Artxiboa

‘lanbide heziketa’ atalaren artxiboa

Igerilekuak eta Arrasateko ondare eta toponimia

2011(e)ko Apirilak 29 Kaitin Allende Iruzkinik ez

Arrasateko igerilekuetara joateko aukera eta gure ondare zein toponimiaren zainketa dira aste honetan orrialdeko kontu nagusiak.

Denboraldi batez, konponketak egiteko igerilekuak itxita egon ostean, erabiltzaileen haserreak atzean geratu dira, izan ere gure horman Itxaso Apraizek honako oharra utzi zigun: ‘astelehenean, apirilak 26, barruko igerilekuetara joateko aukera debalde gainera!!!‘. Hemen duzu horrenbeste espero zen albistea.

Bestalde, gaurko kontuak utzita, atzera joko dugu eta Eutsi Mondrak egindako ekarpena dakargu: ‘erromatarrak gure herrian ibili ziren. Mondragoeko historialari batek jakinarazi duenez, Alacanteko Unibertsitateko Juan Manuel Abascal katedratikoak ikertu du XIX. mendean San Valerio baselizatik eramandako inskripzio latindarraren jatorria.’ Meatzerrekatik ateratako harria da eta zeharo ahaztuta izan dute. ‘Valerivs tirio dialco votum libens me rito’ esalditik tiraka hasi eta ikerketa egiten aritu da Arrasateko historialaria den Arantza Otaduy Tristanek. Gehiago jakiteko bertan duzu Eutsi Mondrak utzitako albistea.

Eutsi Mondraren emari berri batekin goaz: ‘zergaitik onartzen dugu herritarrok gure ondarearen desagerpena?’ Eutsi Mondrak gure horman eskegi duen argazkia, Ibarretako errotarena da, Polmetasa enpresaren pabiloi berria egiterakoan berriztatua izan behar baitzen. Oso egoera eskasean dago, horregatik dio berak Arrasateko historiaren zati bat berarekin batera galdetzeko zorian gaudela. Errota zahar hau, Martin Bañez-en hilketaren lekuko izan zen, 1448 urtean, Butronek Arrasate erre zuen garaikoa. Honekin batera, Martin Bañezen alarguna zen Sancha Ochoa Ozaetak Mondragoeko lehengo hizkeran esandakoak gorde dira eta guk hona ekarri nahi izan ditugu:

Oñetaco lurrau jabilt icara,

Lau araguioc vere an verala,

Martin Bañes Ybarretan il dala.

Artuco dot escu batean guecia,

Bestean çuci yraxeguia,

Erreco dot Aramayo guztia.

Gehiago jakin nahi baduzu, hemen duzu lotura interesgarria, Eutsi Mondrak gurean utzitakoa.

Historia egiten ari garen honetan, guk ere gure apurra gehitu nahi izan dugu eta atzo, San Prundentzio egunari dagokion garrantzia eman nahian hauxe topatu geneuen: ‘ba al zenekien…Arrasaten ere San Prudencio ere badugula? baita Sanprudentzio idatzita ere, 1.741. urtean jada Arrasaten bertan San Prudencio tokiaren inguruan hitz egiten zen, baita, 1.750ean ere, gaztainadia zegoela esaterakoan, bestelakoak ere badira; zubia, mendiak, eta baita zelaia ere. Informazioa Jose Luis Ormaetxea Lasaga. Arrasateko Toponimia.’

Aurrera goaz aste honetako laburpenarekin eta jarraian Ane Goikoetxearen oharra:gazte Txokoetatik Sendaviva parkera joan dira…’ Askok hitz egiten dute Sendavivara inoiz joan behar dela, oso interesgarria dela eta ikasteko modu berria ere badela. Anek utzitako albistea irakurri nahi baduzu hemen duzu esteka.

Ia errepasoaren bukaerara iritsi gara eta Eutsi Mondraren oharra dakargu: Julio Galarta pintore mondragoetarra 94 urterekin zendu da gaur, apirilak 25. Doluminak familiari eta eskerrak Juliori gure herria pintatzeagatik.’ Gure aldetik ere gauza bera esan nahi dugu eta Eutsi Mondrak utzitako loturarekin gure doluminak igorri nahi ditugu.

Orain, amaitzeko unea iritsi denean, mokadutxo batekin egitea akaso, hobe, Ane Goikoetxeak gure hormara oso galdera tentagarria ekarri du: ‘janari exotikoak gustuko dituzu?’ Askok esango dute, onena txistorra, odolostea eta horrelakoak dira, eta arrazoi dute jakina, baina gure herrian bestelakoetara aukera ere eskaintzen denez, honatx herrian bertan daukaguna.

Momentuz, hemen utziko dugu aste honetako laburpena, hala ere, badakizu, herriko horman edota gure herriko blogean konektatuta jarraitzeko aukera duzula. Eskerrik asko zure parte hartzeagatik eta asteburu ona izan.

Huhezinema arrakastatsua, Arregi kasua, Emakume taldea…

2010(e)ko Martxoak 24 Kaitin Allende Iruzkinik ez

Epa danori!

Hementxe gara beste behin ere, Arrasateko taldeak bere Horman jasotakoen emariekin laburpen mezuarekin.

Asko eskertzen dugu zuok guztion partehartzea, horrela, herrian eta baita inguruan gertatzen denaren berri jasotzen dugu.

Oraindik zure post hori jarri ez baduzu, badakizu itxaroten gaudela eta gainera eskuak zabalik hartuko dugula.

Arrasate herria betidanik egon da komunikazioarekin hartu eman zuzenarekin, eta baita komunikatzaile eta era berean errealizadore, kameralari eta abarrak egunero sortzen eta saritzen. Horregatik izango da? Auskalo, baina inoiz baino filme labur gehiagok parte hartu dute Huhezineman.

Orain, denon ahotan dabilen albiste triste eta gogorrarekin jarraituko dugu San Viatorreko nagusiak dio Arregirena kasu bakarra dela.

Bestalde, gaur, eguaztena, hilak 24, deialdi interesgarria luzatu dute gure Horman bertan: Emakumeen taldea sortzeko batzarra egingo dutelako gaur bertan.

Emakumearen arlotik, orain ikasleen mundura egingo dugu salto. Lanbide heziketaren astea antolatu dute apirilerako ‘Formazioa lanerako zure aukera!’ lelopean.

Honenbestez eskerrak emanez eta zuen partehartzea eskertuz agurtuko gara. Ondo izan.