Bermeori (Bizkaia) buruzko bloga: Bermio, Andra Mari Jaiak, arrantzaleak, San Juan Gaztelugatxe, Matxitxako… albisteak, festak, etxebizitza, aisia eta gehiago
Bermeoko jaiek badute kartela!! 2012ko Bermeoko Andra Marietako eta Santa Eufemiajaien kartela zein izango den jakinarazi dute! Iker Bengoetxea da bere egilea (lehiaketa irabazi du bermeotar horrek) eta hauxe da, lagunok, ea zer deritzozuen:
Bermeoko jaiek kartela dute, 2012rako... eta hauxe da.
Ikerrek esan du teknologia berriek gaur egun bizitzen ari garen aro berri honetako arlo guztietan duten garrantzia azpimarratu nahi izan duela kartelean; jaietan ere, jakina, funtsezkoak dira teknologia berri horiek. Zorionak Iker!! Hemen dugu irabazlea, poz-pozik:
Hemen dago Iker, irabazlea, kartelaren aurrean.
Epaimahaiaren ustez, kartelak originaltasuna eta modernotasuna ditu. Herriko jendeak esan duguna, halaber, kontuan izan dute erabakia hartzeko.
11 kartelek hartu dute parte lehiaketan, eta igandera arte Nestor Basterretxea Aretoan egongo dira denak, erakusgelan. Gu behintzat joango gara eta ikusiko ditugu, hori seguru! .
Asteburuan ospatuko dira Bermeoko San Juan jaiak. Hitzordua ekainaren 23an eta 24an da, eta urteroko legez, giro paregabea ez da faltako gurean. Sorginak, musika, kantak eta dantzak izango dira San Juan jaietako protagonistak, eta egitaraua betea datorkigu aurtengoan.
Sorgiñak udaletxeko balkoian. Iturria: Bermeoko Udala
EKAINAK 23, LARUNBATA: Sanjuan bezpera
19:30: “Bermeotarrak” fanfarrearen kalejirarekin
20:30: Herriko taldeen kalejira alde zaharretik
21:00: Musikak Sabino Arana enparantza alaituko du
22:30: Irrintzilariak, Bermeoko Abesbatzak, Erroxape Abesbatzak, Kankinkabara Txistu taldeak, Euskeraz Berbetan taldeak, Alkartasuna Dantza Taldeak eta nahi duten guztiek San Juan kantak abestuko dituzte (jarraian dituzue San Juan kanten letrak).
San Juan kantak abestu ondoren, umeen sorgin dantza eta sua egongo dira eta musikarekin festak aurrera jarraituko du.
-Arane Gibelortzaga auzoan ere San Juan jaiak ospatuko dira
9:00etatik 11:30etara 2. Marmitako txapelketarako izen-ematea hasiko da
11:30ean sokatira erakustaldia egongo da
14:30etatik aurrera marmitako txapelketako kazolak aurkeztu behar izango dira
EKAINAK 24, IGANDEA. Sanjuan eguna
Goizean zehar: mezak ospatuko dira Gaztelugatxeko Donienen , San Juaneko batzordeak antolatuta
-Arane Gibelortzaga auzoan
Egun guztian zehar: auzoko txosnan musikak giroa alaituko du
Iluntzean, TRIKIZUI taldearen kontzertua egongo da
Eguna iritsi bitartean, hemen dituzue Bermeoko San Juan kantak. Tonuan jarri zuen ahotsak!
SANJUAN BEZPERA GABIEN
San Juan bezpera gabien abadiek hasarratu ziren,
ez eben besterik egiten alkarri musturrek hausiten.
Gure soloan zaporik ez, ziraunik ez, sugerik pez,
ezer ez, badagoz bere, danak erre beitez.
SAN JUAN ANTEPORTALETAÑA
San Juan anteportaletaña la(r)unbat arratsaldean (barriz) hamalau
atso tronpeta joten motroilo baten ganean (barriz)
Urra, urra, urra San Juanetan, dantzan egingo du ipar haizetan (barriz)
U ju ju ju San Juanera goaz gu. U ju ju ju San Juanetik gatoz gu.
Iazko san juan su-aren irudiekin uzten zaituztegu. SANJUAN ZORIONTSUAK IGARO!
Bermeotar guztiok ezagutzen dugu Gaztelugatxe: Bizkaia eta Euskal Herriko kostako tokirik ederrenetariko bat, ederrena ez bada!!! Halere, batzuetan kanpoko batek galdera bat egiten digunean (historiari buruz, ohiturei buruz…) lotsatuta geratzen gara erantzuteko orduan… Noiz eraiki zuten baseliza? Zer esan nahi du ‘Gaztelugatxe’ izenak? Beti gaur bezalako toki lasaia izan al da ? Hori dena jakiteko ikerketatxoa egin dugu … eta gauza polit batzuk topatu ditugu!! Eta bide batez… leku eder honen argazkiak berreskuratzeko aprobetxatu dugu:
Gaztelugatxeko Doniene / San joan. Argazkia: Jose Luis Ajuriaguerra
Ba al zenekien esan nahi duen ‘Gaztelugatxe’ izenak?
Bi hipotesi daude. Lehenaren arabera, izena ‘gaztelu’ eta ‘aitz’ erroez osatua egongo litzateke. Gaztelugatxe arrokaren gainean dagoen gaztelua litzateke, beraz.
Bigarren hipotesiak, ordea, ‘gatxe’ hitza ‘gaitz’ hitzarekin hurbiltzen du (gaitz, gaizto, gaizki…gatxe). Gaztelu gaitza, latza, litzateke ‘gaztelugatxe’ izenaren esanahia. Bertara nekez iristen zirelako?
Zuk baduzu beste hipotesirik?
Gaztelugatxeko Donienera iristea ez da erraza. Argazkia: Alberto Zorrilla
Ba al zenekien filmak grabatu zirela Gaztelugatxen?
“La Noche de..” (ETB2ko saioa, gazteleraz) gure irlan grabatutako film baten berri eman ziguten: “El casto varón español” espainiarra, 1973 urtekoa. Ikusi al duzue filma?
Ba al zenekien baselizak 10 mende dauzkala?
Kondairak dio tenplarioek sortu zutela X. mendean. 1.000 urtez, hainbat jabe izan zuen. Eraso batzuk ere jasan zituen. XVI. mendean esate baterako, kortsario batzuek baseliza eraso eta bertan bizi zen ermitaua hil egin zuten. 1978. urtean baselizari su eman zioten. Baseliza suntsiturik geratu zen, baina 1980. urtean berritu egin zuten.
Ba al zenekien bertan Bizkaitarrek Gaztelako erregeri aurre egin ziotela?
Kostaldea menperatzeko toki estrategikoa da Gaztelugatxe. XIV. mendean Bizkaiko zaldunek bertan aurre egin zioten Gaztelako Alfonso XIari. Juan Nuñez de Lara Bizkaiko Jaunak eta Juan de Mendoza eta Martin de Arostegi bermeotarrek hilabete oso batez kontra egin zioten eta azkenean, erregeak atzera egin behar izan zuen.
Gaztelugatxeko baseliza. Argazkia: Manuel Marques
Ba al zenekien San Juan bera egon ‘omen’ zela bertan?
Legendak dioenaren arabera, Euskal Herrira iristean, Bermeon jaitsi zen Doniene edo San Joan. Bermeotik Gaztelugatxera hiruzpalau pauso bakarrik (izatez, 231 eskilara ditu) emanez heldu zen, eta pauso bakoitzaren tokian aztarnak utzi zituen. Azkenekoa Gaztelugatxen ikus daiteke.
Eta hauek bazenekizkiten?
Bermeoko ontziak itsasora irteterakoan, itzuli batzuk egiten dituzte ababor eta istribor arrokaren inguruan, zortea izateko.
Diotenez, santuak ugalkortasun arazoak dituzten emakumeak lagun ditzake.
Batzuen ustez, Donieneren delako aztarnek zenbait gaitz senda ditzakete.
Bukatzeko, topatu dugun bideo ederra eskaini nahi dizuegu, aireetatik filmatutakoa. Eta zuek ba al duzue toki zoragarri horren argazki edo bideorik? Beharbada beste anekdota batzuk ezagutzen dituzue, aipatu ez ditugunak… Horrela bada, dudarik ez! Konta iezazkiguzue blog honetan edota Bermeoko Facebook orrialdean!
Aurreko batean ‘Bermeoko berbakiaren’ berezitasun eta berba ohargarri batzuk aipatu genizkizuen. Okasiñue edo folloie danean botatzen direnak hain zuzen. Umeei irakatsi behar ez zaizkienak! Umeek ordea, euren hizkera daukate, hizkuntza guztietan eta gurean ere!!
Aurrekoan bezala, Joseba Mikel Ugalderen Ai gure Bermio – Esakerak eta izakerakliburua erabili dugu zerrendatxo hau osatzeko. Baina ziur gaude zuek beste hainbeste ezagutzen dituzuela! Orduan dudarik ez!! Postaren bukaeran edo Facebooken utzi iruzkin bat zure bermioko txetxe berbarekin!
Bermeon berba asko ditugu umeei esateko. Argazkia: Isidro Tapia
Zeri esaten zaio… ?
Mañek: negarrari
Misina: katuari
Kakati popa kaka edo kaka usin: kaka egin duenari
Txiseti-txilino kaka edo txise usin: txisa egin duenari
Txetxe/Txetxita/Txetxito: beste umeei
Tan-Tan: kalera irtetzeari
Zuen txanda orain! Laga txetxito garaiko berbakiek!
Eta beste galdera bat zuentzako: Nola deitzen zizuen amak txikitan?
Neure ondasune? Neure masustie? Txirloratsue? Edo: Ama perrien imie?
Zuen iritziak