Orrialde nagusia > Aisia, Kultura, albistea, filme laburra > San Joanak, gimnastak, atletak, Asier Altuna, udal zerbitzuak, Udaixe…

San Joanak, gimnastak, atletak, Asier Altuna, udal zerbitzuak, Udaixe…

Kaixo guztioi!!!

Bihar jada, San Joan bezpera ospatuko dugu eta horrekin batera, iazko urte osoan zehar kezkatu gaituztenak atzean utziko ditugu.

Papertxo batean idatzi eta sutara!!!!

Hemen dugu, jaietan buru belarri sartu aurretiko laburpena, Arrasateko Orrialdeak daukan hesian jasotakoen bilduma prest dago beraz.

San Joanak 2010 kartela

San Joanak 2010 kartela

Haur dantzarien egunean, 400 ume izan ziren dantzan. Iparraldekoak izan ezik, gainerako herrialdetatik etorritako dantza taldeen ordezkariak elkartu ziren Arrasaten; Otsagabia, Aramaio, Durango, Legazpi, Pasaia, Soraluze, Oñati, Aretxabaleta eta Antzuolako gaztetxoak izan ziren zehazki. Gehienak, beraz, gipuzkoarrak.

Urte guztian ikasitakoak praktikan jarri zituzten Dragoi gimnasia taldeko neskek egubakoitzean. Lagunen eta gurasoen aurrean ibili ziren; erakustaldia amaitzeko gutxi falta zela euria hasi zen eta uste baino lehenago bukatu behar izan zuten.

Hiru urre ekarri dituzte arrasatearrek Espainiako atletismo txapelketatik. Maialen Axpek pertika saltoan urrea irabazi zuen, 3,65 metroko saltoa eginda. Iñigo Uribarrenek ere urrea salto hirukoitzean, 14,60 metroko saltoa eginda. Salto hori haizea aldeko zuela egin zuen, bere marka onena 14,26an dago. Azkenik, Euskadiko 4×100 errelebo lasterketan urrea lortu zuen Eukene Dorronsorok parte hartu zuen laukoteak.

Badatoz  San Joanak: koadrilen bazkarian lepo beteko da gaztetxea, eta ez dago guztiendako txartelik. Heltzear dira San Joan jaiak eta gogor hasiko diren itxura dute. Izan ere, koadrilen bazkarirako txartelak salgai jarri bezain pronto agortu ziren eta askok ezin izan dute txartelik lortu. Txartela lortu ez dutenen artean, gazte batzuek kexa azaldu dute, diotenez, txartel asko “erreserbatuta” zeudelako. Kontuak kontu, eguaztenean, hau da, San Joan bezperan, giro paregabea ziurtatuta dago, egun osoan.

"Mondra"ko diseinua ikuzkizun. Argazkia: Goiena

"Mondra"ko diseinua ikuzkizun. Argazkia: Goiena

‘Mondrako’ diseinuak ikuskizun bilakatuta. 3 aretoa beteta, Amaia Albes eta Ane Garaik egindako lana txalo artean hartu zuten. Arrasateko moda urbanoa eta rockeroa ekarri zuten ibiltokira gazte arrasatearrek. Guztira, 13 jantzi eta sorpresa bat: ‘body painting’-a zeraman kutsu mitologikodun modelo bat…

Pilota San Joanetan herrian bertan. Irujok Barañainen, Sopelanan, Arrasaten eta Mungian jokatuko du ostegunetik asteartera bitarte.


Bergarako zinegile ospetsua lanean ari da beste behin ere, atsedenik hartu barik dabil “Kixi”. Asier Altuna ‘Artalde’ film laburra Bilbon filmatzen hasi da.  ‘Artalde’ pelikularen filmaketa hasi da. Protagonista Pako Sagarzazu aktorea da. Donostiarrak artaldea galdu duen artzainaren rola beteko du eta inguruan dituen herritarrak deituko ditu pertsonez osaturiko artaldea osatzeko.

Herritik hirira egun pasa joaten direnentzat ere proposamen interesgarria topatu dugu: Iñigo Arregi eskultorearen lanak Donostian daude ikusgai.

Datu demografiko gaurkotuak ere jaso ditugu hileon, eta hemen dituzue: Arrasatek 22.011 biztanle ditu.

Esther Martinek horrela idatzi du Arrasateko Orrialdeko Hesian: “Laster San JuanaK! Ondo pasau…..”

Carlos Fernandez Secok ere parte hartu du eta zera dio berak: “my village”

Udal zerbitzu batzuk itxi egingo dituzte datozen egunotan, jaiengatik. Datozen jaiegunei begira Udalak gogora ekarri gura du udal zerbitzu batzuek ordutegi bereziak izango dituztela.

Uztailean herrian geratuko diren gaztetxoek ez dute aspertzeko aitzakiarik: Udaixe dator, bosgarrenez. Txatxilipurdik prestatutako planekin etxeko handiek lana egiten duten bitartean, gaztetxoek ere elegante!

Eskerrik asko zuon kolaborazioagatik eta laster arte agurtzen gara.

Ondo pasatu San Joanak eta laster laburpen berezi gehiago izatea espero dugu.

  1. Momentuz ez dago iruzkinik.
  1. Momentuz aipurik ez.