Artxiboa

Urtarrila, 2012 (r)entzako artxiboa

Bermeo… Vaya Semanitan!!! ‘Nekane, la gitana abertzale’ Ikusi duzue?

2012(e)ko Urtarrilak 31 Bermeo Iruzkinik ez

Bermeoko azokak postu berri bat dauka. Gure herrian oinarritu dira Vaya Semanitakoak pertsonaje berri bat sortzeko: Nekane, la gitana abertzale… Udal merkatuan edo astearteetako merkatu txikian edo… elkartu al zarete Bermeoko ijito abertzalearekin? Ezagutzen duzue Nekane Amaya?

Eneeeee…. a zer barreak!!! Bermeoko Facebookeko orrian utzi genizuen bideoa pasadan astean eta Nagore, Marcia, Ale, Imanol, Ariari eta Juankarrek ezabairi bage, gustoko izan duzue ETB2-koek sortutako sketch-a. Eta Ait Ty-k gainera, iruzkin hauxe utzi digu: ‘Oso oso ona!!‘. Bai horixe, ederra! Oraindik ez zaretela enteratu? Ez duzuela ikusi? Aitzakiarik ez e… hementxe daukazue, eman play-ari. Lehenengo ikusi eta… ea zer deritzozuen! ;-)

Atzo berriz, Bilbon bizi den Gotzon Monasterio bermeotarrak, Tas-tas irratian egin zioten elkarrizketa utzi zigun. Bertan bere ibilbide musikala errepasatzen du, esperientzia luzeko gizona da gure orriko musikari! Lotura honetan duzue entzugai oso-osorik.

Besterik ez, hauxe izan da guztia. Astebete barru itzuliko gara blog honetara, ohi bezala, Bermeoko orrialdean jasotako eta esandako guztiak zuentzat biltzera. Bien bitartean, Facebooeko orrialdean izango dugu elkarren berri! Aupa Bermeo! Ondo segi ;-)

Bermeo pozik, saihesbidearen lanak udan hasiko direlako

2012(e)ko Urtarrilak 24 Bermeo Iruzkinik ez

Bermeo eta Ermua dira Bizkaian, saihesbiderik ez duten herri bakarrak; baina laster zerrenda beltz horretatik kendu egingo dute gure herriaren izena. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak joan den astean jakinarazi zuenez, udan hasiko dira saihesbideko lanak eta, dena ondo bidean, hiru urte barru zabalik izango da Mungiarekin lotura gisa ere erabiliko den bidea.

Bermeoko jendearentzat duen garrantziaz jakitun, segituan partekatu genuen berria, esteka honen bidez, eta oro har, pozez hartu du jendeak: Bazela garaia adierazi dute Aritz Hormaetxea eta Ait Ty, azken honek tunelaren beharra azpimarratu du. Karmelo Siguenza eta Pili Gabilondo eszeptikoago agertu dira eta Ander Atxikaallende eta Aitzi Campillo Sollubeko tunelaz galdetu dute; nonbait hori da eta proiektuaren zalantzetako bat. Tira, honen inguruko berrikuntzak jasoko ditugu, egotekotan, betiko moduan Bermeoko orrialdean eta blog honetan bertan.

Bermeotarron poz honek, baina, ez du luzaroan iraun, ze gure neska-mutilen ‘txokue’k ez du Lokaleroak‘ saioko lehiaketa irabazi. 9. geratu da, 311 botorekin. Ezin dugu ulertu, ze lokalek dauka Euskal Herrian terraza, futbolina eta gure gazte jatorrak?? Gaur jakinarazi da irabazlea; behintzat Bizkaian geratu da saria (Zornotzak eta Gernikak atera dira garaile). Bueno, hurrengorako gu eh??? Ikusi ez duzuenontzat, hemen duzue Bermeoko lokalaren bideoa:


Disko bat eta ipuin bat

Gotzon Monasteriok Mikel Oihenart musikari bermeotarraren azken diskoaren berri eman zigun esteka honekin. Esan zigunez, doan eskura daiteke. Artista honen inguruko datu gehiago dituzue Bermeoko orrialdean. Hain justu, Mikelek berak honako bideo hau zintzilikatu zuen gurean: ‘La Gata Negra‘ Bermeoko ipuina, entzun entzun!

Azkenik, Gotzon Monasteriok iritzia partekatu zuen: “Bermeok marka izateko aukerak ditu eta turismo berdearen alorrean bidea egin!!!“. Haren berbetan, azpiegituran inbertsioak egin behar dira. Iritzi berekoak al zarete zuek?

Tira ba, honetan utziko dugu gaurko laburpena. Datorren astean itzuliko gara, gai gehiagorekin eta zuen ekarpenekin. Ordura arte, ondo bizi eta…. Aupa Bermeo!

Bermeo nolakoa izango den, herritarrek ‘Bermeon erabaki’ko dute

2012(e)ko Urtarrilak 18 Bermeo Iruzkinik ez

Bermeo, Internet bidezko parte-hartze herritarra bultzatzen duen udalerria da. Horretarako, Bermeoko Udalak, Bermeon erabaki ekimena sortu du; bere xedea, bermeotarrek herriari buruz dituzten eskaerak zeintzuk diren ezagutzea da. Batzarrak egiteaz gain, orrialde bat ere badago Facebooken eta blog bat sarean, edonork askatasunez bere iritzia adieraz dezan.

Lehenengo bilera abenduaren hasieran burutu zen, hemen ere eman genuen horren berri Zer behar dogu Bermeon postean. Bermeon erabaki egitasmoak, Facebookeko orrialdean aditzera eman duenez, laister, lehen bilera hartako ondorioak kaleratuko ditu eta bigarren batzarra deituko du. Bitartean, Internet bidez ere parte hartu daiteke. Bermeotarrok zer deritzozue? Zer behar dugu Bermeon?

Bermeo | Bermeon erabaki : erabaki-tresnak sortzeko parte-hartze prozesua

Bermeo | Bermeon erabaki : erabaki-tresnak sortzeko parte-hartze prozesua

Aste honi, Gotzon Monasteriok jarri dio doinua blues tankeran. Negu giroko egunak gozatzeko asmoz, bermeoko gitar jole baten abestia utzi digu, halaxe aurkeztu digu berak behintzat, baina… Gotzon ez da ba kantua zurea izango ezta? ;-) Guri gustatu zaigu, ea zuek zer diozuen!

Eta Bermeoko Facebookeko orrialdean aste honetan jasotakoen laburpena amaitzeko, urtarrilaren 14an Nestor Basterretxea Aretoan izandako omenezko emanaldia dakarkigu lerrootara. 3 margolari bermeotar izenburupean Amadeo Duque, Jon Jauregizar eta Andolin Jauregizar pintoreen lanen inguruko hitzaldia burutu zen. Bertaratu al zineten? Aukerarik izan ez bazenuten, baina oraindik ere hiru protagonisten lana ezagutzeko gogoz baldin bazaudete… datorren igandera arte daukazue erakusketa ikusteko aukera, arratsaldeko zazpietatik bederatzietara.

Aste ona igaro bermeotarrok eta ez ahaztu, herriko gorabeherak guztiak gure orrialdean partekatzeaz ;-) Egun batzuk barru itzuliko gara, ongi izan!

Foka bat iritsi da Bermeoko portura, itsas txakurra ikusi duzue?

2012(e)ko Urtarrilak 10 Bermeo Iruzkinik ez

Bermeok bisitari berria eta berezia jaso du astean: foka bat agertu zaigu Bermeoko portuan. Ez da ohikoa itsas txakurren presentzia gurean, baina badirudi, azken egunetako itsaso zakarrak orientazioa galduarazi diela eta ondorioz, bi itsas txakur ikusi ditugu gure kostaldean, bat Donostian eta beste gurean. Fokak euskal kostaldean… ikusi al dituzue? Hortik al dabiltza oraindik? Argazkiren bat atera al diozue bermeon azaldu denari? Elkarbana itzazue Bermeoko Facebookeko orrian, guk bideoa uzten dizuegu jarraian:

Itsaso bizi horren argazki ederra utzi zigun Gotzon Monasteriok pasadan astean, hona hemen gure portuko kai-muturra:

Itsasoa bizi-bizi Bermeon ARGAZKIA: Gotzon Monasterio

Itsasoa bizi-bizi Bermeon ARGAZKIA: Gotzon Monasterio

Urte berriarekin bat asmo berriak izan ohi dira barra-barra gure agendetan, egin al duzue proposamenik? Gure orrian dantza eskaintza jaso dugu ba! Nork esan zuen euskaldunok ez daukagula erritmorik? Bermeotarrok dantzan ere iaioak gara eta saltsan trebeak, ez al da hala? Salsacubana en Bemeok umeentzako klaseak debalde eskaini ditu, hona hemen informazioa eta Valle Tunezek berriz gure herrian erritmo galanta dagoela adierazi digu! Gazteleraz utzi digu iruzkina eta halaxe dakarkigu lerootara: ‘Por suerte, llevamos años demostrando que en Bermeo hay mucho ritmo y que todo el mundo puede bailar!!! Así que …..ANIMO!!!! y gracias!‘.

Besterik ez, eskerrik asko aste osoan zehar parte hartu duzuen guztioi. Oporrak direla eta nahiko alfer ibili gara guztiok azken egunotan baina gogoratu guztion artean osatzen dugula Bermeoko orria; beraz, badakizue, nahi duzuen oro konta dezakezue bertan: herriko albisteak, argazkiak, bideoak, ekintzak… zure elkartearen agenda ezagutarazi, ekimenetarako gonbidapena luzatu, zerbait proposatu… Zure zain gaude! Laster arte!

Bermeotik mundura: Gabonetako postalak denontzat! Urte berri on!

2012(e)ko Urtarrilak 3 Bermeo Iruzkinik ez

Bermeo gabonetak postalak bidaltzen aritu da azken asteetan eta jaso ere, jaso ditugu hainbat Bermeoko Facebookeko orrian. Ondo jango zenuten, familian gozatu, lagunekin aldarte onean aritu, bermeoko kantak abestu, berriak asmatu, umeekin jolastu eta ume bihurtu, bermeoko argazki zaharrak kaxoietatik atera eta aiton amonen oroitzapenekin gozatu, Olentzerok ekarritako argazki kamera berria probatu, urte zaharra behar bezala agurtu, urte berrirako asmoen zerrenda osatu, erregei eskutitza idatzi…

Aurten ere ez du elurrik egin gabonetan eta… ez da seinale txarra aizu. Esaera zaharrak dioenez, Eguberri ondorengo lehenbiziko sei egunak nolako, hurrengo urteko lehenbiziko sei hilabeteak halako. Hortaz, badirudi 2012a, egurats gozoarekin abiatuko dugula eta neguan ere eguzkiaren berotasuna sentitzeko aukera izango dugula. Hain zuzen ere, horrelako egun zirraragarri batean, Jesus Mari Uribek Bermiotik ataratako argazki ederra aukeratu genuen gure Facebookeko orrian urtea amaitzeko:

Ondo pasa eta goza itzazue jai egunak!!! Aupa Bermeo, urte berri on! ARGAZKIA: Jesus Mari Uribe

Ondo pasa eta goza itzazue jai egunak!!! Aupa Bermeo, urte berri on! ARGAZKIA: Jesus Mari Uribe

Nagore Maesori asko gustatu zitzaion argazkia eta Antonio Pessinak italieraz utzi zigun gabon mezua: ‘Ciao!! Bermeani felice natale e grande vigilia!‘. Nola ez ba! Horren ederra da gure herria… normala nazioartean ere maiteminduta agertzea! ;-) Geu guk utzitako zorion mezuarekin bat eginez erantzun dizuegu guk, bermeotar eta kanpotarroi: Urte berri on guztioi!

Dirua gora, euroak behera gabiltzan egun hauetan… nahiz eta Gabonetako Loterian deus ez heldu Bermeora, baliteke datorren ostiralean, Umearen Loteriak familiren bat edo beste poztea. Hala izan dadila! Zorte on jokatu duzuen danoi!

Besterik ez gaurkoz, eskerrik asko urte osoan zehar gurekin parte hartu duzuen guztioi eta horrela segi dezazuela aurrerantzean ere, bejondeizuela! Guztion artean osatzen dugu Bermeoko orria eta badakizue nahi duzuen oro konta dezakezuela bertan: herriko albisteak, argazkiak, bideoak, ekintzak… zure elkartearen agenda ezagutarazi, ekimenetarako gonbidapena luzatu, zerbait proposatu… Zure zain gaude! Laster arte!