Artxiboa

‘sutandblai’rekin etiketatutako sarrerak

Arrasateko Otamendi harategiko buzkantzak onenak San Martin egunerako

2011(e)ko Azaroak 11 Libe Mimenza Iruzkinik ez

Arrasateko Otamendi harategiak irabazi du Zumarragako buzkantza lehiaketa. San Martin eguna data aproposa da ba horrelako berriak biltzeko ;-) Ummm… esaten duten bezain gozuak al dira buzkantza horiek? Baina horrez gain, beste hainbat gai ere izan dira berbagai Arrasateko Facebookeko orrian, hauxe da azken asteko gertakarien bilduma, hor doa!

Arrasateko Otamendi harategia buzkantza lehiaketako irabazle ARGAZKIA: Goierriko Hitza

Arrasateko Otamendi harategia buzkantza lehiaketako irabazle ARGAZKIA: Goierriko Hitza

Otamendi harro eta pozik ikus dezakegu argazkian eta ez da gutxiagorako, sorpresaz jaso baitzuen saria! Seigarrenean lortu du garaikurra, azken orduan izena emanda. Jose Ramon Otamendik, Iker Agirreurreta harakinarekin batera, urtero 250 bat kilo buzkantza prestatzen dituzte Garagartzako San Migel jaietarako, hona hemen albiste osoa. Hori bai parea!

Gaur ere, San Martin egunean, egingo al dute txarri-hiltea? Gaur da eguna, azaroaren 11a, herri egutegian txarria hilteko sasoiaren hasiera, gaurtik gabon bueltara arte. San Martin egunaren ganean badago makina bat esaera; batzuk eguraldiagaz lotuta daude, badago Egiazko negua San Martinetan hasten dala dioen bat eta baita, Negu ona izateko, San Martinetarako hiru biderrez edurra egin behar dauela dioen beste bat. Bata edo beste… hotza datorrela seguru! Eta San Martin aipatzeaz bat denori burura etorri zaizuen hori ere gogoan hartu… Txarri guztiei heltzen jake San Martin eguna. Bitartean, gaur egun aproposa da txorizo, odoloste edota buzkantza afaltzeko!

Bestalde, azken egun hauetan, Gurasolandia 2011 ekimenaren inguruan ere aritu izan gara. Umeak al dituzu? Eta euskaraz aritzen zara haiekin? Hala bada, interesgarria izango zen zuretzat Gurasolandia. Hirugarren edizioa izan zen azaroaren 2koa, izan al zinen bertan? Zer moduzkoa izan zen esperientzia? Kontaiguzu, baliteke zure kontakizunarekin bat baino gehiago animatzea hurrengorako! Horrez gain, Mondragon Unibertsitateko telebista ere ezagutu dugu asteon, MU telebista ezagutzen al duzu? Ea bertako kazetari eta teknikariak zer diozkuen Sut&Blai saioko bideo honetan:

Gaurkoz besterik ez, eskerrik asko Arrasateko Facebookeko orrian parte hartu duzuen guztioi. Badakizue nahi duzuen oro konta dezakezuela bertan: herriko albisteak, argazkiak, bideoak, ekintzak… zure elkartearen agenda ezagutarazi, ekimenetarako gonbidapena luzatu, zerbait proposatu… Zure zain gaude! Ongi pasa asteburua guztiok, laster arte!