Artxiboa

‘bitxikeriak’rekin etiketatutako sarrerak

Urdaibairen historia apur bat… Kontxako Bandera ekarri aurretik!!

2012(e)ko Irailak 5 Bermeo Iruzkinik ez

Bai, bai, URDAIBAI!! Hor daude Bermeoko arraunlariak, zein gertu dugun urteko garaipenik handiena, Kontxako Bandera! Bermeoko blog hau beti egoten da Bou Bizkaiaren ondoan, eta, hortaz, uste dugu gaurko testua egitea ezinbestekoa zela. Hona hemen, zuek guztiontzat…

Urdaibai Arraun Elkartearen historia: ba al zenekien…

Argazkia EFErena da, eta joan den igandean atera zuten. Kontxako Bandera gurea izango da!

Argazkia EFErena da, eta joan den igandean atera zuten. Kontxako Bandera gurea izango da!

Urdaibai kluba 1992an sortu zutela? Gure herriko arraun klubak Elantxobe eta Mundakarekin egin zuen bat, eta hiruren artean Urdaibai sortu zuten. Garai hartan, jakina, ez zegoen oraindik Ligarik; apurka-apurka, gure ontzia Bizkaiko estropadetan hasi zen gailentzen, eta, laster, onenen pare jartzea lortu zuen. 90ko hamarkadaren amaierarako, esate baterako, primeran ibiltzen ginen Kontxan, gertutik ikusten genuen garaipena.

gure ontziak Bou Bizkaia duela izena? Izen hori bera Gerra Zibileko Matxitxako Batailan parte hartu zuen ontzi batek ere bazuen. Bou izeneko ontziak garaiko Eusko Jaurlaritzaren gudarostean zeuden; ontzi horiek, gehienetan, bakailao-ontziak izanak ziren Gerra hasi aurretik.

Bermeoko zalegoa urdinez jantzita joaten dela estropadetara? Inoiz ez dugu huts egiten eta beti egoten gara Bou Bizkaiaren arraunlariekin, baina ez nahastu… Gu, beti-beti, urdinez jantzita :-) .

1992tik hona palmares ederra osatzea lortu dugula, eta titulurik handienak eskuratu ditugula? Hori da, begira: ACT Liga (San Miguel Liga) 4 aldiz irabazi dugu (2004an, 2007an, 2008an eta 2010ean); Euskadiko Txapelketa 3 aldiz (azkena, iaz, 2011n); 7 aldiz izan gara Bizkaiko txapeldunak (denak, 1999 eta 2008ren artean). Eta jakina, agian garrantzitsuena: Kontxako Bandera, arrauneko “Olinpiada”, garaikurrik estimatuena, bi urtetan irakazi dugu: 2010ean eta 2011n. Azken biak :-) .

historiako lehen Ligan, 2003an, 8. amaitu ginela, baina hurrengo urtean lortu genuela, dagoeneko, gure lehen titulua? Hauexek dira ACT eta San Miguel Ligan atera ditugun emaitzak: 2203an, zortzigarren; 2004an, txapeldunak; 2005ean, hamargarren; 2006an, zortzigarren; 2007an, txapeldunak; 2008an, txapeldunak berriro; 2009an, seigarren; 2010ean, txapeldunak; 2011n, txapeldunordeak. Aurten, oraingoz, hirugarren gaude, 2 estropadaren faltan.

ikaragarria izan zela 2011n Kontxan lortutako garaipena eta blog honetan poz-pozik ospatu genuela? Eta gauza bera egingo dugu aste batzuk barru, horretan ez dugu zalantzarik :-) . Urdaibai txapeldun!!

Aupa Urdaibai!! Gora Bermeo!!! Agur beroa guztiontzat!! ;-) .

Gaztelugatxe: ezagutu bermeotarron altxorra!!!

2012(e)ko Ekainak 8 Bermeo Iruzkinik ez

Bermeotar guztiok ezagutzen dugu Gaztelugatxe: Bizkaia eta Euskal Herriko kostako tokirik ederrenetariko bat, ederrena ez bada!!! ;-) Halere, batzuetan kanpoko batek galdera bat egiten digunean (historiari buruz, ohiturei buruz…) lotsatuta geratzen gara erantzuteko orduan… Noiz eraiki zuten baseliza? Zer esan nahi du ‘Gaztelugatxe’ izenak? Beti gaur bezalako toki lasaia izan al da ? Hori dena jakiteko ikerketatxoa egin dugu … eta gauza polit batzuk topatu ditugu!! Eta bide batez… leku eder honen argazkiak berreskuratzeko aprobetxatu dugu:

Gaztelugatxeko Doniene / San joan. Argazkia: Jose Luis Ajuriaguerra

Gaztelugatxeko Doniene / San joan. Argazkia: Jose Luis Ajuriaguerra

Ba al zenekien esan nahi duen ‘Gaztelugatxe’ izenak?

Bi hipotesi daude. Lehenaren arabera, izena ‘gaztelu’ eta ‘aitz’ erroez osatua egongo litzateke. Gaztelugatxe arrokaren gainean dagoen gaztelua litzateke, beraz.

Bigarren hipotesiak, ordea, ‘gatxe’ hitza ‘gaitz’ hitzarekin hurbiltzen du (gaitz, gaizto, gaizki…gatxe). Gaztelu gaitza, latza, litzateke ‘gaztelugatxe’ izenaren esanahia. Bertara nekez iristen zirelako?

Zuk baduzu beste hipotesirik?

Gaztelugatxeko Donienera iristea ez da erraza. Argazkia: Alberto Zorrilla
Gaztelugatxeko Donienera iristea ez da erraza. Argazkia: Alberto Zorrilla

Ba al zenekien filmak grabatu zirela Gaztelugatxen?

“La Noche de..” (ETB2ko saioa, gazteleraz)  gure irlan grabatutako film baten berri eman ziguten: “El casto varón español” espainiarra, 1973 urtekoa. Ikusi al duzue filma?

Ba al zenekien baselizak 10 mende dauzkala?

Kondairak dio tenplarioek sortu zutela X. mendean. 1.000 urtez, hainbat jabe izan zuen. Eraso batzuk ere jasan zituen. XVI. mendean esate baterako, kortsario batzuek baseliza eraso eta bertan bizi zen ermitaua hil egin zuten. 1978. urtean baselizari su eman zioten. Baseliza suntsiturik geratu zen, baina 1980. urtean berritu egin zuten.

Ba al zenekien bertan Bizkaitarrek Gaztelako erregeri aurre egin ziotela?

Kostaldea menperatzeko toki estrategikoa da Gaztelugatxe. XIV. mendean Bizkaiko zaldunek bertan aurre egin zioten Gaztelako Alfonso XIari. Juan Nuñez de Lara Bizkaiko Jaunak eta Juan de Mendoza eta Martin de Arostegi bermeotarrek hilabete oso batez kontra egin zioten eta azkenean, erregeak atzera egin behar izan zuen.

Gaztelugatxeko baseliza. Argazkia: Manuel Marques

Gaztelugatxeko baseliza. Argazkia: Manuel Marques

Ba al zenekien San Juan bera egon ‘omen’ zela bertan?

Legendak dioenaren arabera, Euskal Herrira iristean, Bermeon jaitsi zen Doniene edo San Joan. Bermeotik Gaztelugatxera hiruzpalau pauso bakarrik (izatez, 231  eskilara ditu) emanez heldu zen, eta pauso bakoitzaren tokian aztarnak utzi zituen. Azkenekoa Gaztelugatxen ikus daiteke.

Eta hauek bazenekizkiten?

Bermeoko ontziak itsasora irteterakoan, itzuli batzuk egiten dituzte ababor eta istribor arrokaren inguruan, zortea izateko.

Diotenez, santuak ugalkortasun arazoak dituzten emakumeak lagun ditzake.

Batzuen ustez, Donieneren delako aztarnek zenbait gaitz senda ditzakete.

Bukatzeko, topatu dugun bideo ederra eskaini nahi dizuegu, aireetatik filmatutakoa. Eta zuek ba al duzue toki zoragarri horren argazki edo bideorik? Beharbada beste anekdota batzuk ezagutzen dituzue, aipatu ez ditugunak… Horrela bada, dudarik ez! Konta iezazkiguzue blog honetan edota Bermeoko Facebook orrialdean! :-)