Atunontziak Indiako Ozeanoan, herriko dendak, eta bestelakoak
Indiako Ozeanoan dauden atunontzien segurtasuna, herriko merkatariak eta bestelako kontuak dira aste honetan Bermeoko orrialdeko emari nagusiak.
Bermeoko orrialdeko hesian jasotako emarien labur bildumarekin ekiteko, gure taldeak jarritako posta dugu: “Azken bi asteetan zortzi aldiz saiatu dira piratak Indiako Ozeanoan diharduten atunontziak erasotzen. Anabacek Espainiako gobernuari batzarra eskatu deutso oso kezkatuta baitago.” Bilera egin, egin zen, eta hortik segurtasunekoak ondo prestatuta egoteko bermea izan dezaten, neurriak hartuko dituztela erabaki zen. Egia esan, oso kontu latzak dira hauek eta Alakrana moduko kasu gehiagorik ez da inolaz ere ongi etorri izango. Hemen duzu albistea.
Juanvi Romanek bere hausnarketa ere utzi digu: “Agur Doloriagako negozioei, kaleak gero eta estuagoak eta udaltzaingoak isunak barra-barra jartzen. Uda honetan, ingurutik datozen udatiarrak ez dira ezta hurbildu ere egingo. Udal azoka, ezta Bermibusekin ere ezingo da zapaldu. Eta Doloriaga bezala, herriaren gainerako guztia. Bermeoko udalak herritik kanpora erostera bultzatzen duela dirudi”. Juanvik esandakoaren inguruan, zuek ere zerbait izango duzue komentatzeko, baina, momentuz hesian horrelakorik egon ez denez, ezin izan dugu hona ezer ekarri.
Bestalde, gabonetako loteria ate joka dugun honetan, prestatzen joan behar dugunez jarraian Bermeon dauden loteria saltokien zerrenda utzi dizuegu.
Orain beste kontutxo bat ekarriko dugu asteroko labur bilduma honetara, Beñat Mendietak horrela posteatu zuen: “154 ume jaio ziren iaz Bermion. Ume bakoitzarentzako bertso-paperak liburu batean batu dauz Udalak eta domekan aurkeztuko dabe. Bazoaz jaira?” Orain, ia joango ote zaren galdetzea tokiz kanpo geratzen bada ere, bertan izan bazinen, Bermeoko orrialdeko hesitik igaro zaitezke eta bertan bizitakoa zer moduzkoa izan zen kontatu dezakezu. Esteka honetan informazio gehiago.
Bakakizu Bermeon gertatzen denaz informatzeko hesia zuretzat dagoela eta honi Miren Herrerok horrela erantzun zion: “egia da, euskal gente asko dago, Bermeotik kanpo, guk osasunagatik, baina herentxi bat daku, herentxia ez da erosten, itxi egin behar dogu alabari eta ilobari, eta herentxia da gure euskera, eta jatexea, eta ni bermeotarra, moduz, gure kostumbrie eta gure raizek, eruten dot leku guztietatik….aupa gure Bermio, Miamitik”. (jatorrizko testua horrela iritsi denez, errespetatu nahi izan dugu eta horrela argitaratzen dugu)
Bermeoko hesian jasotzen ditugun esteken artean, Valeria Ominettik utzitakoa ekarri nahi izan dugu, oso bideo ikusia izan da eta guk ere ikus dezagun hesian utzi du: “Ez diezaiogun Euskal Herriari mugarik jarri!” eta jarraian Iñaki Perurenari egindako elkarrizketa baten inguruko bideoa utzi digu. Ikusteko modukoa da, benetan gomendagarria, hemen duzu esteka.
Bukatzeko, jasotako bestelako postak ere hemen dituzue. Xavier Loyola Caminos: “aitak zera zioen: Bermeo New York txikia. Aupa bermeotarra”. Edo Bo Elizegik dioena: “Aupa Bermeo, baina jakin badakizue Izaro Mundakarra dala”. Honen inguruan edo bestelako kontuen gainean zerbait esan nahi baduzu, badakizu hemen edo hesian bertan zure iritzia emateko aukera duzula.
Honenbestez, aste honetako labur bildumaren amaierara iritsi gara, beraz, laster arte eta ondo izan.




Zuen iritziak