Artxiboa

‘Mondragon Unibertsitatea’rekin etiketatutako sarrerak

Arrasateko Otamendi harategiko buzkantzak onenak San Martin egunerako

2011(e)ko Azaroak 11 Libe Mimenza Iruzkinik ez

Arrasateko Otamendi harategiak irabazi du Zumarragako buzkantza lehiaketa. San Martin eguna data aproposa da ba horrelako berriak biltzeko ;-) Ummm… esaten duten bezain gozuak al dira buzkantza horiek? Baina horrez gain, beste hainbat gai ere izan dira berbagai Arrasateko Facebookeko orrian, hauxe da azken asteko gertakarien bilduma, hor doa!

Arrasateko Otamendi harategia buzkantza lehiaketako irabazle ARGAZKIA: Goierriko Hitza

Arrasateko Otamendi harategia buzkantza lehiaketako irabazle ARGAZKIA: Goierriko Hitza

Otamendi harro eta pozik ikus dezakegu argazkian eta ez da gutxiagorako, sorpresaz jaso baitzuen saria! Seigarrenean lortu du garaikurra, azken orduan izena emanda. Jose Ramon Otamendik, Iker Agirreurreta harakinarekin batera, urtero 250 bat kilo buzkantza prestatzen dituzte Garagartzako San Migel jaietarako, hona hemen albiste osoa. Hori bai parea!

Gaur ere, San Martin egunean, egingo al dute txarri-hiltea? Gaur da eguna, azaroaren 11a, herri egutegian txarria hilteko sasoiaren hasiera, gaurtik gabon bueltara arte. San Martin egunaren ganean badago makina bat esaera; batzuk eguraldiagaz lotuta daude, badago Egiazko negua San Martinetan hasten dala dioen bat eta baita, Negu ona izateko, San Martinetarako hiru biderrez edurra egin behar dauela dioen beste bat. Bata edo beste… hotza datorrela seguru! Eta San Martin aipatzeaz bat denori burura etorri zaizuen hori ere gogoan hartu… Txarri guztiei heltzen jake San Martin eguna. Bitartean, gaur egun aproposa da txorizo, odoloste edota buzkantza afaltzeko!

Bestalde, azken egun hauetan, Gurasolandia 2011 ekimenaren inguruan ere aritu izan gara. Umeak al dituzu? Eta euskaraz aritzen zara haiekin? Hala bada, interesgarria izango zen zuretzat Gurasolandia. Hirugarren edizioa izan zen azaroaren 2koa, izan al zinen bertan? Zer moduzkoa izan zen esperientzia? Kontaiguzu, baliteke zure kontakizunarekin bat baino gehiago animatzea hurrengorako! Horrez gain, Mondragon Unibertsitateko telebista ere ezagutu dugu asteon, MU telebista ezagutzen al duzu? Ea bertako kazetari eta teknikariak zer diozkuen Sut&Blai saioko bideo honetan:

Gaurkoz besterik ez, eskerrik asko Arrasateko Facebookeko orrian parte hartu duzuen guztioi. Badakizue nahi duzuen oro konta dezakezuela bertan: herriko albisteak, argazkiak, bideoak, ekintzak… zure elkartearen agenda ezagutarazi, ekimenetarako gonbidapena luzatu, zerbait proposatu… Zure zain gaude! Ongi pasa asteburua guztiok, laster arte!

Murugaineko Burdin Aroko aztarnak eta Arrasateko Eroski

2011(e)ko Martxoak 25 Kaitin Allende Iruzkinik ez

Murugain mendiko Burdin Aroko aztarnak eta Arrasateko Eroskiren handitzea dira aste honetan facebookeko orrialdeko gai nagusiak.

Kristo aurreko lehen milurteko herrixka Murugainen aurkitu zutenean 1988 urtea zen, eta orain, Aramaiok aztertuko duela jakin dugu. Burdin aroko herria Gipuzkoan dauden bederatzi herrien artean dago eta gurean dagoen herrixka ere ez dago edonon eraikita. Oso toki estrategikoak erabiltzen zituzten eta Murugainekoa ere horrela dago. Askotan lur azpian lanean hasi baino lehen, aztarnak jasotzen dituzten profesionalak behar izaten dira, eta Murugain mendian ere, telefonia mugikorrerako antenak jarri aurretik, arkeologoen presentziak oso aurkikuntza bereziak ekarri dizkigu. Ane Goikoetxeak zera utzi zigun Arrasateko horman: ‘Murugainen dago hitzordua, Aramaiok Burdin aroa ikertzeko bidea hartu du. ‘ Hemen duzu gehiago jakiteko albistea.

Bestelako gaiak eta bestelako lurrak hartuko ditugu hizpide orain. Eutsi Mondrak Eroskiren handitze proiektuarekin zer gertatzen den jakin nahi du eta galdera zabaldu du Arrasateko horman. Kontua auzitegian ote dagoen ere galdetzen du berak. Errudunetaz ere galdetzen du, izan ere, Eroski merkatal gunearen aldetik handiagoa egiteko eskaera egin omen zen eta orain erantzunaren zain daude. Arauak ere badira, metro koadroak zehazten dituztenak eta abarrak…badirudi,  Udalaren erantzunik jaso ezean, Eroskik kalte ordainak eskatuko dituela….hemen Eutsi Mondraren berbak: ‘herritarrok, udaleko arduradun horren akats barkaezinagatik, Eroskiri kalte-ordaina eman beharko diogu? Gu guztiok, miloi askotako kalte-ordain horri aurre egiteko gai izango al gara? Hor doaz neure kezkak, ia norbait erantzuteko gai dan.’ Hemen izango duzu informazio gehiago. Eutsi Mondrak utzitako emariari Carlos Fernandez Secok horrela erantzun zion: ‘Mira como amplio yo Eroski……… HEROSQUI. Ya esta mas grande ‘

Aste honetako laburpenean Beñat Mendieta ere badugu, Arrasateko komunitatean horrela parte hartu baitzuen: ‘ingeniari teknikoek diplomak jasoko dituzte, zure txanda da edo oraindik ez? ‘ Amaia Antzokian gero Mondragon Unibertsitateko ikasleak  dotore-dotore diplomak hartzera. Bertan duzu informazioaren esteka.

Atzo, eguena, Arrasateko gaztetxean, musika nagusitu zen eta herrian, Batusi taldearen fusio doinuak entzun ziren.

Bukatzeko, gure komunitateak eskertuko duen mesede txiki bat eskatu nahi dizuegu; hemen horman, astero uzten dugun laburpenarekin batera ‘automatikoki’ azaltzen den irudia aldatu nahi dugu. Zuen argazkia izatea gustatuko litzaiguke, originala behar du izan zuek aukeratutakoa. Arrasateko orrialdean zuen argazkia uzteko aukera izango duzue eta hurrengo asteartean ‘atsegin dut’ boto gehien dituena izango da aukeratutakoa. Eskerrik asko guztioi eta gora Arrasate!

Badakizue, facebookeko orrialdeko horman edota gure herriko blogean nahi duzunean topo egingo dugula. Eskerrik asko parte hartzeagatik eta asteburu ona izan.

Errugbia, Mondragon Unibertsitatea eta mus txapelketa

2011(e)ko Otsailak 4 Kaitin Allende Iruzkinik ez

Errugbi jokalarien kontzentrazioa, Mondragon Unibertsitatea eta mus txapelketa dira aste honetan Arrasateko gai nagusiak.

Askotan futbolaz hitz egiten da, bestelako kirolik egongo ez balitz bezala, baina hemen Arrasateko hesian Maria Abadiñok gure errugbi jokalariak pasa den asteburuan Logroñon kontzentratuta egon zirela esan digu baita hau gaineratu ere: ‘zenbat mutil puska batera!!!!!!’ Mariaren hitzekin batera hurrengo partidatan ere osasuntsu eta sasoian jarraitzeko asmoarekin batera, azken ekitaldi bereziko lotura uzten dizuegu.

Bestalde, eta kirol sailkapenak alde batera utzita, Arrasate Mondragonek esandakoa ekarri dugu gurera, izan ere Mondragon Unibertsitatea ez dago munduko 500 unibertsitate onenen artean. Espainiari dagokionez, zerrenda horretan azaltzen den lehen unibertsitatea Madrilgo Autonoma da, 200 postuan.’ Lana dugu baita arlo honetan ere, dena dela, Mondragon Unibertsitatetik ateratzen diren ikasleek oso maila altua lortzen dute. Hemen duzue unibertsitateen sailkapenaz hitz egiten duen esteka.

Orain, gurean, oso indartsu dabilen mahai jokoa, izan ere, ez dakigu kirol tartean sartu behar ote dugun edo ez….baina Olatz Gartziak zera utzi du gurean: ‘Nork ez du inoiz musean jokatu? txapelketarako bikoterik bai? Otsailaren 11an hitzordu garrantzitsua.’ Beraz, orain, teknika zorroztera eta irabaztera, oso arrakastatsuak izaten dira mus txapelketak eta gainera sekulako giroa sortzen da. Ia zein izaten den bikote irabazlea. Bertan uzten dugu albistearen inguruko informazioa.

Asteburuari begira, gehienok eguraldiaren iragarpenari egiten diogu kasu, are gehiago mendialdera edota eskiatzera joateko asmoa badugu, guk ere horrela egiten dugu eta hori bakarrik baizik eta elurretan praktika hartzeko bideak ekarri ere. Elur erraketekin ibiltzen al dakizu? Besaidekoek ikastaroa emango dute eta horretan izena eman beharko du, gainera ez da oso urrutira joan behar. Urrutira ez, izan ere Valdezcarayn emango dira klaseak. Gehiago jakiteko hemen duzu aukera.

Asteburu ona opatuz eta gure iritzi, argazki, bideo eta oharrak jasotzen jarraitzeko asmoarekin agurtuko gara. Bitartean, badakizu, hemen edota gure komunitateko hesian utzi ditzakezula interesatzen zaizun hori.

Arrasaten TAO ezartzeko proposamena, Leizetxiki, MUren webgune berria

2010(e)ko Abenduak 31 Kaitin Allende Iruzkinik ez

TAO zerbitzua ezartzeko proposamena, Leizetxikiren bideo bat eta Mondragon Unibertsitateko webgune berritua dira asteon Arrasate-Mondragongo Facebookeko orrialdeko gai nagusiak.

Arrasate Mondragon orrialdearen hainbat ekarpen izan ditugu asteon. Tartean, iritziren bat sortu duen proposamen hauxe ere: “Eustat-en arabera Arrasaten gaur 21.869 lagun bizi gara. Egia esan nik uste dot dexente gehiago garela. Baina, gutako askok bigarren etxebizitza Donostian, Zarautzen edo kostaldeko beste herri batean dugu. Kontua da, hiri eta herri horietako kale askotan OTA dagoela eta Mondragoen OTA-rik ez dagoenez, gutako askok bigarren etxeko herrietan erroldatu gara hango etxeko ateurrean aparkatu ahal izateko. Zer gertatzen da horrekin… Ba… gure herriko biztanleria jaitsi eta dauzkagun eskubide asko galtzen hasten garela: mediku kopurua murriztu, zinegotzi kopurua jaitsi… Nik guzti hori, eta herriak dituen beste arazo batzuk konpontzeko Mondragoen ere OTA jarriko nuke. Ikusi beharko litzateke kostaldean erroldatu diren horietako zenbatek bueltatuko ziren Arrasaten erroldatzen… Bestalde, gure herriko erdigunean dauden aparkatzeko-arazoak murriztuko lirateke. Horrez gain gogorarazi nahi diet udaletxeko teknikariei ordua dala Garibai etorbidea trafikora irekitzeko. Udal-aparkalekuko erabiltzaileei lehentasuna emateko itsi zen kale hori baina Otalora Lizentziatua kalea erabat kolapsatu egiten da…. Pentsa dezagun buruarekin behingoz!!!!” Maite Bazterretxeak ere honen inguruko iritzia ematen zuen: “Ez dakit ba, OTA ordaintzea dirutza da eta jada iragarrita dauden igoerekin!!!! (elektrizitatea, gasa…)“. Tira, batean eta bestean iritziak daude, ea zertan geratzen den kontua…

Arrasate Mondragon berak beste eduki bat partekatzen zuen gurekin. “LEZETXIKI-n garrantzia ezagutu nahi duzu? Ikusi GOIENA-k egindako bideo hau”. Behean jarri dizugu, ikusi nahi baduzu:

Leizetxikiren indusketen inguruko bideoa. Arrasate-Mondragonek igoa

Leizetxikiren indusketen inguruko bideoa. Arrasate-Mondragonek igoa

Leizetxikiko orrialdea bisitatzeko gonbita ere egiten zigun eta esteka uzten zigun.

Gaiaz erabat aldatuta, Maria Abadiñok Mondragon Unibertsitateak webgune berria zuela jakinarazi zigun informazio honetan. Hemen ikus dezakezue webgunearen itxura berria.

Hementxe utziko dugu aste honetako laburpena eta datorren astean ere zure ekarpenak hemen topatuko dituzu. Asteburu ona igaro eta urte berri on!!!!!!

Langabezia, makina erreminta eta kontuz! edan baduzu autorik ez

2010(e)ko Azaroak 5 Kaitin Allende Iruzkinik ez

Kaixo guztioi:

Astea amaituta eta Domu Santu eguna jai izan ondoren, laburra izan den arren, batzuentzat maldan gora joan da dena. Egun gutxiago asteroko lana aurrera ateratzeko, baina kito! Amaitu da eta asteburuaren atarian gaude.

Orain, aurrera egin aurretik, Arrasateko orrialdeko hesian izandako emariak hartu eta gurera ekarriko ditugu asteroko labur bilduma egin ahal izateko.

Hasteko, gogoratu nahi dugu, gero eta kide gehiago garen arren, oraindik animatzen jarraitu behar dugula, gehiago izatea lortu behar baitugu. Arrasate-Mondragón: “Arrasatearra bazara edo, herritik kanpo egonda ere bertan gertatzen direnak ezagutu nahi badituzu, hauxe duzu zure topalekua. Hemen jasotzen baititugu deialdi, ohar, albiste, iritzi eta abarrak. Animatu eta zurea jarri, gero lau haizetara zabalduko dugu. Hemen espero zaitugu, edo bestela blogean bertan tril egingo dugu.”

Bestelako kontuak ere jaso dira gurean eta horietako bat Maite Bazterretxeak ekarri digu, berak horrela gehitzen du: langabezia tasa jaitsi egin da Debagoienean. Zerbait bada ezta? zuk zenbat denbora daramazu langabezian?” Bere galderak erantzunik ez izatea, gure inguruan horrelakorik gertatzen ez dela sinistera eramaten gaitu, baina oraindik ere ez dakigu guztiak lanean ote dauden.

Orain lana aipatu dugun honetan, ikasketak eta mundu profesional batzen dituen ekimen bat ekarriko digu Beñat Mendietak: “Mondragon Unibertsitatea, Fagor Arrasate eta Koniker Zentro Teknologikoak makina erreminta sektorea bultzatzeko hitzarmena sinatu dute.”

Bukatzeko, Mark Burnsek utzitakoa hartu dugu: “autoa bide erdian utzi, eta tabernara. Domeka gauean gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak Zarugalde kalean, autoarekin aurreko autoari kolpea eman ostean bere autoa bide erdian laga eta taberna batera sartzearren. “Mozkortuta zegoen, gainera”, diote Herrizaingo Sailetik. Zuk ere horrela egiten duzu?” asteburuaren atarian gauden honetan, arren, kontuz gidatu eta tragoxka batzuk hartu badituzu autorik ez hartu.

Ondo pasatu asteburua eta hemen edo hesian topatuko garen esperantzaz agurtuko gara.

Etorkizuneko Kirolariak, Txikitxu-Arrostaitz, eta MU Danbakarekin

2010(e)ko Urriak 22 Kaitin Allende Iruzkinik ez

Kaixo guztioi.

Gure ohiturari tinko eutsiz, hemen gara astero legez, Arrasateko Orrialdeko Hesian jasotakoen bilduma bereziarekin.

Zuen parte hartzeari esker, hesian posteatutakoa gero hona, herriko blogera ekartzen dugunez, gero eta lagun gehiago, hesi eta blog koloretsuagoak izango ditugu.

Arrasateko jendeak asteon esan dituenen artean korrikalariak izan dira: Ruiz de Azua, Axpe eta Uribarren ‘Etorkizuneko Kirolarien’ artean “Eutsi Kirolari” ekimena dela eta diruz lagunduko dituzte Arrasateko hiru atletak eta baita Aretxabaletako Lore Mar ere.

Bestalde, herriko dantza talde mitikoen egun-gau handia bertan dugula ere gogoratuko dugu. Beñat Mendieta: “Jaialdia eta afaria Txikitxu-Arrostaitzen urteurrenean. Larubatean, Txikitxu-Arrostaitzen urteurrena ospatuko dute plazan (18.00) eta Uarkapen afaria (txartelak Basati eta Kajoin). Dantza egingo duzu edo afaltzera joango zara “bakarrik”?

Jaia aipatu dugun honetan gogoratuko dugu, 100 lagun baino gehiago espero direla Uarkapeko oholtza gainean, Txikitxu-Arrostaitzen jaialdia ospatuko baita zapatuan bertan, biharko dena prest beraz.

Gogoan izan, zure laguntza ezinbestekoa dela, beraz, arrasatearra bazara eta gainerakoei interesatuko zaien zerbait baduzu (albiste, deialdi,ohar, iritzi, argazki…), denon artean Arrasateko orrialdean partekatu dezakezu.Gure aldetik, hitz ematen dugu, zuk jarritako hori lau haizetara zabaltzen lagunduko zaitugula. Ia 300 lagun gara….Eskerrik asko.

Bukatzeko gustuko izaten dugun moduan musika ekarri nahi izaten dugu, eta horrela egin du baita Beñat Mendietak ere: “Mondragon Unibertsitateak ere Danbakarekin bat egiten du. Gora bailarako musikariak!!!”

Honenbestez, hemen utziko dugu aste honetako errepasoa eta hurrengo astean hemen topatuko gara, bitartean Arrasateko orrialdeko hesian topo egingo dugu.

Lagunilla taberna, Aste Berdea, Maider Unda Moskun eta Mariasun Pagoagak egindako filma Londonen

2010(e)ko Irailak 10 Kaitin Allende Iruzkinik ez

Kaixo guztioi!

Barikua!!! Ez da gutxi. Hori dela eta asteko laburpena egiteko prest gara, horrela, Arrasateko orrialdeko hesian izandako jarioaren nondik norakoak bertan izango dituzu.

Ikasturte berriari ekiteko eta baita krisiari aurre egiteko ere, Ibai-Artek irailaren 30 arte, elkarteko kide diren tabernatan gastatzeko 500 txartel zozkatuko ditu.

Arantzazura erromes, irailaren 12an. Arrasatetik Arantzazurako erromesaldian parte hartzeko deialdia egin dute. Ama Birjinaren egunaren osteko domekan, irailaren 12an da hitzordua. Oinez joan gura duten erromesak 06:30ean abiatuko dira Kontzezinotik; autobusez joan gura dutenak, berriz, Garibaitik aterako dira, 09:00etan. Ecuador Bidaiak agentziak daude txartelak salgai.

Mariasun Pagoaga, Arrasatetik pantaila handira eta hortik mundu osora! Zorionak! Londresko film jaialdian emango dute ‘80 egunean’ filma. Mariasun Pagoaga arrasatearra protagonista duen filma London Film Festival jaialdi ezagunean emango dute irailaren 17an eta 18an. ‘80 egunean’, London Film Festivalen ikusgai. Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren filma Montrealeko Nazioarteko Zinemaldian eta Karlovy Vary Jaialdian (Txekiar Errepublika) izan da ikusgai azkenaldian.

Barrurago sartuko gara eta….Induspeko tunela zulatu dute jada. Antonio Gonzalez ADIFeko presidentea eta Iñaki Arriola Garraio sailburua izan dira bertan.

Birzikleta bigarren eskuko azokarako material bilketa datorren zapatuan hasiko da. Urtero bezala irailaren 16tik 22ra Europa mailan ospatzen den Mugikortasun Iraunkorraren astea ospatuko da Arrasaten. Horren barruan ohiko bigarren eskuko bizikleta merkatua antolatuko dute, eta bertarako materiala jasotzen hasiko dira datorren larunbatean, irailak 11an.

Hau da hau! Taberna berria baina ez zaharra, eta maitea era berean… Ze ondo! Mondrak berriz ere inauguratuko du antzinako Lagunilla taberna. Datozen 5 urtetarako hartu du futbol taldeak eta bertan, jantoki txiki batean bazkaltzen emango da, plater txikiak zein bokatak.

Ate irekiak gimnasioan. Pilates, spinning eta total fitness ikastaroetan parte hartzeko aukera izango dute ate irekien egunetan. Hain zuzen ere, gaurtik egubakoitzera arte, eta hilaren 13an eta 14an.

Bestalde Carlos Fernandez Secok hesian parte hartu du, eta deialdia egiten du: “Erguineko guztientzat Erguin Arfegan hasten da, otutzen zaizuen guztia komentatzeko aukera duzue. “

Aste berdea dirauen bitartean kontsumo baxuko 5.000 bonbilla banatuko dira. Ibai-arteko dendek hilaren 20tik aurrera bere bezeroei emango dizkie.

Bestalde, liburuak eta koaderno berriak hartuta….Hasi dira klaseak Mondragon Unibertsitatean. Mondragon Unibertsitateak energiarako eta garraiorako sistema adimendunetan puntako zentroa inaguratu du Arrasateko Campusean.

Aupa Maider!!!! Maider Undak barikuan, bai gaur bertan, hartuko du parte Moskuko Mundialean. Borrokalari aramaioarrak pisu arineneko proban hartuko du parte, 72 kilotik beherako kategorian, hain zuzen ere. Undaren helburua, 2009an Danimarkako Mundialean eskuratu zuen brontzezko medaila berdintzea da. Goya Diegok bere aldetik zera dio ¡Zorte handia Maider! Hemen Gidatu.tv-ko erreportajea duzue, bertan Maiderri egindako elkarrizketa dago.

Ikusi duzu haizeak utzitakoa? Adar handi bat erorita Arbolapetan.

Mendi aldetik itsasora….Aupa Oier! zorte on! Oier Talledo arrasatearra fitxatu du Trintxerpe arraun taldeak. ATC federazioak atzo fitxa onartu berri, dagoeneko Trintxerpe-Illunbe arraun taldeko (Pasaia, Gipuzkoa) kide da 28 urteko arrasatearra. Uztailaren 19an hasi zen taldearekin entrenatzen.

Irailaren 11n, zapatua, Eskoriatzan, Kulunka haurreskolako horma margotzen ibiliko dira egun osoan Debagoieneko zortzi graffitilari. Denen artean marrazki bat osatuko dute. Musika ere izango da eta iluntzean, Bertso Sound System emanaldia.

Larunbatean Eskoriatzan

Larunbatean Eskoriatzan

Honenbestez, hemen utziko dugu aste honetako laburpena, hori bai, aldez aurretik eskerrak emanez.

Iñurrategi, Joxepa Arregi, Garagardo, gazta, ardo azoka, Ekonomia Topaketa, Kontzertuak…

2010(e)ko Maiatzak 28 Kaitin Allende Iruzkinik ez

Kaixo guztioi!

Barikua iritsi da eta horrekin batera Arrasateko Hesietan jasotakoen bilduma prestatu dugu.

Eguraldiari dagokionez, udaberriko egunak izango ditugu asteburu honetan, beraz lasai asko joan zaitezke egun pasa egitera.

Goiena Komunikazio Zerbitzuak

Goiena Komunikazio Zerbitzuak

Albiste pozgarriak dira asteon jaso ditugun gehienak, tartean Goiena Telebistak 2.000 ikus-entzule irabazi dituela urtebetean Debagoienean. Zorionak!

Eguraldia ziurtatuta dagoela eta, orain krisiari aurre egiteko bidea jarriko dugu, horrela asteburuan etxean ez egoteko aitzakiarik ez duzu izango. Ibai-Artek hartzen duzuna ordaintzeko aukera jarriko du zozketan Garagardo azokan eta baita gazta eta ardo azokan ere.

Edurne Pasabanek bere ametsa errealitate bilakatu duen astean bertan, Aretxabaletako gaztea tontorrera begira jarri da; erronka berria Iñurrategi, Vallejo eta Zabalzarentzat.

Aramaioko Gazte Asanbladak ere egitaraua mardula prestatu du asteburu honetarako, bihar, zapatua egun pasa egiteko beste plan bat. Eguzkierripa Rock jaia zapatuan.

Kontu tristeagoak ere izan dira herrian, eta hauen artean, agur berezi eta hunkigarria. Besarkada beroa familiarentzat!! Joxepa Arregi Etxerat elkarteko ohorezko lehendakaria hil da. Astelehen iluntzean hil zen Joxepa Arregi Egidazu, Jesus Mari Zabarte euskal preso politikoaren ama eta Etxerat elkarteko ohorezko lehendakaria. Eguaztenean egin zuten hileta elizkizuna. Ekitaldi jendetsua Joxepa Arregiri azken agurra emateko.

Gure ohiturari tinko eutsiz, astebururako planak egiten jarraituko dugu, eta horretarako beste proposamen bat, GOSE Kontzertuak / ConciertosMaiatzak 28 Mayo. EIBAR . Pza Unzaga. 22,30h Euskal JaiaMaiatzak 29 Mayo. ANTZUOLA. 21h. Mundumira …2010, esate baterako Jurgen Barrionuevok, gustatu zaiola esan du.

Musika eta kirola uztartzeko aitzakia berria. Ekainaren 3tik 5era Herriko musikariak deitu ditu rugbi taldeak 12. Garagardo jaian parte har dezaten.  12 urte beteko ditu Arrasateko Rugbi taldearen Garagardo jaiak, eta honezkero arrasatearrek ez dute ekaineko lehen aste bukaera ospakizun hori barik ulertzen. Aurten karpa ekainaren 3tik 5era egongo da zabalik.

Bihar bertan egun pasa politerako aukera, Arizmendi Ikastolako udaberri jaia larunbatean. Bihar udaberri jaia Basabeazpi eta Almeneko gurasoek antolatuta ospatuko da. Ekintza asko daude: Goizean, Iturrigorrira irteera, denentzako jolasak, sagardo eta talo dastaketa eta talo tailerra. Eguerdian herri bazkaria eta arratsaldean tailerrak eta jolasak. Bosgarren urtez udaberriari ongi etorria egiteko sortu zenez, kukua agertu ohi da eta berari lagunduz hain ezaguna duten Agitxo ere ibiliko da.

Gai serioagoak jorratzekoak ere badira herrian bertan, bihar, zapatua hilak 29, Demokrazia Ekonomikoari buruzko II. Topaketa transnazionala.

Ikasturte berrira begira daudenentzat, Mondragon Unibertsitatearen master berriak daudela jakitera eman dira. Gipuzkoako Ganberak eta Mondragon Unibertsitateak MBA Executive masterra eskainiko dute.

Eskerrik asko guztiagatik eta laster arte agurtzen gara.

Asteburu on!

MU, 57ko kintoak, Emakume Txokoa, Ainhoa Sanchez miss euskadi eta Arrasateko kirolari handiak

2010(e)ko Maiatzak 12 Kaitin Allende Iruzkinik ez

Kaixo guztioi!

Arrasate

Arrasate

Astearen ekuadorra elkarrekin igaroko dugu, horrela aurrera begira jartzeko indarrak hartuko ditugu. Arrasateko hormatik pasatutakoak jaso ditugu orain, Arrasateko Blog-ean eskaini ahal izateko.

Aurrera begira jarriko gara, orain, ikasturte berria gertuko dugu. 25 urtetik gorakoenentzat prestakuntza eskaintza berezia MUn. MU+ (profesional learning space) izena eman diote eskaintza berriari. Mondragon Unibertsitateak etengabeko prestakuntza formatuaren alde egin nahi du berrikuntza honekin. Eskolan bertan jarraitzeko eta online burutzeko ikasketak biltzen ditu, eta banakako eta pertsona zehatzen prestakuntza beharrak nahiz mota guztietako enpresenak erantzun nahi ditu. Datorren ikasturtean eskainiko dituzte zortzi titulazio berri: gradu titulazio bat eta zazpi master.

Unibertsitatean gauden honetan, bertan geratuko gara eta….JuanAntonio Lopez de Uralde: “AHTk krisian dagoen eredu bati eusten dio” [Bideoa] Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko ingenieritzako 2009ko promozioko ikasleen diploma banaketa ekitaldia egin zuten pasa den barikuan. Ekitaldian Juan Antonio Lopez de Uralde, Greenpeace Españako zuzendariak hitzaldi bat eskaini zuen. Bisita aitzakia hartuta, berarekin egon ziren goienako kazetariak.

Unibertsitarietatik orain…..57ko kinto arrasatearren urteroko batzarra maiatzaren 22an izango da.  Maiatzaren 22, zapatua izango da hitzordua, 57ko kintoak elkartu egingo dira, baina aurreko ekitaldietan ez bezala, aurten ez da mezarik egongo eta hitzorduaren ordua 13:30etan izango da, jarraian txikiteoa egiteko jakina.

Krisi garaian gauden honetan, lan proposamenak ez dira gure postontzira hala nola iristen hori dela eta funtzionari izateko bideak jorratzeko proposamena ekarri nahi izan du gu.643 lagunek eman du izena Arrasateko lanpostu publikoetarako, Internetez. Horixe da Udal Enplegu Sailak jakinarazitako datua: 643 lagun apuntatu dira, momentuz, Arrasateko Udaleko oposizioetara. Baina gehiago izango dira, eta seguru aski, pilatxo bat gehiago, Biztanleen Arreta Zerbitzuan eta korreo tradizionala erabilita izena eman dutenak kontatu barik dituzte-eta. 18 lanpostu publiko bete behar ditu Udalak, horietatik 15era edozein aurkeztu ahal izango dira. funtzionari izateko lanpostuak dira.

Emanaldi dibertigarria eskaini zuen Albert Plak.

Albert Plá Amaia Antzokian

Albert Plá Amaia Antzokian

“Agertokian biluzik nagoelako, antolatzaile asko ez dira ausartzen nire obra eskaintzera”.  Emakume Txokoaren eskutik, Ester Bellver antzezlea ‘protagonizo’ lanarekin etorriko da Kulturatera, maiatzaren 26an (19:00). Aretxabaletan estreinatu zuen, iaz, eta Bergaran ere izan da; orain Arrasateren txanda da. 26 urte inguruko ibilbidea duen antzezle esperientziaduna, lehen ikuslea bere burua ..

Alboko herrira joango gara, beste batzutan bezala, baina azken honetan, Euskadiko emakumerik politena izandatu dutenaren bila. Ainhoa Sanchez, Miss Euskadi.  “Euskadiko neskarik ederrenaren” koroa jantzi zuen zapatuan BECen Ainhoa Sanchez aretxabaletarrak. Miss Araba titulua eskuratu eta Miss Gipuzkoan ohorezko dama izendatua izan eta gero, 2010eko Miss Euskadi da, 1,80ko altuera eta 90-61-93 neurriak dituen 23 urteko gaztea.

Atzo, martitzena, San Isidro spinning master class, egizu festa! ekimenean apuntatzeko azken eguna izan zen.  Egubakoitzean, San Isidro jaiak hastearekin batera, egingo dute San Isidro spinning master class, egizu festa! ekimena, eta bihar da, martitzena, izena emateko azken eguna. Spinning saio horretan esku hartzeko ez da ezer ordaindu behar izango.

Primeran pasa dute langileek JMA-ko 1. Euskara Egunean.Jokoak, olinpiadak,… ospatu zituzten elkarrekin euskaldun berriek eta zaharrek, Sara jatetxe inguruan, larunbatean.

Maialen Axpek jubenil mailako Euskadiko errekorra hautsi du.  Pertika jauzilari arrasatearrak 3,66 metroko marka egin zuen zapatuan Anoetan, urrezko domina eskuratuz. Lore Mar aretxabaletarrak zilarra lortu zuen, eta luzera jauzian Oihane Urzelaik lehenengo postuan sailkatu zen 5,05 metroko jauziarekin.

Orain, ardoa maite dutenentzat ekitaldia. Errioxako ardoak eta Arrasateko txakolina, Kajoiren Ardoaren Astean.

Ertaroko azoka

Ertaroko azoka

Erdi Aroko azoka egitea kolokan; maiatzean behintzat ez da egingo. Azken sei urteetan maiatzean egin izan da Erdi Aroko azoka. Bada, Udalak jakinarazi duenez, aurten ez da maiatzean egingo. Maiatzean ez egitearen arrazoia da, Udaleko Kultura sailak dioenez, Naparbideak elkartearekin ez direla akordio batera iritsi, azoka noiz egin zehazterakoan. Orain arte Udalak Naparbideak elkartearekin antolatu izan du azoka.

Batetik bestera mugitzeko, garraio publikoa erabiltzea gomendatzen den aroan gaudenez, erabiltzaileentzat oharra dator orain. Autobus urbanoak ordu erdiro emango du zerbitzua.

Eskerrik asko guztioi zuon parte hartzeagatik eta laster arte agurtzen gara.

Hiri-gutunaren 750.urteurrena, Errenta aitorpena euskaraz eta abar

2010(e)ko Apirilak 15 Kaitin Allende Iruzkinik ez

Kaixo!

Zelan joan da astea opor egun piloaren osteko astea? Seguru bati baino gehiagori luze samarra egin zaiola, baina jada, eguena da eta bihar barikua, beraz, pozik egoteko arrazoi gehiago ditugu, triste egoteko baino.

Errepublika eguna pasatu dugu eta biharamonari aurre egiteko, herriko Blog-ean Hesian jasotakoen laburpetxoa prestatu dugu.

Lehenik eta behin, hasteko, Artea eta Internet-a uztartzen dituen ekitaldiaren berri emango dugu ondorengo link-ean. Arte ekitaldia egingo du Ramon Arantzabalek eta Internet erabiliko duz abaltzeko.

Dena artea ez delako, eta arte handia behar izaten delako urteko sasoi honetan, 10-T-a eta bestelako dokumentuak batu eta dena prest duzunean artista izan behar duzu benetan emaitza onak lortu ahal izateko. Horretaz gainera, euskaraz egiteko aukera egon badagoela ere jakinarazi nahi dizugu ondorengo informazioarekin. Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia.

Errenta aitorpena egiteko eta baita bestelako kontuetarako NAN dokumentua ezinbestekoa dela dakigun arren, aurten berritzekotan bazabiltza adi!!! Maiatzetik aurrera ez da Nortasun Agiria egingo Arrasaten.

7, bai, guretzat, euskaldunontzat zenbaki magikoa denak asteon albiste ona utzi digu, nahiz eta kaltetuek erne egoteko eskaera egin duten albiste baikorrarekin geldituko gara momentuz. Absolbitu egin dituzte ‘Egunkaria auziko’ bost auzipetuak.

Hementxe duzue aurreko albisteari lotutako beste bat, orain 7 urtekoa da baina gaur ageri da toki guztietan, Fermin Muguruza abeslariak Egunkariaren alde egiteagatik Madrilen jasotako txistuak entzun ditugu.

Albiste onak jaso ditugula ospatzeko, askotan mahaiaren bueltan egiten ditugunez, sukaldera sartuko gara orain, baina amantala jantzi gabe, izan ere elkarte gastronomiko batera sartuko gara eta han gizonezkoek janzten dituzte. Beste albiste on bat kasu honetan emakumeontzat zera da: Gastronomia munduan handienak gizonezkoak diren arren gure herrian ere badugu bestelakorik. Marije Arregi elkarte gastronomiko bateko presidentea den lehenengo emakume arrasatearra da.

Elkartea utzi eta MU-ra joko dugu orain honetan, Mondragon Unibertsitateak eta Euskadi Fundazioak sare sozial bat jarri dute martxan. Bizikleta gainean jarriko gara sare sozialak erabilita azken -azkenen berri izango dugu.

Bilbon pasa den asteburuan aspaldiko autoen rallya egin bazuten, hemen, Arrasaten ez gara atzean geratuko, 1954-ko auto batek paseoa eman baitu Arrasateko kaleetatik.

Orain atseden pixka bat hartu dezakegu, eserlekuan jezarri eta pantaila handira begira jarri gaitezke, proposamen berezia ekartzen duelako ondorengo berriak. Laburbira zirkuituak bederatzi filme labur ekarriko ditu bailarara. HUHEZIko ikus-entzunezko ikasleek antolatutako Huhezinema 2010 euskal filme laburren jaialdiko iragarkia duzu hau…eta jada Huhezinema 2010: aukeratu dituzte Lehiaketa Ofizialerako 10 filme laburrak.

Orain ospakizunen, jardunaldi eta bestelakoen egutegia prestatzen joateko aukera izango duzue, ‘Baobab’ eta ahozkotasun jardunaldiak asteon, Liburuaren Eguna ospatzen hasteko. Hitzaldi zikloa Arrasateko hiri-gutunaren 750. urteurrena dela-eta. Teknologia berriak aztergai Goieskolaren jardunaldietan. Apirilaren 22 eta 23rako deitu dituzte. Gaia aldatuz baina proposamenekin jarraituz,  ‘Emakumeak Mondragoen’ hizpide Ana Isabel Ugalderekin.

Honenbestez eta hurrengo mezura arte edo zuk gurekin bat egin arte laster arte esango dizugu, aldez aurretik eskainitako laguntza guztia eskertuz jakina.