Tag Archives: bermeoko facebookeko orria

Argazki ederrak heldu dira Bermeoko orrira: elurra Bermeon!!!

Share Button

Bermeo elurtuta esnatu zen aurreko astean! :-D Ze ederra den gure herria zuriz jantzita agertzen denetan! Ez da ohikoa izaten elurra itsas mailara arte heltzea, baina botatzen duenetan, bazter guztiak zuriz koloreztatzen dira eta paisaia zoragarriak uzten dizkigu eguraldiak. Hala iruditu zitzaion Oi Zox-eri ere eta argazki kamera hartuta elurtutako Bermeoren lekuko bihurtu zen. Hona Bermeoko Facebookeko orrira bidali zizkigun irudiak, zoragarriak!

Bermeoko portua elurtuta  FOTO: Oi Zox

Bermeoko portua elurtuta FOTO: Oi Zox

Bermeotarrak ere elurtuta 2012ko otsailan  FOTO: Oi Zox

Bermeotarrak ere elurtuta 2012ko otsailan FOTO: Oi Zox

Bermeoko portua eta teilatuak elurtuta FOTO: Oi Zox

Bermeoko portua eta teilatuak elurtuta FOTO: Oi Zox

Eskerrik asko Oi, ederrak dira benetan argazkiak! Eta zuek ez ahaztu, Facebookeko orria da herrian gertatzen den oro batzeko leku aproposa. Kontaiguzu zer gertatzen den herrian, zerk kezkatzen zaituen, ze ekimen antolatzen duzun, zertaz hitz egiten den kafe orduan… Anima zaitez eta utzi zure komentarioa gure orrian! Bertan batutako guztia laburpen batean biltzen dogu. Gainera, gertakizunen araberako post bereziak ere egiten ditugu blogerako. Ez dozu ezertxo ere galdu nahi ezta? Ba… e-mailera bidaliko dizkizugu herriko albiste guztiak, Bermeoko albisteak jaso nahi badituzu.

Aste ona pasa bermeotarrok, egun batzuk barru itzuliko gara herriko gertaerekin. Bitartean… pozik eta ongi bizi!

Zer behar dogu Bermeon? Bota proposamenak ostiralean Kafe Antzokian!

Share Button

Zer behar dogu Bermeon? galdera horri erantzungo diote bermeotarrek datorren ostiralean, abenduak 16, Kafe Antzokian. Pokerra behar al dogu? Horixe proposatu digute asteon eta zoriondu gaituenik ere ez da falta izan Bermeoko Facebookeko orrian. Ekin diezaiogun gaurko laburpenari!

Zer behar dogu Bermeon? Aparkaleku gehiago behar dira? Herria zikin dago? Kirol ekintzak falta dira? Eta, lana? Galdera horiek eta bururatzen zaizkizun beste guztiak ere… horixe da ostiralean Bermeoko Kafe Antzokian egingo den bileraren ardatza. Herritarrek erabaki tresnak sortzeko parte hartze prozesua irekiko da ostiralean, abenduaren 16an arratsaldeko zortzietan. Zer deritzozue ekimenari, hurreratzeko asmorik ba al duzue?

Zer behar dogu Bermeon? ekimena - Abenduak 16, 20:00etan, Kafe Antzokian

Zer behar dogu Bermeon? ekimena - Abenduak 16, 20:00etan, Kafe Antzokian

Eta poker partidak behar al ditu Bermeok? ;-) Seguru poker zale bat baino gehiago egongo dala gure herriko kaleetan! Horregatik, Gure-Toki Biker-barrek proposamen hauxe egin digu: ‘Igandean, abenduaren 18an, hamar eta erdietan poker partida Bermeon. Ordu bietan Gure Toki Bar Tomasen amaituko dugu‘. Zer diozue, pokerra bai?

Juanvi Romanek Gabon zoriontsuak opa nahi izan dizkigu guztiori argazki honekin. Horrexekin agurtuko gara datorren asterarte, eskerrik asko Bermeoko orrian parte hartu duzuen guztioi! :-D Juanviri esan genion bezala… ‘Gabon zoriontsuak eta gora Bizkai Buru peña!! Aupa Athletic!! ;-) )

Juanvi Roman: Gabon zoriontsuak danori!

Juanvi Roman: Gabon zoriontsuak danori!

Bermeo, ardozaleak al zarete? dastatze tailerra egingo da kultur etxean

Share Button

Bermeo ardozalea al da? Ardoak probatzeko tailerra antolatu dute herrian ba! Asteburuan emakume motorzalez bete zaizkigu kaleak eta San Martin errekatik usain txarra hedatzen dela ere salatu dute. Gainera, futbol zozketa baten berri ere badakarkigu gaurkoan, hauexek dira Bermeoko Facebookeko orrian aipatu dituzuenak, has gaitezen!

Ardoa dastatzen ikasi gura duzu? Gabonetan zure lagunak zur eta lur utzi nahi al dituzu? Famili giroan eta ardo kopa eskuan harro-harro agertu nahi? Gizarte eta Kultur etxean eskaintzen dute horretarako aukera paregabea… eta debalde gainera! Astelehenean ireki zuten izena emateko epea eta baldintza bakarra dago: 18 urte izatea gutxienez. Miren Larreak non egingo den galdetu digu, beraz baliteke animatuz gero ardoak probatzeko hastapen-tailerrean ikustea. Guri plan ederra iruditu zaigu, zuk zer deritzozu?

Ardoak probetako hastapen tailerra Bermeon

Ardoak probetako hastapen tailerra Bermeon

Pasadan asteburuan moto hotsa aditu al zenuten herrian? Ohartu ez zinetenontzat… Bizkaiko emakume motorzaleek martxa burutu zuten Bilbotik Bermeora, gidatzen dituzten motoetako batzuk zinez ikusgarriak dira. Txangoaren helburua emakumeek elkar ezagutzea izan da, hemendik aurrera horrelako ibilaldi gehiago antolatzeko gogoz baitaude. Hona emakume motorzaleen martxa bideoa:

Juanvi Romanek berriz, aurreko batean aipatu zuen bezala, ostiralean San Martin errekan usain txarra sumatu zuela kontatu digu asteon. Arratsaldeko zazpietako datua pasa zigun. Zuek ere igarri al duzue usain txarra? Zer dela eta izango ote da?

Gaiz aldatuz, proposamen batekin gatoz: Athleticen Europa Leagueko partida doan ikusi nahi? Abenduaren 1ean San Mamesen jokatuko den Athletic-Slovan Bratislava partidarako sarrera bat zozkatzen du EITB Kirolak orriak. Abenduaren 1eko 12:00ak arte EITB Kirolak orri honen zale egiten diren guztien artean zozkatuko dugu sarrera. Sarrera hori Bilboko EITBren egoitzan (futbolzelai ondoan) jaso ahal izango da! Zorte on!!

Eta amaitzeko, Josefa Gazagari agur bero bat bidali nahi diogu. Pasadan astean emozio handiko mezua utzi zigun Bermeoko Facebookeko orrian, herrian iaioa den arren arren hurrun dabilela dio eta ilusioa sentitu omen du gu bidean aurkitzean. Besarkada handi bat Josefa! Eta beste bat zuentzat ere, egunez egun gure orrian Bermeoren berri ematen duzuen guztiori. Eskerrik asko! Egun gutxi barru itzuliko gara berriz ere, bitartean ongi segi eta ondo bizi!

Bermeotarren argazkiak eta bideoak Bermeoko orrian

Share Button

Bermeoko argazkiak eta bideoak jaso ditugu azken egunetan Bermeoko Facebookeko orrian. Igor Zalbidea, Roberto Menendez eta Gotzon Monasteriok irudi ederrak elkarbanatu dituzte, eskerrik asko hirukote! Gure herriko hondartzan ateratako argazki zoragarri hauekin hasiko gara:

Bermeoko Aritzatxu hondartza, ilunabarra ARGAZKIA: Igor Zalbidea

Bermeoko Aritzatxu hondartza, ilunabarra ARGAZKIA: Igor Zalbidea

Bermeoko Aritzatxu hondartza ARGAZKIA: Igor Zalbidea

Bermeoko Aritzatxu hondartza ARGAZKIA: Igor Zalbidea

Aritzatxuko hondartzan atera zituen Igor Zalbideak urriaren amaiera aldera argazki hauek, guri ikaragarriak iruditu zaizkigu, hala esan genion atzo, Ederrak dira benetan argazkiak, ikaragarrizko indarra dute. Zu bai artista!‘ eta halaxe berresten dugu gaur ere: zoragarriak Igor!

Roberto Menendezek berriz, bere 3 dimentsiotako proiektuaren berri eman digu, ‘Bermeo 3Dn lana aurrera doa, oraingoan Taraska eskultura egin dut. Zuen gustukoa izatea espero du ;-) Lotura honetan izan dezakezue proiektuaren berri eta bertan ikus ditzakezue Robertok egindako lanaren nondik norakoak, jarraian hiru dimentsiotan gure herriak duen itxura azaltzen duen argazkia. Mundu birtualean ere herri dotorea da gurea, e?

Bermeo hiru dimentsiotan ARGAZKIA: Roberto Menendez

Bermeo hiru dimentsiotan ARGAZKIA: Roberto Menendez

Gotzon Monasterioren lanak ere jaso ditugu, argazkiak eta bideo bat bidali dizkigu.Argazkiak Bermeoko Facebookeko orrian ikus ditzakezu, bideoa aldiz, laburpen honetantxe txertatu dugu. Bertan, ‘Bermioko portuan’ euskal kantu zaharra entzun dezakegu, herriko irudi ederregaz lagunduta eta Gotzonek musikatua. Izan ere, Gotzonek kontatu digunez, euskal musika etnosikofonikoak egiten ditu eta Doctor Blues taldeko partaide ere bada. Artista bazara ba e gizona! Hona hemen, goza ezazue:

Eta aste honetako laburpena amaitzeko ostiralean egin genizuen proposamena aipatuko dugu izan ere, pasadan larunbatean, herriko Ost! taldea eta Cobra aditzeko aukera izan baitzenuten Bermeoko kafe antzokian. Jagoba Gorriñobeaskoak komentario hauxe utzi zuen: ‘Ta ganera bideoklipa grabako da!!! eztau geijau eskatzerik!!!‘. Non dago bideoklip hori? Ikusgai al dago edo oraindik edizio lanak falta dira?

Besterik ez, eskerrik asko aste osoan zehar parte hartu duzuen guztioi eta horrela segi ezazue. Guztion artean osatzen dugu Bermeoko orria eta badakizue nahi duzuen oro konta dezakezuela: herriko albisteak, argazkiak, bideoak, ekintzak… zure elkartearen agenda ezagutarazi, ekimenetarako gonbidapena luzatu, zerbait proposatu… Zure zain gaude! Laster arte!

Bermeoko lokala, arrakastatsuena, pasadan asteko Lokaleroak saioan

Share Button

Bermeoko gazte lokal bat ezagutzeko aukera izan genuen pasadan astean Lokaleroak saioan, hilerriaren inguruan egitekoa zen aparkalekua bertan behera geratu da, The Txo Times aldizkari birtuala ezagutu dugu… hori eta gehiago, xehe-xehe aletuko dizuegu jarraian ;-) Bermeoko facebookeko orrian mintzagai izan duzuen guztia batu dugu aste honetako laburpenan. Hor doa:

Bermeoko gazteak ikusi genituen pasadan astean ETB3-ko Lokaleroak saioan. Horrela aurkeztu genizuen bideoa: ‘Aupa bermiotarrok!! Herriko gaztiek zelan ikusten dauie Bermio? Zelako eritzidxe dakoie herridxeri buruz? Zelan da euren eguneroko bizidxe? Beti dabilzela ta lokalan sartunde, gaurkuen kamarien aurrien imiñi diez eta euren lokalan barrure sartzien itzi doskuie. Elegante ibil’dxiez, hamen bidixue‘ Iban Bilbaok barre pilla egin omen ditu, mezu hauxe utzi digu, ‘Jajajaj!!!!’; eta zueri, gustatu al zaizue Bermeoko lokaleroak bideoa?

Eta gaur bertan ezagutu dugu albistea: Bermeo Lokaleroak saioko bigarren asteko lokal arrakastatsuena izan da. Lokaleroak zozketa oraindik ere irekita dago, gaur amaitzen da bertan parte hartzeko epea. Zer diozu, ez duzu oraindik Bermioko lokalaren aldeko bozka eman? Zeren zain zaude?

Roberto Menendezek berriz, bi lotura partekatu ditu gure orrian. Lehenengoan The Txo Times aldizkari birtuala ezagutarazi digu, bertan Sarean zehar Bermeoren inguruan esaten dena batzen da. Halaber, Bermeoko futbol eskolaren lehen eguneko argazki panoramiko hauxe ere utzi digu. Eskerrik asko Roberto zure ekarpenengatik!

Aste honetako laburpena amaitzeko hilerriaren inguruko aparkalekuaren gaia dakarkizuegu. Pasadan asteazkenean elkarbanatu genuen albiste honetan irakur daitekeenaren arabera, badirudi azkenean ez dela aparkelekurik izango hilerriaren inguruan. Zer deritzozue? Beharrezkoa al da aparkatzeko leku gehiago alde horretan?

Gaurkoz besterik ez, kontatu nahi duzuen oro jasoko dugu datozen egunetan Bermeoko Facebookeko orrialdean eta datorren astean blog honetantxe bilduko ditugu astean zeharreko gaiak. Ongi izan eta udazken egunak gozatu!

Bermeoko argazkiak eta Bermeo back to 70´s skate bideoa berbagai

Share Button

Bermeoko argazkiak eta Bermeo Back To 70´s skate bideoa jaso ditugu aste honetan; gainera, Bermistorian ere mintzagai izan dugu Bermeoko orrian. Horiek dira gaurko laburpenaren protagonista nagusiak, has gaitezen!

Astelehen arratsaldean Juanvi Romanek Bermeoko argazkiak elkarbanatu zituen herriko horman. Ederrak dira jaso ditugun bi argazkiak, kolore bizi-bizikoak. Jose Angel, Karmelo eta Ariarik astegin dituztela adierazi dute, guri ere izugarri politak iruditu zaizkigu, horrexegaitik dakarkigu hona bietatik koloretsuena (bestea ikusteko bisita ezazu Bermeoko Facebookeko orria). Zer diozue bermeotarrok, ederra da ezta?

Bermeoko portua ARGAZKIA: Juanvi Roman

Bermeoko portua ARGAZKIA: Juanvi Roman

Eta Gorka Pertikak berriz, herriko skate zale guztien gozamenerako bideoa partekatu du. Halaxe egin dio aurkezpena Bermeo Back To 70´s ikus-entzunezko lanari: ‘Bermeo 70. hamarkadara bueltatzen da, skatearen esentzia berreskuratzeko!!‘ Arrazoi osoa dauka, badirudi hurruneko herrialde exotiko batera garamatzatela irudiek, baina ez, gure herriko skatelarien artean ere skatearen esentzia arnas daiteke. Ikus ezazu Try it! taldeak egindako bideoa eta gero, esaiguzu, ez al da benetan ederra?

Pasadan asteazkenean aldiz, astebururako proposamena luzatu genizuen. Bermistorian ekimenarekin herriko historian murgiltzeko aukera paregabea izan baitugu azken egun hauetan zehar. Bitor Uriarte bermeotarrak Antxinako Alde Zaharreko toki bereziak berbaldia eskaini zuen Arrantzale Museoan, bisita gidatuak burutu ziren larunbatean eta asteburu osoan, Antxinako Azokea izan gendun. Nagorek agian bertaratuko zela esan zigun eta Iratxek berriz, bisita gidatuen inguruko interesa adierazi zuen. Izan al zineten bertan neskak? Zer iruditu zitzaizuen?

Laburpena amaitzeko pasadan ostegunean, urriaren 20n, ezagutu genuen albistea dakarkigu Bermeoko blogera: ETAren komunikatua argitaratu zen arratsaldean, eta bertan, jarduera armatua behin betiko amaitu duela iragarri zuen. Normalean ez dugu politikaz hitz egiten gure orrian baina azken orduko albisteak izan zuen interesak bultzatuta zuekin elkarbanatzea erabaki genuen eta partaide askoren erreakzioa eragin zuen albisteak. Horrela aipatu zuen iragarpena Nuria Bilbaok: ‘Egun historikoa da!‘.

Eskerrak eman nahi dizkizuegu Bermeoko orriaren jarraitzaile zareten guztioi eta batez ere, bertan parte hartzen duzuenoi, egunez egun, zuek osatzen baituzue herriko gertaeren kronika. Iban Bilbaori ere eskerrak Kristino aitze santu barridxe izeteko proposamena jasotzen duen bideoa elkarbanatzearren. Datorren astean ere Bermeon gertatzen den guztiaren berri emango dizugu… bermeotarren ahotik. Ordura arte, aste ona pasa ezazue. Eskerrik asko eta ongi izan!