Category Archives: gazteak

Bermeo pozik, saihesbidearen lanak udan hasiko direlako

Share Button

Bermeo eta Ermua dira Bizkaian, saihesbiderik ez duten herri bakarrak; baina laster zerrenda beltz horretatik kendu egingo dute gure herriaren izena. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak joan den astean jakinarazi zuenez, udan hasiko dira saihesbideko lanak eta, dena ondo bidean, hiru urte barru zabalik izango da Mungiarekin lotura gisa ere erabiliko den bidea.

Bermeoko jendearentzat duen garrantziaz jakitun, segituan partekatu genuen berria, esteka honen bidez, eta oro har, pozez hartu du jendeak: Bazela garaia adierazi dute Aritz Hormaetxea eta Ait Ty, azken honek tunelaren beharra azpimarratu du. Karmelo Siguenza eta Pili Gabilondo eszeptikoago agertu dira eta Ander Atxikaallende eta Aitzi Campillo Sollubeko tunelaz galdetu dute; nonbait hori da eta proiektuaren zalantzetako bat. Tira, honen inguruko berrikuntzak jasoko ditugu, egotekotan, betiko moduan Bermeoko orrialdean eta blog honetan bertan.

Bermeotarron poz honek, baina, ez du luzaroan iraun, ze gure neska-mutilen ‘txokue’k ez du Lokaleroak‘ saioko lehiaketa irabazi. 9. geratu da, 311 botorekin. Ezin dugu ulertu, ze lokalek dauka Euskal Herrian terraza, futbolina eta gure gazte jatorrak?? Gaur jakinarazi da irabazlea; behintzat Bizkaian geratu da saria (Zornotzak eta Gernikak atera dira garaile). Bueno, hurrengorako gu eh??? Ikusi ez duzuenontzat, hemen duzue Bermeoko lokalaren bideoa:


Disko bat eta ipuin bat

Gotzon Monasteriok Mikel Oihenart musikari bermeotarraren azken diskoaren berri eman zigun esteka honekin. Esan zigunez, doan eskura daiteke. Artista honen inguruko datu gehiago dituzue Bermeoko orrialdean. Hain justu, Mikelek berak honako bideo hau zintzilikatu zuen gurean: ‘La Gata Negra‘ Bermeoko ipuina, entzun entzun!

Azkenik, Gotzon Monasteriok iritzia partekatu zuen: “Bermeok marka izateko aukerak ditu eta turismo berdearen alorrean bidea egin!!!“. Haren berbetan, azpiegituran inbertsioak egin behar dira. Iritzi berekoak al zarete zuek?

Tira ba, honetan utziko dugu gaurko laburpena. Datorren astean itzuliko gara, gai gehiagorekin eta zuen ekarpenekin. Ordura arte, ondo bizi eta…. Aupa Bermeo!

Bermeoko lokala, arrakastatsuena, pasadan asteko Lokaleroak saioan

Share Button

Bermeoko gazte lokal bat ezagutzeko aukera izan genuen pasadan astean Lokaleroak saioan, hilerriaren inguruan egitekoa zen aparkalekua bertan behera geratu da, The Txo Times aldizkari birtuala ezagutu dugu… hori eta gehiago, xehe-xehe aletuko dizuegu jarraian ;-) Bermeoko facebookeko orrian mintzagai izan duzuen guztia batu dugu aste honetako laburpenan. Hor doa:

Bermeoko gazteak ikusi genituen pasadan astean ETB3-ko Lokaleroak saioan. Horrela aurkeztu genizuen bideoa: ‘Aupa bermiotarrok!! Herriko gaztiek zelan ikusten dauie Bermio? Zelako eritzidxe dakoie herridxeri buruz? Zelan da euren eguneroko bizidxe? Beti dabilzela ta lokalan sartunde, gaurkuen kamarien aurrien imiñi diez eta euren lokalan barrure sartzien itzi doskuie. Elegante ibil’dxiez, hamen bidixue‘ Iban Bilbaok barre pilla egin omen ditu, mezu hauxe utzi digu, ‘Jajajaj!!!!’; eta zueri, gustatu al zaizue Bermeoko lokaleroak bideoa?

Eta gaur bertan ezagutu dugu albistea: Bermeo Lokaleroak saioko bigarren asteko lokal arrakastatsuena izan da. Lokaleroak zozketa oraindik ere irekita dago, gaur amaitzen da bertan parte hartzeko epea. Zer diozu, ez duzu oraindik Bermioko lokalaren aldeko bozka eman? Zeren zain zaude?

Roberto Menendezek berriz, bi lotura partekatu ditu gure orrian. Lehenengoan The Txo Times aldizkari birtuala ezagutarazi digu, bertan Sarean zehar Bermeoren inguruan esaten dena batzen da. Halaber, Bermeoko futbol eskolaren lehen eguneko argazki panoramiko hauxe ere utzi digu. Eskerrik asko Roberto zure ekarpenengatik!

Aste honetako laburpena amaitzeko hilerriaren inguruko aparkalekuaren gaia dakarkizuegu. Pasadan asteazkenean elkarbanatu genuen albiste honetan irakur daitekeenaren arabera, badirudi azkenean ez dela aparkelekurik izango hilerriaren inguruan. Zer deritzozue? Beharrezkoa al da aparkatzeko leku gehiago alde horretan?

Gaurkoz besterik ez, kontatu nahi duzuen oro jasoko dugu datozen egunetan Bermeoko Facebookeko orrialdean eta datorren astean blog honetantxe bilduko ditugu astean zeharreko gaiak. Ongi izan eta udazken egunak gozatu!