Artxiboa

Urria, 2011 (r)entzako artxiboa

Arrasaten etxe bat erre da telebistak eragindako sutearen ondorioz

2011(e)ko Urriak 28 Libe Mimenza Iruzkinik ez

Arrasateko Zarugalde kaleko etxebizitza bat erre zen atzo arratsaldean sortuko sutearen ondorioz. Arrasateko orrian bildutakoari jarraiki, horixe izango da aste honetako laburpenaren lehen protagonista, has gaitezen!

Jesus Elorduik partekatu du atzo arratsaldean sorpresaz harrapatu gintuen albistea, hementxe irakur dezakezue. Zarugalde kaleko etxe baten azken soilaruan piztu zen sua eta kaltetuek kontatu dutenez, telebistan izan zuen sorburua. Bertan bizi zen bikotea onik atera zen, sua piztu bezain pronto ohartu omen ziren eta ziztu bizian alde egin zuten kalera. Hori bai, suak guztia erre du baina zorionez, ez du kalte pertsonalik eragin.

Musika kontuak zeharo errotuta daude gure herrian, horren adierazle aste honetan, ETB-3 kateko Sut&Blai saioan, Repelencia taldeari egindako erreportajea. Ikusi al dituzue Imanol, Unai eta Sergio? 12 urteko hirukoteak argi dauka musika atsegin duela eta ondo pasatzeko hartu dituztela instrumentuak eskuetan, a zer ekarria duten gainera! Hauekin etorkizuna ziurra izango da! :-D Hona hemen, Repelencia taldea Sut&Blain:

Duela astebete, urriaren 21ean, Arrasate eta inguruko emakumeentzat Kafe Tertulia antolatu zuen Emakume Txokoak Seber Altube plazan. Arratsaldeko 17:00etan izan zen hitzordua, feminismoaren ekarpenak eta erronkak izan zituzten berbagai. Zer deritzozue ekimenari, bertaratu al zineten? Zuentzat zeintzuk dira arrasaten lehentasunez garatu beharreko erronka feministak?

Arrasateko erronka feministen inguruko kafe tertuliaren kartela

Arrasateko erronka feministen inguruko kafe tertuliaren kartela

Eta aste honetako laburpena amaitzeko Sustatuk argitaratutako albistea aukeratu dugu. Pasadan astean, Arrasateko orrian komentatu genizuen bezala, gure mugetatik kanpo ere interes handia eragiten du Mondragon korporazioak, horregatik, Ameriketako Estatu Batuetako Moving Images produktora independenteko hiru kazetari kooperatibak bisitatzen aritu dira azken egunetan eta dokumentala egingo dute. Hementxe albiste osoa irakurgai.

Gaurkoz besterik ez, jakizue datorren astean berriz ere bilduko ditugula Arrasateko Facebookeko orrian esandako guztiak. Orain, zuena da hitza! Elkarbanatu albisteak, argazkiak, kexak, iradokizunak… nahi duzuena. Parte hartu! Bitartean, ongi pasa asteburua arrasatearrok, batzuentzat luzea izango da gainera ;-) Ongi izan eta laster arte!

Arrasate eta inguruko emakumeentzat Kafe Tertulia antolatu du Emakume Txokoak urriaren 21ean, ostirala, Seber Altube plazan. Arratsaldeko 17:00etan izango da hitzordua, feminismoaren ekarpenak eta erronkak izango dituzte berbabide. Zer deritzozue ekimenari, zuentzat zeintzu dira arrasaten lehentasunezko erronka feministak?

Arrasate prest: 3,2,1… Maritxu Kajoi 2011

2011(e)ko Urriak 6 Libe Mimenza Iruzkinik ez

Arrasateko Maritxu Kajoi 2011 jaia bihar da! Egitaraua, kartela eta kantua prest daude urriaren 7rako. Maritxu Kajoi batzordeko kideek elegante joateko eguna antolatu dute aurten ere eta egun baten faltan… arropak ere zain dauzkagu, bai ezta?

maritxu_kajoi_2011

maritxu_kajoi_2011

Egun hauetan zehar, Arrasateko orrialdean ere Maritxu Kajoi izan da protagonista. Beste behin iristear da egun handia eta arrasatearrak prest gaude biharko jai eleganterako. Aurten erregutu egin behar izan diogu piskat baina heldu da azkenean, zazpi urte dira ez zela horren berandu heltzen.

Atzo orrialdean partekatu bezala, eguraldi iragarpenak giro kaskarra aurreikusi du. Zeruan hodeiak nagusituko omen dira eta euria ere egin dezake hala ere, jaia izango da nagusi. Ana Martinek hala dio: ‘Arrautzak zeini bidali behar dira??? euririk ez!!!!‘ Guk ere horixe nahi genuke, baina arrasatearrok ez gara beldur, berokiak jantzi eta festara batuko gara. Hementxe uzten dizkizuegu iazko irudi batzuk, eta bihar ere, Luciak Arrasateko hesian esan bezala, dotore jantzita elkartuko gara, bai horixe!

Arrasateko Maritxu Kajoi 2011ko egitaraua bete-bete dago, ohi bezala ez dago etxetik ez urtetzeko aitzakiarik. Goizeko zortzietan hasiko da eguna etxafleruekaz eta goizaldeko ordu txikitararte izango da non gozatu. Oraindik zer eta non dagoen ez baldin badakizu, hementxe daukazu Maritxu Kajoi 2011ko egitaraua oso-osorik.

Aurten data borobila da, 35 urte beteko ditu jaiak, horregatik abesti berria egin diote arrasatearrek Maritxuri. Betiko Maritxu nora zoaz? kantu tradizionalaz gain, aurten Maritxu Kajoi kantue ere abestuko da biharko egunez. Horrexekin agurtuko dugu gaurko laburpena, zuek, atera argazki kamarak eta bidali Maritxu Kajoi 2011ko argazkiak eta oroz gain, ikaragarri ondo pasa biharko eguna. Gora Maritxu kajoi 2011! Gora Arrasate!!!