Mintza Eguna, Al-Andalus, Alfredo Villar, Filme laburrak, Mariasun Pagoaga…
Eguerdi on danori!
Astea bukatzen denez, Arrasateko Horman izandako emarien laburpena prestatu dugu.

Mintza Eguna
Gure ohiturari jarraituz, ospakizunekin emango diegu hasiera. Al-Andalus elkartea 21. Aste Kulturalean murgilduta dago eta Andalusen Kultura Astea agurtzeko: Azken txanpan sartuko da Al-Andalus elkartearen Kultura Astea. Ardo dastatzea egiten ari dira orain bertan eta 60 lagunentzat lekua egin zuten, asmoa ez zen-eta jendea modu masiboan erakartzea. Bada, erabat bete da zerrenda, aste osoan zehar egin diren ekitaldiek izaten ari diren arrakastaren adierazle. Eta oraindik ez da bukatu, aste bukaera osoa falta da.
Bestelakoen artean, beti izaten dugulako zer ikasi, Mendi meteorologiari buruzko ikastaroaren berri eman nahi dizuegu, Besaiderekin egingo denez, jarraian duzue informazio gehiago. Besaide Mendizale Elkarteak Mendi Meteorologoari buruzko ikastaroa antolatu du. Gloria Latasa izango da irakaslea, klimatologian eta meteorologian espezializatua dagoena. Ikastaroa ekainaren 1, 8 eta 17an burutuko da arratsaldeko 18:30 etatik 21:00 etara, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan. Prezioa: 40 euro bazkideak eta 45 euro ez bazkideak. Izen emateak: gaur eta bihar, Besaide Mendi Elkartearen egoitzan (Garibai 3, 943 77 30 66), 19:30etatik 20:30etara.
Alfredo Villar aurkitu dute, Tolosako (Frantzia) ospitale batean dago. San Juan de dios ospitale psikiatrikoko Alfredo Villar gaixo arrasatearra aurkitu dute. Senitartekoen bozeramaile Andoni de Bedialaunetak jakinarazi duenez, Frantziako Tolosa hirian dago, bertako ospitale psikiatriko batean. Familiak oraindik ez daki zein den ospitalearen izena.
Etxeko txikienentzat ere bada zer apuntatu asteburu honetan. Txatxilipurdik haur eta gurasoendako jolas tradizionalak antolatu ditu. Maiatzaren 22an, zapatuan, egingo dira haur eta gurasoendako jolas tradizionalak 11:30etik 13:30era, Santamañako ludotekan. Txatxilipurdiren helburua da, familia bidezko hizkuntza transmisioa lantzea. Oraingo honetan, aspaldiko jolasekin (peontza, txapak, kanikak, txingor jolasa, kromoak…) aritzeko aukera izango dute 3-12 urte bitarteko haurrek eta hauen familiek.

Aretxabaletako Aratz elkartea txapelarekin
Atzegiren filme labur lehiaketa irabazi du Aratz elkarteak. Atzegik antolatzen duen filme laburren 3. lehiaketako irabazlea izan da Aratz, Aretxabaletako Atzeratuen aldeko elkartea. ‘Are-Baleko Sekretua’ izeneko lana aurkeztu zuten aretxabaletarrek eta aurreko edizioan moduan sari nagusia irabazi dute oraingoan ere.
Autoetako lapurretek ez dute etenik. Aparailu elektrikoak eramateko asmoz autoetan egiten diren lapurretek ez dute etenik. Kaltetuetako batek adierazi duenez, eguazten goizaldean gutxienez lau autotan sartu ziren lapurrak eta guztietan eraman zituzten musika erreproduzigailuak.
Trafikoko Lege berriak eragina izango du Arrasaten ere.
Mariasun Pagoaga aktorearen “80 egunean” filma jada izan du bere aurre estreinaldia eta asteburu honetan zinema aretotan egongo da ikusgai.

Musakolako jaiak
San Isidro jaiak igaro berri diren honetan, ez ditugu atzean utziko eta oroimenean gordetzeko erretratua ekarri dugu. 170 lagun bildu ziren herri bazkarian eta festak egun guztian zehar iraun zuen.
Aurrera begira jarriko gara eta ekainean ospatuko den ekitaldi berezirako prestaketak egiten jarraituko dugu. Mintza Egunerako bazkarirako txartelak salgai baitaude.
Igor Leturia: Hizkuntza Teknologiaz ari da hurrengo bideoan ETBko Nick dut nik saioan.

Igor Leturia
Asteburuan kontzertuetaz gozatzeko aukera egoten denez, Arrasateko Anger taldearen jarraitzeek Etxarrira joan beharko dira. Arrasateko Anger taldeak kontzertua eskainiko du igandean, 19:00etan, Etxarriko plazan. Arrasateko taldeak hamar urtetik gora darama sormena landuz; hamarkada bat erritmo oldarkorrak eta melodikoak uztartuz. Metal kutsuko doinu gogorrak lantzen hasi zen eta poliki-poliki bestelako sonoritateetan murgildu da laukotea.
Musika gehiago!!! Arrasate Musikaleko biolinisten kontzertua Arrasate Musikalek hiru kontzertu antolatu ditu datozen egunetarako. Hasteko, gaur ostiralean musika eskolako biolinistek joko dute San Juan parrokian arratsaldeko zazpietako mezaren ostean. Banakako eta taldekako interpretazioak egongo dira. Maitzaren 25ean tronpa eta tronpeta ikasleek kontzertua emango dute Kulturaten (18.00). Eta 27an kitarrako ikasleak arituko dira Kulturateko areto nagusian arratsaldeko 18.30etan hasita.
Goiena Telebistak 2.000 ikus-entzule irabazi ditu urtebetean Debagoienean. CIES erakundeak kaleratu ditu udaberriko neurketaren emaitzak. CIESek Hego Euskal Herriko hedabideen audientziak neurtzen ditu: entzule, ikus-entzule eta irakurle kopurua. Urtean bi neurketa egiten ditu: udaberrian eta udazkenean. Goiena Telebistaren eta ‘Goienkaria’-ren ikus-entzule eta irakurle kopuruak ere neurtzen ditu.
Eskerrik asko guztiagatik eta laster arte.

Zure iritzia