Orrialde nagusia > Euskara, Kultura, jaiak > Arrasatek festa handi batekin ospatuko du 2011ko Euskararen Eguna

Arrasatek festa handi batekin ospatuko du 2011ko Euskararen Eguna

Arrasatek festa handi batekin ospatuko du larunbatean, abenduaren 3an, Euskararen Eguna; egun horretarako aurreikusita dauden ekitaldiak eta Esne Beltza taldeak prestatutako abestia errepasatuko ditugu, hemendik aurrera, Arrasatek Facebooken duen orrialdearen hesiari begirada bat bota ostean.

Euskararen Eguna, goian gogoratu dugunez, larunbatean ospatuko dugu, abenduaren 3an. Arrasateko Euskalgintzak, hementxe irakurri ahal dugunez, geure hizkuntzaren aldeko festa antolatu du, egun horretarako, “Euskaraz bizi nahi dut” lelopean. Hain zuzen ere, bihar bertan hasiko dira ekitaldi bereziak herrian, larunbateko jaia behar bezala ospatu ahal izateko. Lipdub bat grabatuko da egun horretan, 12:00etatik aurrera, herriko balkoiak eta leihoak euskararen aldeko oihalez jantziko dira, herri bazkaria izango dugu… Primerako eguna izango da! Aldarrikapena, festa eta euskara ahoan!

Arrasateko orrian atzo aipatu genuen moduan, Esne Beltza taldeak abesti bat prestatu du Euskaraz bizi nahi dut kanpaina osorako. Bere titulua, nola ez, “Euskaraz bizi nahi dut” da… Benetan ederra da! Aizue, hau bera izango al da larunbatean grabatuko den lipdubeko kantua?

Gaur arratsaldeko ekitaldi baten berri eman nahi dizuegu jarraian; Maialen Lujanbio bertsolaria elkarrizketatuko du Uxue Alberdik, Kultur Ateko Areto Nagusian, “Emakumeak protagonista” programaren barnean. 19:00etan dugu hitzordua, eta ondorengo hauxe da, orrialdean partekatu dugun bezala, plan eder hau iragartzen duen kartela:

Maialen Lujanbio arratsalde honetan bertan egongo da gurean.

Arrasate | Maialen Lujanbio arratsalde honetan bertan egongo da gurean.

Bukatu baino lehen, gogorarazi nahi dizuegu Arrasateko blog honetan biltzen ditugun testu guztiak zuen posta elektronikoan jasotzeko aukera duzuela, Arrasateko blogerako harpidetza eginez gero. Oso erraza da, eta, jakina, herrian gertatzen denaren berri izateko modurik onena da, animatzea espero dugu ;-) .

Horrexekin amaituko dugu gaurkoz; eskerrik asko, beti bezala eta egun gutxi barru izango dugu elkarren berri, berriro, blog honetan. Agur bero bat, eta ondo izan!

  1. Momentuz ez dago iruzkinik.
  1. Momentuz aipurik ez.