure herrian, beraz, animatu denok Bermiora.

Eta badakizue duela gutxi Vaya Semanitaren antzezlana ikusteko lau sarrera bikoitzen zozketa jarri genuela martxan. Animatu!! Hitzordua datorren urriaren 7an izango da, eta bi emanaldi izango dira, bata arratsaldean eta bestea gauena. Animatu parte hartzera, baliteke sarrerak zureak izatea! Dagoeneko jende askok parte hartu du, beraz, eskerrik asko guztioi eta segi zozketan parte hartzen! Zorte on!

Eta amaitzeko gure herriko harri bitxi baten argazkia uzten dizuegu, Aitzi Campillok horman eskegitakoa. Mila esker, Gaztelugatxeko San Juanen irudi bikain honegatik.

San Juan de Gaztelugatxe. Foto: Jon Ander

San Juan de Gaztelugatxe. Foto: Jon Ander

Eta besterik gabe, agur esateko ordua heldu da. Jarraitu sarreren zozketan parte hartzen, jaiak ederto pasa, eta nola ez…Aupa Urdaibai, onenak gara eta txapela gurea izango da!! Eskerrik asko eta besarkada bat guztioi.